ALBISTEAK

BEASAIN KIROL ELKARTEAREN DENBORALDI HASIERAKO FESTA IRAILAREN 13, 14 ETA 15EAN

Futbola herrian txertatu eta honela zaleak eta harrobia indartu asmoz badator 2019ko Beasain Futbol Festa

Haurrak protagonista diren jai honetarako izenematea irekita dago eta parte hartu nahi duten haurrek Xerbera tabernan, Seguros Bilbaoren egoitzan eta Igartza Futbol Zelaiko tabernan aurkituko dituzte izena emateko orriak

Ikasturtearen hasierarekin batera itzuliko da Beasainera ohi bezala Beasaingo Futbol Festa.

Irailaren 13, 14 eta 15an burutuko da Beasaingo Loinazko San Martin plazan. Azken orduko pilaketarik eman ez dadin izena emateko epea irekita dago jada. Horretarako, ondorengo leku hauetan aurkitzen dira bete behar diren izena emateko orriak: Seguros Bilbaoren bulegoa (San Inazio kalean), Xerbera taberna (Geltoki ondoan) eta Igartza Futbol Zelaiko taberna.

Asteburu osoa iraungo duen festa honetan futbola herriaren bihotzera ekartzea da helburu nagusia eta hori aprobetxatuz egitarau oparoa antolatu du Beasain Kirol Elkarteko zuzendaritza taldeak. Ostiralean zuzenean Urkiola jatetxetik zuzenean eskainiko den Onda Vascako La movida deportiva irratsaioarekin emango zaio hasiera asteburu osoko jaiari. Haurren partiduak arratsaldeko lehen orduan hasiko dira eta asteburu osoan etengabe jokatuko dira igandera bitartean. Iluntzean Beasain KEko taldeen aurkezpena egingo da. Bitartean zer jan eta zer edan izango da bertan jarriko den taberna eta jatetxearekin; pintxoak, janaria eta paella erraldoia sukaldatuko da igande eguerdian. Haurrentzako tailerrak ere egingo dira (ikus egitarau osoa).

Haurren partiduei dagokionez, adinen arabera maila ezberdinetan egongo dira banatuta partiduak. Eta gogoratu parte hartzaile guztiei banatuko zaiela aurtengo edizioko oroigarria eta kamiseta azken egunean.

Futbola herrira

Urteroko legez, Beasain Kirol Elkarteak antolatzen duen jaialdi honekin futbola herritartzeko asmoa bete nahi da. Herriaren erdigunean, plaza nagusian, bi futbol zelai txiki jarrita txikienei futbolaren “harra” barneratu nahi zaie etorkizuneko Beasain Kirol Elkarteko jokalari edo zale izateko helburuarekin.