ALBISTEAK

BeFF2018 – BEASAIN KE-ren denboraldi hasierako festa: Futbola herrira

Izenemate kopuru handiena aurtengo edizioan

680 haurrek eman dute izena 3 x 3 futbol partiduak jokatzeko, inoiz eman den parte hartzerik handiena gaurdaino
Beasain Kirol Elkarteak bere maila guztietako taldeak aurkeztuko ditu hiru egun iraungo dituen festan eta jolasak, otorduak, zozketak, zuzeneko irratsaioa eta paella erraldoi batek osatuko dute “futbola herrira” lelopean antolatzen den egitaraua.

Behin izena emateko epea itxita marka guztiak hautsi ditu aurten Beasain Futbol Festaren izenemateak. Guztira 680 haurrek eman dute izena, horietatik 185 neska eta 495 mutil, ondorioz jokatzen 161 talde izango dira. Jasotako datuen arabera, iaz baino 52 haur gehiago eta duela bi urte baino 100 gehiago. Beasain Futbol Festa osasunez ongi jarraitzen duela adierazten du honek.

Zortzigarren edizioa da aurtengoa eta garbi dago futbola herriaren bihotzera ekarriz harrobia indartzeko eta sustatzeko helburuari tinko eusten diola Beasain Kirol Elkarteak. Hori horrela, festa hau borobiltzeko egitarau ahalik eta erakargarriena antolatzen du. Hiru egunez etengabe jokatuko diren partiduak ostiral arratsaldean hasi igande arratsaldera arte iraungo dute. Aurtengo datak irailaren 14a, 15a eta 16a izango dira.

Ostiral arratsaldean 16:00etan emango zaie hasiera partiduei baina horren aurretik Onda Vasca-ko “La movida deportiva” kirol irratsaioa zuzenean eskainiko du eguerdian Iñaki De Mujika kazetari ezagunak Urkiola erretegitik. Beasain Kirol Elkarteko entrenatzaile eta presidenteaz gain, eskualdeko kirolari ezagunenak izango ditu gonbidatu. Egun berean iluntzean, Beasain Kirol Elkarteko talde guztien aurkezpena egingo da plazan.

Larunbata eta igandean etenik gabe jokatuko dira partiduak baina festa borobiltzeko egitarauan, haurrentzako jolasak, zer edan eta zer jan, saski erraldoi baten zozketa eta igandeko bazkari herrikoirako paella erraldoia antolatu dira. Festarekin amaitzkeo, igande arratsaldean parte hartu duten haur guztiei oroigarri gisa aurtengo domina banatuko zaie. Honetaz gain ere festaren kamiseta jasoko du haur bakoitzak.

Futbola herrira

Urteroko legez, Beasain Kirol Elkarteak antolatzen duen jaialdi honekin futbola herritartzeko asmoa bete nahi da. Herriaren erdigunean, plaza nagusian, bi futbol zelai txiki jarrita txikienei futbolaren “harra” barneratu nahi zaie etorkizuneko Beasain Kirol Elkarteko jokalari edo zale izateko helburua lortzeko, azken batean Beasaingo futbolaren harrobia sustatu nahi da eta.