HISTORIA
Beasain Kirol Elkartea. Atzokoak eta gaurkoak ( mende bateko historia )
* Klubaren mendeurrena ospatzeko liburua deskargatzeko sakatu hemen.
Denboraldietako kronikak
Denboraldietako kronikak Josean Saiz-en eskutik
Hastapeneko lehen urteak
XX. mendearen hasieran, Beasainek bi mila biztanle pasa zituen. 1904ko abenduaren 8an, Quintin Altolaguirre buru zela, Casino de Beasain elkartea sortu zen. Hasieratik, jolas-jarduerak, kultur ekintzak eta dibertimendurako jarduera ugari antolatzen ziren; lehen urteetan batez ere, antzerkiari, herriko jaiei eta 1909tik pilotari eskainitakoak nabarmendu behar dira, azken honek jarraitzaile asko bait zituen.
Anekdota gisa, esan beharra dago sorreraren urteak hasieratik eztabaida handia piztu zuela, 1905eko ekainean Casinoko lokal berriak inauguratu baitziren. Horregatik, urteurren ospakizunak aldatuz zihoazen. Adibidez, 1909an laugarren urteurrena ospatu zen. Hala ere, 1913an bederatzigarren urteurrena ospatu zen. Baina 1927an, gutunen idazpuruek “1905ean sortua” adierazten zuten.
Mendearen bigarren hamarkada iritsi zenean, lasterketak izan ziren protagonista, bai korrika, batez ere mendian, baita bizikletan. Pilota kirol herrikoiena izaten jarraitzen zuen arren, urte urrun haietan oraindik ez zegoen futbol antolatuaren berri. Baina, noski jakina zen kalean edo herritik gertu zeuden zelaietan jokatzen zela.
Ikusten ari garen bezala, Casinoa kirolaren ikurra zen Beasainen; proba atletikoak, txirrindulari probak edo pilota partidak antolatzeaz gain, bere aretoan film emanaldiak eta dantzaldiak antolatzen ziren. Hala ere, mendearen bigarren hamarkadako lehen urte hauetan, Casinoa ez zen erregistroan alta emanda zegoen udalerriko kirol elkarte bakarra. 1913ko abenduaren 24tik aurrera, herrian Club Deportivo Beasain zegoen. Gazteez osatua, Casinoarekin bazuten harremana eta beren kirol jarduerak aurrera eramaten saiatu ziren. Baina Udalaren laguntzarik ez zuenez, zailtasun ekonomikoak eraginda ez zuen dinamismo handirik izan.
1916ko uztailean, Udalak Compañía de Caminos del Norte de Españarekin gestioak egin zituen, udalerriari futbolean aritzeko lursail batzuk azpierrentan emateko. Baina ekimen hark ez zuen aurrera egin, enpresak ezezkoa eman baitzion trenbidearen bidegurutzeko arriskua argudiatuz, eta beraz, oraindik hiru urte itxaron behar izan ziren.
Sempere ernamuina
Jauzi handia 1919an eman zen, Emilio Bernis Compañía Auxiliar de Ferrocarrileseko (CAF) zuzendariak enpresaren lursail batzuk laga zituenean Senpere auzoan. Hortik, Beasain, Ordizia eta Lazkaoko gazteek apirilaren 27an Sociedad Deportiva Sempere eratzeko oinarria ezarri zuten, Ramón Paz CAFeko zuzendari gorena buru zela.
Futbola gazteen kirol gogokoena bihurtu zen berehala, eta Senpereko zelaia erdigunea. Egun horretan bertan, 1919ko apirilaren 27an, lehen partida jokatu zen Senperen, Beasain eta Ordiziako bizilagunen artean, Cerrajeria eta Luzuriaga kapitainak zirela hurrenez hurren, eta ez da emaitzaren berririk jaso. Handik gutxira, beste klub bat sortu zen, Beti Bizi, eta Senpereko zelaia erabiliz, hurrengo hamarkadara jauzia egin zuen.

Beasainen futbolean jokatu zuten lehenengo gazteen artean argazkian ageri direnak daude: Jose Aramburu, Inocencio Aguirre, Miguel Cerrajeria, Damaso Urteaga, Juan Urteaga, Gregorio Cerrajeria, Jose Zufiaurre, Gil Iturrioz, Doroteo Aguirre, Joaquin Urteaga eta Policarpo Iturrioz. Gehienak 191 eta 1922 bitartean joaktu zuten SD Sempere elkarteko futbol taldean aritu ziren. “SD Beasain KE: atzokoak eta gaurkoak de ayer y de hoy” liburutik
Hogeiko hamarkada
Hogeiko hamarkadaren hasieran, hika mikak sortu ziren SD Sempereko kide batzuen artean, eta Lagun Artea taldea sortu zen. Baina ez zuten gehiegi iraun, eta bi elkarteak 1922ko udaberrian desagertu ziren. Beasainen, urte pare bat lehenago, beste elkarte bat ari zen indarra harzen; Beasain Foot-ball Club, 1920ko abenduaren 24an gazte talde batek sortua.
Elastiko gorria zeraman talde honen hastapenak zailak izan ziren ekonomiari dagokionez, baina futbolean jokatzeko asmo sendoa zuten. Lehen partida 1921eko otsailean jokatu zuen Senperen, Beti Biziren aurka. 1921. urtearen amaieran, Ernesto Poignón, CAF enpresarekin harreman bikaina zuen pertsona, iritsi zenean hasi zen kluba benetan aurrera egiten.
Beasain Foot-ball Club
1922an Lagun Artea, SD Sempere eta Beti Bizi desegin zirenean, Beasain Foot-ball Cluba , (hainbat bazkide kanporatuz amaitu zen barne krisi baten ondoren egonkortasuna lortzean) bertako ordezkari bakarra bihurtu zen. Arestian aipatutako klubetako kide asko Beasain FCn sartu ziren. 1925 aurretik beste klub batzuk eratu ziren, hala nola Unión Deportiva Beasain eta Aurrera, baina bietako inork ez zuen iraun.
Doroteo Aguirre buru zela, urte horretan bertan eman zuen izena Beasain FCk Gipuzkoako Federazioan eta Bigarren Mailan kokatu zuen. Honela bada, 1922-23 denboraldian C Seriean jokatu zuen, hurrengo denboraldietan bezala. Gainera, lagunarteko eta ongintzazko partida asko jokatu zituen, eta berehala sona handia hartu zuen probintzian.
1924ko martxoan Realaren bigarren taldearen aurka jokatu zuen Atotxan. Porrota itzela izan arren, 8-1, garaiko prentsak adierazitakoaren arabera taldea oso gustukoa izan zen, batez ere Paco Elzo atezaina. Urtebete geroago, donostiarrek bisita itzuli zieten, Senperen jokatuz eta oraingoan garaipena ere errepikatuz (0-2). Irunen ere Amute zelaian, Real Unionen (urte hartako Espainiako txapelduna) bigarren taldearen aurka jokatu zuten han ere galduz (7-2). Klubak hazten jarraitzen zuen, eta futbolaz haraindik bazen besterik, ez ahaztu txirrindularitza, pilota, lasterketak eta alpinismoa.

Beasain taldearen bi argazki 1924 ingurukoak
Casino Recreativo Beasain FC
1925ean, Beasain FCren ibilbide bikainari zerbait falta zitzaion: egoera oneko egoitza sozial bat. Bestalde, Casino Recreativoarentzat kirol-klub nagusia edukitzea itzela zen, elkarte berean dibertimenduzko eta kirolarekin lotutako elementuak batzen ziren. Bi zuzendaritzen arteko harremana ona zenez, 1925eko martxoan erakunde bakoitzak bere bazkideen artean bozkatu zuen bi elkarteen bat-egitea berria eratzeko. Bi erakundeetako bazkideek proposamena gehiengoz onartu zuten eta horrela elkarte berri bat sortu zen apirilean; “Casino Recreativo Beasain FC”.
Lehenengo presidentea Emilio Poignón aukeratu zuten, presidenteordea Luis González, idazkaria Doroteo Aguirre eta diruzaina Pedro Lasa. Ignacio Cortés arduratu zen kirol atalaz. Casinoa zaharragoa zenez, herritarren artean errotua zegoen Casinoa elkarte berriaren sorburua zelako ideia. Maiatzaren 13an, elkartea Gobernu Zibilaren Elkarteen Erregistroan inskribatu zen, eta CR Beasain FC indar handiz jaio zen.

Beasain taldea hogeigarren hamarkadaren bigarren erdian
Urrezko garaia
1925-26 denboraldian C seriean Tolosako Barrutiko txapelduna izan zen, nahiz eta mailaz igotzea lortu ez. Hurrengo denboraldian txapeldun izan zen berriz ere 1926-27an, Pasaiaren aurkako garaipen historikoarekin; izan ere, hilabete batzuk beranduago B Serieko Espainiako txapeldun izan bait zen talde pasaitarra.
Igoera fasean garaipen errenkada erdietsi zuen talde bagoneroak. Porrot bakarrarekin, bere kategoriako Gipuzkoako txapeldun izateaz gain B Serierako igoera lortu zuen. Denboraldi amaierako azken partiduan Senperen garaipena lortu ondoren, Udalak, Udal Banda jarri zuen frontoian emanaldia egin zezan. Kasinoa apaindu eta bandera jarri zen, eta festetan igoerako heroiei ohorezko oturuntza eman zitzaien.
Jaio zenetik, CR Beasain FCk kamiseta zuria edo txuri-urdina eta galtza urdinak tartekatzen zituen. 1927-28 denboraldian Bergarako Barrutiko txapelketa irabazi zuen. Polemikarako, Maalako partida, Mondragonen aurka. Epaileak etxekoen aurkako penalti bat adierazi zuenean, sarrailagileen kapitainak protesta egin zuen eta kanporatua izan. Taldekide guztiek lagundu zioten eta partida bertan behera geratu zen epailearen aurkako liskar ikaragarri bat tarteko.
Bagoneroek Donostiako Amaikak Bat, Andoaingo Euskalduna eta Logroñoren aurka jokatu zuten igoera fasea. Ehun jarraitzaile baino gehiagok babestu zuten taldea Logroñon eta etengabe animatu zuten Las Gaunasen. Itzuleran, Logroñok Senperera egin zuen bisitan, festa eguna izan zen Beasainen. Garaipena Beasainentzat izan zen 3-2. Garaiko kronikek garaipen hura Klubaren historiako garrantzitsuenetzat jo zuten, Real Sociedad eta Real Unionek jokatzen zuten A Seriera igotzea lortu ez bazen ere. Hala ere, denboraldia aparta izan zen. Beasaingo futbolaren urrezko garaia zen.

Beasain 1927-28 denboraldian. Ezkerretik eskuinera: Eloy, Arrillaga, E. Aramburu, Txopeitia, Cacho, Balzola, Elzo, Suárez, Arguiñano, ezezaguna eta Belauste

Beasain eta Villafranca taldeen arteko lagunarteko partidua Semperen 1920ko hamarkadaren bigarren erdian
Lehen entrenatzailea
1928-29 denboraldian Roman Unanua Real Zaragozako kapitain ohia Beasainek fitxatu zuen entrenatzaile-jokalari posturako. Bagoneroen taldeko lehen entrenatzailea izan zen. Ordura arte postu hori ez zen Beasainen bete eta egia esan ia talde bakar batean ere ez. Gainera fitxaketa gehiago iritsi ziren eta Beasainek talde indartsua aurkeztu zuen B Serieko Preferente multzoan jokatzeko.
Txapelketako garaile ez izatea, eta “soilik” hirugarren postuan geratu izanak (igoerako promozioan izandako emaitza txarrengatik), nolabaiteko etsipen kutsua eragin zuten. Alabaina egiari zor, denboraldia ona izan zen. 1929-30ean, Senpere eraberritu zen; zelaiaren zabalera handitu zen eta hainbat hobekuntza lan egin ziren. Elzo atezaina eta Belauste aurrelaria baja izan ziren arren, taldea oso lehiakorra izan zen berriro, bosgarren izan baitzen ligan eta historiako lehen Gipuzkoa Kopan bagoneroak hirugarren izan ziren Realaren eta Tolosaren atzetik.
Hogeita hamarreko hamarkada
Hogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, CR Beasain FCk oso une ona bizi zuen. Futbolaz gain, elkarteak pilota partidak, korrika lasterketak eta txirrindulari lasterketak antolatzen zituen, eta mendizaletasuna bultzatzen zuen. Kirol edo jolas jarduerez gain, kultur jarduerak ere egiten dira; hala nola antzezlan emanaldiak eta liburutegirako diru bilketa, gizarte-ekintza garrantzitsu bat betez.
1930eko irailean CR Beasain FCk 400 bazkideen muga gainditu zuen 5.260 biztanleko herri batean. Hala ere, 1930-31 denboraldia Venancio Iraola “Txopito” beasaindar jokalari gaztearen heriotzak markatzen du. Bere omenaldiaren egunean, Senperen, Realaren bigarren taldeak jokatu zuen. Beasainek lortu zuen garaipena (3-2).

partiduan parte hartu zuten jokalarien irudia
Denboraldi horretako beste alderdi garrantzitsu bat B Serieko Preferente kategoria desagertzea izan zen. Beasainek bidegabea zela uste zuen, zelaian lortutakoaren zati bat bulegoetan galtzea suposatzen baitzuen. Talde indartsuagoek fitxatu nahi izan zituzten jokalarien inguruko zurrumurruak gorabehera, aparteko beste denboraldi bat izan zen. Azkenean Elicegui bakarrik fitxatu zuen Real Unionek.
Beasain Gipuzkoako txapelduna izan zen B Seriean, baina ez zuen A Seriera igotzea lortu. Denboraldia herrian oso maitatua zen Jose Arguiñano kapitain eta erreferenteari egindako omenaldiarekin amaitu zen. Villafrancaren aurkako partida jokatu zen, Beasaingo jokalari ohien eta inguruko beste batzuen partehartzearekin, Goiburu internazionala kasu, garai hartan Bartzelonako jokalaria zena.
1931-32 denboraldian, Beasainek berriz ere jokalari garrantzitsuen bajak izan zituen, goi mailako beste talde batzuetara joan bait ziren. Profesionalismoa ofiziala zen 1926tik Espainian, baina kategoria honetan gorakada handia izaten ari zena ezkutuko ordainketen bidezko amateurismo faltsua zen. Beasain bezalako kluben egoera gero eta zailagoa zen. B Serieko Bergarako Barrutiko txapelketa irabazi zen berriro, baina igoera fasean ezin izan zen igo ekonomikoki indartsuagoak ziren taldeen aurka.

Beasain ez ezik, lagun-koadrilek osatutako hainbat futbol talde ere izan ziren herrian. Argazkian Lagun Artea ageri da. 1920ko hamarkadaren bukaeran eta 1930koaren hasieran jokatu zuen eta 1930-31 denboraldian Gipuzkoako Txapelketa Erregionaleko C taldean parte hartzera iritsi zen. Kideetako batzuek Beasain Taldean jokatu zuten geroago. Ezkerretik eskuinera: P. Aramburu, Ezcay, De Miguel Tudurri, Rasputin, Calvillo, La Mona, Mendez, ezezaguna, Mingo, Felipe, Valdivielso eta Polo.
Krisi ekonomikoa eta desagerpena
CR Beasain FCren urte onak 1932an amaitu ziren. Bi urte lehenagotik ekoizpenean beherakada izan zuen CAF enpresak krisi gogorra nozitu zuen. Plantillan zituen bi mila eta berrehun langileetatik mila eta bostehun kaleratu zituen, eta hori kolpe latza izan zen Beasaingo eta eskualdeko ekonomian.
Enpresaren krisia, klubarekin oso lotua, erabakigarria izan zen CR Beasain FCren etorkizunean. 1932-33 denboraldiaren ondoren, ez zegoen dirurik 1933-34 denboraldiari aurre egiteko, eta Gipuzkoako Federazioari ere ezin izan zitzaion kuota ordaindu. Ondorioz, futbol saila desagertu egin zen, ez kluba, aurrerantzean txirrindularitzaren alde egin baitzuen kirol-jarduera nagusi gisa.
Garai hartako prentsak islatu zuen hurrengo futbol albistea, 1935eko azaroan Senperen Villafrancaren aurkako partida iragarri eta hirugarren erregionalean jokatzeko lehiaketara itzuli zenean iritsi zen.
Beasaingo klubik adierazgarriena egon ez zen bitartean, futbolak ekimen berrietan babesa aurkitu zuen. Oso modu apalean, 1933an jaiotako Peña Murumendi eta 1934an jaiotako Iberia FC. Azken hau, 1935eko Klub Apalen Txapelketan parte hartu zuen herria ordezkatuz. Baina 1936an garai hartako egoera politiko tirabiratsuaren biktima izan zen.
Gerra Zibila hasi zenean, borroka gogorren ondoren tropa nazionalek Beasain okupatu zuten 1936ko uztailaren amaieran. Urrian, CR Beasain FCren egoitza konfiskatu zuen Falangek, eta, bere bazkideen ideologia errepublikarra eta liberala ezagututa, kirol-klub historikoari baja eman zion Elkarteen Erregistroan, eta horrek haren legezko desagerpena ekarri zuen. Casinoren aretoa gizarte-laguntzako lanetarako erabili zen. Hiru urte luzez kirola beasaindarren bizitzatik desagertu zen, kasu batzuetan izan ezik; karlistek antolatutako frontoi estaliko pilota partiduak eta falangistek antolatutako txirrindularitza probak, dirua biltzeko asmoz. Era berean, Senpereko zelaian CAFeko langileek konbinatu militarren aurkako futbol partidak jokatu ziren, edo 1938an Irungo Union Clubek Beasaingo eta Villafrancako jokalariz osatutako konbinatu baten aurka jokatu zuen erakustaldia.
1940-44 denboraldiak “Gerraosteko lehen urteak”
Gerra zibila amaitu ondoren, agintariak kirol-lehiaketak itzultzeko baimena ematen hasi ziren. 1939ko udan, eta futbol txapelketak berriro hasiko zirela jakinda, Francisco “Paco” Elzo atezainaren esku utzi zen, Gipuzkoako Federazioa prestatzen ari zen Bigarren Mailako txapelketan lehiatzeko prest zeuden bertako jokalari onenekin talde bat sortzeko ardura. Beasainen jaioa, Lehen Mailan jokatutakoa zen. Gerra hasi eta futbol liga eten zenean Murtzian jokatzen ari zen. Elzok Murtziara itzultzeko aukera izan arren, Beasainen eskaintza onartu zuen eta helburu bikoitzarekin ekin zion lanari: futbola, gerra aurretik bezala, Beasainera itzularaztea eta bestetik herritarren artean adiskidetzeko balio zedila; bere taldean bi gerran elkarren aurka aritu ziren aldeetako jokalariak egongo ziren.
Paco Elzo eta futbolaren berpiztea Beasainen
Beasainek, elastiko zuria eta galtza urdinak jantzita, C.A.F. enpresak utzitako Senpereko zelaian jokatzen zituen partidak. Francisco Elzo bera buru zuela, 1939. urtearen amaieran Beasain Futbol Klub izenarekin eratu zen, eta jarraian Gipuzkoako Federazioan eman zuen izena. 1940ko urtarrila eta martxoa bitartean Tolosako Barrutian Bigarren Mailako klubentzako txapelketan parte hartu zuen, honako talde hauekin batera: Villabona, Ordiziako Chapel-Gorri, Gimnástico Ataun eta Tolosako Ortzadarra. Beasain FC izan zen Liga honetako txapelduna. Presidente eta entrenatzaile izateaz gain, taldeko atezaina eta Beasaingo futbolaren arima ere bazen Elzo. Jarraitzaile beasaindarrek Senperen, bere jokaldi handiak ospatuz berari eskainitako abestiak abesten zituzten. Guzti horrengatik, Senperen beste barruti bateko txapeldun izan zen Mondragonen aurka bere omenezko partida jokatu zen. 10-1 irabazi zuen Beasainek.
Donostiako Reala eta Irungo Real Union Bigarren Mailan jokatzen zutela, Beasain FC Eskualdeko Lehen Mailara igo zen. 1940-41 denboraldian, 1940ko iraila eta azaroa bitartean egin zuen debuta. 1941eko udan, Beasain FCk federatu gabeko jokalarientzako txapelketa bat antolatu zuen, klubeko harrobia aktibatu nahian. Baina beste herri batzuetako taldeei ere irekita zegoen.
S.D. Beasain
Goazen beste gai garrantzitsu batekin, kasu honetan kirol esparrutik kanpo, 1941eko urtarrilaren 1a baino lehen konpondu behar zena. Klubari izena aldatu behar zitzaion atzerritar hizkuntzetan erabiltzen ziren izenak debekatzen zuen Legeari egokitzeko, eta horregatik Beasain Sociedad Deportiva (Kirol Elkartea) izena hautatu zen. Aldi berean, urte bereko otsailaren 6tik aurrera, gobernuaren dekretu batek Elkarteen Erregistroan izena emanda egotera behartzen zituen kirol-elkarte guztiak. Kluba erregistratuta ez zegoenez -gerra hastearekin batera baja eman zioten 36an-, egoera hori legeztatu behar zen. Baina izapide hori 1941-42 denboraldia amaitu arte luzatu zen.
Denboraldi honetan Beasain FC laugarren izan zen. Jokalari onak fitxatu ziren, hala nola Eizaguirre Españolen eta Alavesen aritutakoa, Capdegui Donostiako Esperanza taldean eta Ortega Realean. Taldea indartsua zen, Elzok entrenatzaile izaten jarraitzen zuen baina jada ez zuen atezain postuan jokatzen, gainera txapeldunorde izan ziren Afizionatu mailako Kopan eta Tolosako barrutiko txapeldun Gipuzkoa Kopan, Tolosari Berazubin 2-3 irabazita.
Hurrengo urtean, Beasain FCk egindako beste denboraldi on batez gain, 20ko hamarkadan Beasainen bigarren taldea zenaren izena hartuz, Loinaz taldea agertu zen. Antonio Lamy izan zen entrenatzailea. Bigarren Erregionalean parte hartu zuen, txapelketaren bizigarri izateko helburu bakarrarekin, ez bait zituen puntuak batzen. Hala ere, esperientzia hau ez zen berriro errepikatu.
Estatutu berriak eta kasinoa berreskuratzea
1942. urtearen amaiera eta 1943. urtearen hasiera bitartean, azkenean estatutu berriak izatea lortu zen. Ordurako, klubak hirurehun bazkide inguru zituen, eta batez ere, oso garrantzitsua, ordura arte Falangearen esku zegoen José Miguel Iturriotz kaleko 5. zenbakian zegoen kasinoaren egoitza zaharraren erabilera esklusiboa berreskuratu zen. 11.000 pezetako kreditua lortu zen lokala egokitzeko, eta martxoaren 19tik erabiltzen ari ziren arren, inaugurazio ofiziala 1943ko apirilaren 25ean egin zen, berpizkunde igandean. Bazkalostean lagunarteko partida jokatu zen Senperen Beasain eta Villafrancaren artean.
Bi erditan zatitutako kamiseta zuri eta urdina, eta praka-motz zuriz jantzita, Miguel Cerrajeria presidente zela, SD Beasainek 1943-44 denboraldian ez zuen urte ona burutu; seigarren eta azkena izan zen. Hurrengo denboraldian, 44-45an, asko hobetu eta bigarren izan ziren. Gainera, infantilen txapelketetatik talde bat eratu zen Anselmo Garmendiaren ekimenez, eta Loinaz izena hartu zuen berriro, kamiseta eta galtza zuriekin jantzita jokatzeko lehen denboraldi honetan. Taldea Rayo eta Oriako jokalariek osatzen zuten gehienbat. Partida guztiak irabazi eta txapeldun izan zen. Hain lan bikaina eginda, hasiera batean harremanik ez zuen SD Beasainen laguntzarekin, gastuen zati bat ordaintzen lagundu zien eta Bigarren Erregionalean eman zuten izena.

Bigarren erregionaleko Tolosako barrutiko talde txapelduna 1939-1940 denboraldian Zutik: Palanque, Katxo II.a, Belauste II.a, Elzo, Valdivieso, Esnaola eta Aristeo. Makurtuta: Txetxin I, Dámaso, Uria eta Zabaleta.

Jarraitzaileak Senperen, 40ko hamarkadaren bigarren erdian.

Paco Elzo
1945-46 denboraldia “Kontsolazio kopako txapeldunak”
Presidentea: Luis Mendizabal
Entrenatzailea: Juan Echeverria
Lehen Erregional Mailako parte-hartzaileen kopurua, sei partaideko bi taldetan banatzen zena, handitu egin zen eta talde bakoitzean hamabi talde izan zire. Errioxako taldeekin ere lehiatu behar izan zuten.
Beasainek liga ona burutu zuen, bi zatitan banatutako kamiseta txuri-urdina eta praka txuriz jantzita. Horren adierazle erdietsitako sailkapeneko laugarren postua, baina liga amaitutakoan denboraldiko unerik onena iritsi zen. Kontsolazio Kopa irabazi izana izan zen une hori. Gipuzkoa Kopako finalerako txartela lortu ez zuten talde onenek jokatzen zuten kontsolazio kopa.
Gipuzkoa Kopa 1929-30 denboralditik jokatzen zen txapelketa zen eta Lehen eta Bigarren Erregional mailako talde guztiek jokatzen zuten. Aldundiak ematen zuen garaikurra.
Baina ez gaitezen desbideratu eta goazen finalera. Azpeitian izan zen, leporaino bete zen Garmendipen jokatu zen. Beasainek 2-1 irabazi zion Mondragoni Berriochoa eta Arrospideren golekin.
Beasainek Garmendipen zelairatu zuen hamaikakoa, historiara pasa zen: Elosegui, Aristeo, Txetxin II, Capdegui, Potis, Irastorza, Margareto, Arrospide, Berriochoa, Arguiñano eta Palanque.
Loinaz taldeak Bigarren Erregionalean jokatu zuen, baina jokatutako sei partidetatik bost galdu zituen eta ez zuen hurrengo denboraldirako izena eman.
Beasainen denboraldia zenbakitan: 22 partida, 13 garaipen, 3 berdinketa, 6 porrot; 50 gol alde, 31 aurka; 29 puntu, 4. sailkatua 12 taldeko multzo batean.

Zutik: Aristeo, Palanque, Elosegui, Azurmendi, Potis, Arrospide, Damaso Makurtuta: Chisbin, Capdequi, Mendizabal, Bereciartua.
1946-47 denboraldia “Tragedia Senperen”
Presidentea: Luis Mendizabal / Anselmo Garmendia
Entrenatzailea: Francisco Elzo
Zalantzarik gabe, denboraldi hasiera aparta izan zen Beasainentzat, oroimenerako garaipenekin. Batez ere Larzabalen lortutakoa, gero txapeldun izan zen Pasaiaren aurka. Beasain mailako talderik onena zen, futbolagatik eta emaitzengatik. Txapelketako liderra izan zen lehen zazpi jardunaldietan. Bera zen, ezbairik gabe, txapeldun izateko hautagai nagusia.
Baina bigarren itzuliaren hasieran, 1946ko azaroaren 3ko arratsaldean, tragediak Senpere astindu zuen, hain zuzen ere Pasaia aurkako partiduan. Hilabete batzuk lehenago etorri zen Andoaingo Euskaldunatik Beasainera Maurizio Yarza. Jokalari bikaina zen, baina batez ere, jokalari, entrenatzaile, zuzendari, jarraitzaile eta futbolaz maiteminduta zegoen herri osoaren maitasuna eta miresmena irabazi zuen pertsona aparta. Mauriziok, partidua hasi eta hogei minutura jokaldi batean jasotako kolpearen ondoren, gaizki sentitu eta aldagelara erretiratu zen. Handik gutxira zelaira itzuli zen. Sendatuta zirudien arren berriro ondoezik sentitu eta aldageletara itzuli itzuli behar izan zuen. Bertan egoera larriagotu eta Telleria doktorearen klinikara eraman zuten, eta hantxe hil zen.
Herri osoak bat egin zuen hil osteko omenaldietan. Zoritxarreko jokalariaren oroimenez egin ziren, eta bi herri, Andoain eta Beasain elkartu ziren azken agurrean. Ezinezkoa zen familiartekoak kontsolatzea. Herrian eta Gipuzkoar futbolean inoiz ahaztuko ez zen tragedia izan zen hura.
Kolpe izugarri honek taldea astindu zuen gogor. Bururik ezin altxa eta denboraldi gaizto hura behingoz buka zedin irrikan zegoen taldea Maurizio beti gogoan izanik. Denboraldia zenbakitan: 14 partida jokatuta, 6 garaipen, 5 berdinketa, 3 porrot; 17 puntu; 46 gol alde, 21 aurka eta laugarren sailkapenean.

Villafrancaren aurka Aranan jokatutako beteranoen lagunartekoa. Zutik: Juan Ignacio Iturrioz, ezezaguna, Pedro Irastorza, ezezaguna, ezezaguna, Hidalgo, Garmendia, Crespo, ezezaguna, Vitoria, L. Aramburu, Moreno, Elzo. Makurtuta: Gonzalez, Lamata, Arana, Serrano, M. Aramburu, ezezaguna, Elcoro, Ormazabal, Arguiñano, Atxotegi, Serranillo, Cacho.

El Diario Vasco 1946/11/5
1947-48 denboraldia “Beasainek ilusioa pizten du berriro”
Presidentea: Anselmo Garmendia / Miguel Cerrajeria
Entrenatzailea: Francisco Elzo
Jarraitzaileen animoak hoztea ekarri zuen denboraldi txar batzuen ondoren, garai onenetako Beasain itzuli zen. Bagoizaleen historian betirako oroimenean geratu den eguna 1947ko abenduaren 14a izan zen. Senperen, denboraldi hartan txapeldun izan zen Touring taldea mendean hartu zuen bakarra izan zen Beasain. Touring eta Pasaiaren atzetik, hirugarren postuan geratu zen Beasain, Villafranca UCren aurretik eta horregatik garaiko hedabideek oso ontzat eman zuten denboraldia; “norbait izan ginen eta berriro izateko bidean gaude” idatzi zuten.
Testuinguru horretan, Loinaz taldearen berpiztea aipatu behar da, 20 edo 25 urte atzerago izan zena, berriro izan baitzen. Jokalari berriak iritsi ziren taldera eta horien artean, zalantzarik gabe, gaztetxoen txapelketetan nagusi izan zen Roble taldetik etorritakoak nabarmentzen ziren. Helburua, Beasaingo lehen taldearen harrobia izaten jarraitzea zen.
Denboraldia arrakastatsua izan zen Bigarren Erregionalean. Lortutako bigarren postuak Lehen Erregionalera igotzeko txartela eman zion. Baina Beasain Lehen Erregionalean zegoenez, Loinazek igoerari uko egin zion. Loinaz taldearen arrakasta itzela izan zen; horren adibide, Loinaz Abesbatzak, Puxketa laukoteak, Usurbe Elkarteak eta zale sutsuek eskaini zieten omenaldi beroa izan zen.
Klubeko aretoa lepo bete zen taldea babestu eta zoriontzeko. Zalantzarik gabe, 1948ko otsailaren 8a gogoratu beharreko beste data bat da. Urte hartako garaipen bat aukeratu beharko balitz, ezbairik gabe 1947ko irailaren 28an Senperen CD Irunesen aurka lortutakoa izango litzateke.
Denboraldia zenbakietan: 22 partida, 15 garaipen, 2 berdinketa, 5 porrot; 44 gol alde, 31 aurka; 32 puntu, 3. sailkatua 12 taldeko multzoan.
Goierriko Adiskidetzearen edo Nagusitasunaren Kopa
Beasain eta Villafrancaren arteko partidek benetako grina pizten zuten Arana edo Senpere betetzen zuten bi taldeen jarraitzaileen artean.
Lehia handia izan arren, kluben eta jokalarien arteko harremana ona zen. Jokalarien arteko norgehiagoka normalean, zelaian geratzen zen, baina harmailetan tentsioa handia izaten zen eta anekdota gisa esan ohikoak zirela jarraitzaileen artean apustuak. Diotenez, batzuk hileko soldata jokatzen zuten euren taldeak irabaziko zuenaren alde, eta norbaitek galdu ere galdu zuela. Gogoan izan behar da, halaber, Senperen 1950ean omenaldi batean Beasain eta Villafrancako jokalariz osatutako konbinatuak Realaren aurka jokatu zuen partida.
1946-47 denboraldiko Gipuzkoa Kopan, Beasainek Aranan jokatu behar zuen, baina bagoizaleak ez ziren aurkeztu. Villafrancaren haserrea handia izan zen, zelaia betetzea espero baitzuten. Galera ekonomiko hori handia zen, eta horregatik konpentsazio eske jo zuen Federazioarengana.
Urtebete geroago, Gipuzkoako Futbol Federazioak bi taldeek Kopa bat jokatzea erabaki zuen; honi, Adiskidetze Kopa deitu zioten.
Lehen partida Senperen jokatu zen 1948ko otsailaren 29an; bai, urte hura bisurtea izan zen. Beasainen nagusitasuna nabarmena izan arren, zoritxarreko jokaldi batean bisitariek gola sartu zuten eta partida 0-1 bukatu zen. Partida honetan lortutako etekinetik 1.299 pezeta Villafrancarentzat izan ziren, Federazioak hala erabakita.
Zortzi egun geroago Aranan izan zen hitzordua. Beasain 0-1 aurreratu zen, baina aurkariak berdindu egin zuten. Beasainek aurrea hartu zuen berriro, baina berriz ere berdindu zuten. Minutuak azkar pasatzen ziren eta amaiera gertu zegoen. Beasaindarrak Villafrancaren zelaian erabat sartuta zeuden. Partidako azken jokaldian dena galduta zegoela zirudienean Beasainek 2-3koa sartu zuen eta poza lehertu zen. Aranara bertaratutako Beasainen jarraitzaileek berdegunea inbaditu zuten Kopak jaberik gabe jarraitzen zuela jokalariekin ospatzeko.
Hirugarren partida Senperen
Hirugarren partida Senperen jokatu zen, eta esan ohi den bezala, zelaia lepo bete zegoen. Bigarren zatiaren hasieran, irrikaz desiatutako etxekoen gola iritsi zen. Euren burua txapeldun ikusten zuten zaletuen artean eromena piztu zen. Baina Villafrancak berdinketa lortu ez ezik, Beasaingo atzelari batek zelaia utzi behar izan zuen min hartuta, eta jokalari bat gehiagorekin urdinak nagusi izan ziren jokoan eta arrisku handiarekin hurbiltzen ziren. Golak gertu zirudien, baina beasaindar jarraitzaileek etengabe animatu zuten eta luzapenera iritsi ginen. Drama gehiagorik ezin bizi.
Luzapena amaituta berdinketak jarraitzen zuen. Ez zen beste golik izan eta hamar minutu gehiago jokatu ziren. Azkenean Beasainek sartu zuen gola eta Goierriko Nagusitasuna beasaindarrena zen.
Herrian lortutako balentriaren aurrean harrotasuna zen nagusi. Federazioak emandako garaikurrari zilarrezko bainua eman zitzaion eta bitrina berezi bat prestatu zen Kasinoan gordetzeko. Agian futbolaren urterik onenak izan ziren Goierrin; zelaiak beti beteta eta pasioa nagusi zenean.

Zutik: Pirulo, Monserrat, Bergues, Dámaso, Berriochoa, Gómez. Makurtuta: Azurmendi, Lasa, Arrospide, Primi, Belauste II.
1948-49 denboraldia “Igoeren urtea”
Presidentea: Miguel Cerrajeria
Entrenatzailea: Francisco Elzo
Gipuzkoako Federazioak iragarri zuen multzo bakoitzeko lehen sei sailkatuak kategoria berri bateko partaide izango zirela 1949. urtetik aurrera, Erregional Gorengoa izenarekin. Kategoria hau Gipuzkoako eta Errioxako klub ospetsuenak osatu zuten. Beasaindarrek praka urdina eta elastiko zuria jantzi zuten berriro, eta seigarren postuan zeudenez, probintzia mailako futbolaren maila gorenean sartu ziren honela.
Denboraldi hau ere gogoangarria izan zen, jokalariek kamisetan zenbakia eramaten zuten lehen denboraldia izan zelako.
Gainera, beste denboraldi zoragarri bat izan zen Loinaz taldearentzat, bigarren urtez jarraian mailaz igotzea lortu baitzuen, azken jardunaldian Senperen Villafrancari 7-0 irabazi ondoren. Joan den denboraldian igoerari uko egin zion Beasainekin maila berean ez egoteko. Oroimenerako, Senperen 3-2 irabazi zuen Michelin txapeldunaren aurka; denboraldi osoan galdu zuen partidu bakarra izan zen.
Aristeok, Beasaingo jokalari eta gero entrenatzaile izan zenak, Loinaz taldearen prestaketa eta zuzendaritza ere bere gain hartu zituen. Emaitzak bikainak izanik, garrantzitsuena Beasainen bigarren taldea bihurtu zela izan zen, izan ere, bere jokalari garrantzitsu guztiak Beasain taldean ere garrantzitsuak izan baitziren.
1949ko ekainean Beasainen aurka jokatutako lagunartekoan Loinazen hamaikakoari erreparatzen badiogu ikusiko dugu hori hamaika titularretatik hamar berehala izan pasa ziren Beasain taldera.
Beasainen denboraldia zenbakietan: 22 partida, 10 garaipen, 5 berdinketa, 7 porrot; 59 gol alde, 35 aurka; 25 puntu, 6. sailkatua 12 taldeko multzo batean.

Zutik: Embil, Gil, Chapartegui, Pirulo, Zurbano eta Capdequi. Makurtuta: Lucio, Gomez, Primi, Alberdi, Damaso eta Aristeo.
1949-50 denboraldia “Loinaz taldeaz hitz egin dezagun”
Presidentea: Luis Suarez
Entrenatzailea: Aristeo Ruiz
Loinazek, kamiseta eta galtza zuridunez, Lehen Erregionalean jokatu zuen denboraldi honetan, Beasain aurreko denboraldian Preferentearen mailara igo baitzen eta beraz, norgehiagoka zuzenak izateko arriskua desagertu egin zen eta, ondorioz, zaleak zatitzeko beldurra.
Arrisku hori benetakoa zen, izan ere, Loinaz taldea Beasainen harrobia izan arren, esan beharra dago aurreko denboraldia denboraldi bikaina izan zela eta jarraitzaile askok Beasain baino gehiago jarraitzen zutela.
Baina denboraldi honen hasieran, Loinaz taldeko 9 jokalari Beasainen sartu ziren. Plantilla ahuldu egin zen eta urtea ez zen hain bikaina izan. Garaipenak urriak ziren, neurri batean lehiaketaren maila altuagoa zelako. Tristea izan zen, baina zaleek bizkarra eman zioten eta Bigarren Erregionalera jaitsi zen.
Gipuzkoa Kopan oso ondo jokatu eta Kontsolazio Kopara pasa ziren arren, denboraldi amaierako zaporea garratza izan zen. Ziurrenik etsipena egon bazegoen zaletuen artean, bidegabekoa baina benetakoa.
Gainera, egoera ekonomikoa kezkagarria zen. Lehen esan bezala, zaletuek bizkarra eman zion taldeari, eta horrek hilero 3.000 pezetako defizita ekarri zuen, neurrigabeko kopurua, biziraupena arriskuan jartzen zuena. Izan ere, eta spoiler txiki bat egingo dugu, Loinazek beste denboraldi bat baino ez zuen iraun.
Beasaini hurrengo lerroak eskaintzeko unea. Aristeo entrenatzaile zen lehen denboraldia izan zen, aurrelari bezala jokatzen jarraitzen zuen aldi berean, baina Loinaz taldeko entrenatzailea ere bazela ez da ahaztu behar. Lehen denboraldia izan zen Erregional Preferentean eta Beasainek denboraldi ona burutu zuen. Emaitza onak hala baieztatu zuten. Taldea ondo egonkortua zegoen maila berrian, nahiz eta garai hartako kronikek diotenez hobeagoak izan zitezkeen, baina epaileak, bereziki Galen, Atotxan edo Ipuruan, ez ziren zuzenak izan bagoilariekin.
Etxeko jokalariekin jokatzeko apustu sendoa eginda, kanpoko jokalarien fitxaketak ahaztuta, bazirudien erabaki egokia zela eta funtzionatzen zuela. Etorkizuna lausengarria zen.
Beasainen denboraldia zenbakietan: 26 partida, 10 garaipen, 5 berdinketa, 11 porrot; 62 gol alde, 54 aurka, 25 puntu; 6. sailkatua 14 taldeko multzoan.

Zutik: Dorronsoro, Zaldua, Lasa, Mugica, Otaola eta Urteaga. Makurtuta: Imaz, Barcina, Ibisate, Zaldua eta Sarriegi.
1950-51 denboraldia “Elastiko txuri-urdina eta Lehen Erregionalera jaitsiera”
Presidentea: Luis Suarez
Entrenatzailea: Aristeo Ruiz
Denboraldi honetan gai askori buruz hitz egin behar da: elastiko txuri-urdina iritsi zen, lehen taldea jaitsi zen, Loinaz bigarren taldearen azken denboraldia izan zen eta Umore Ona talde zuri-gorria sortu zen (bertako lau kide Lehen Mailan jokatzera iritsi ziren). Zailtasunak gaindituz, ekipamenduak, joan-etorriak, arbitraia-kostuak gorabeherak, oztopo bakar batek ere ez zituen kluba geldiarazi, eta martxan jarri ziren. Denboraldi batzuz, batez ere Loinaz desagertu ondoren (hau izan zen bere azken denboraldia), Umore Ona lehen taldearen harrobia izan zen. Izan ere, lehen denboraldi honetan Artabek debuta egin zuen lehen taldearekin.
Denboraldia kamisetaren gaiarekin hasiko dugu. Elastiko zuriaren ordez marra bertikaleko txuri-urdina iritsi zen, gaur egun arte formatu ezberdinetan izan dena eta gure nortasunari forma eta izaera ematen diona.
Lehen taldeaz hitz egiteko unea. Primi, Lasa, Barcina eta Saldaña esaterako, falta ziren, lau jokalari garrantzitsu, eta horrek baldintzatu egingo du denboraldia. Bereziki hasiera oso zaila izan zen. Egia da, oroitzapen handiko garaipena lortu zela Senperen, 4-2 Mondragon txapeldunaren aurka. Beste arratsalde ahaztezin bat lehen itzuliaren amaieran gertatu zen, Amaran, Pasaiaren aurka, baita Tolosa edo Haroren aurka lortutako garaipenak.
Gainera, hain urte zailean, garai hartako kronikek erabakigarritzat jotzen dute Aranan jokatutako derbian jasandako porrot gogorra. Partida hartan gertatutakoari hondamendia deitu izan zaio, eta errudun zuzen bat seinalatzen da. Bai, asmatu duzue, beltzez jantzita zihoana.
Zigorrak zigor, lesioak lesio, arratsalde hartan Aranan jasandako porrotaz gain, taldeak partida onak jokatu zituen eta lehen aipatzen genuen bezala oroimenerako garaipenen bat edo beste izan ziren.
Baina urte hartako arazo nagusia ekonomikoa izan zen. Garai hartan jada aipatzen zen beste herri batzuetako jokalariak beren ordain ekonomikoarekin ekartzea egoera jasanezina zela. Beasainek, bere haur txapelketen bidez, bere harrobi propioa elikatu nahi zuen, hain zuzen ere, egoera hori saihesteko. Baina arlo horretako gastuak ere oso garestiak ziren, eta egoera horretan ulertzen da klubak bigarren taldea, Loinaz,1945eko udan jaioa, kentzeko erabakia hartu izana.
Loinaz Bigarren Erregionalean denboraldi bikaina egitetik zetorren, seigarren postu bikaina. Lehen taldea bere jokalariez elikatu ahal izateko hazitegi ezin hobea. Erabaki tristea izan zen, baina ezinbestekoa.
Baina benetan tristea denboraldi amaiera izan zen, nahiz eta 16 taldeko txapelketan 10. sailkatua izan, Preferentetik Lehen Erregionalera jaitsi zen.

Loinaz taldea azken denboraldian: Zutik: Dorronsoro, Lasa, Gaspar, Larrea, Garmendia, Imaz, ezezaguna. Makurtuta: Zufiaurre, Bravo, J. Ruiz, Zaldua, D. Ruiz.
1951-52 denboraldia “Zaldiko-maldikoan igota”
Presidentea: Luis Mendizabal
Entrenatzailea: Aristeo Ruiz
Talde bakarrarekin lehiatzen, bertako jokalariekin soilik eta asmo apalekin, Lehen Erregionalean ekingo diogu denboraldiari.
Ekonomia eta gastuari eustea izan ziren denboraldi osoko ardatza. Bazirudien zaleek bizkarra eman ziotela taldeari, ez ziren lehen bezala joaten zelaira, eta espero ez ziren gastu batzuk gehitu behar izan ziren. Horrek guztiak une hartako egoera ekonomikoa zaila izaten lagundu zuen.
Horregatik, Klubeko agintariek Loinaz baztertzea erabaki zuten. Loinaz bigarren taldea zen, talentu gazteek lehen taldera iritsi aurretik zailtzeko zuten lekurik egokiena. Erabaki zaila eta eztabaidagarria izan zen, baina beharrezkotzat jo zuten, nahiz eta jakin kirolaren ikuspuntutik epe labur eta ertainean eragina izan zezakeela.
Aristeok jokalari izateari utzi zion taldea zuzentzen arreta osoa jartzeko, denboraldi honetara arte entrenatzaile eta jokalari lanak partekatzen bait zituen.
Hasiera zaila izan zen eta ezkortasuna eta iragarpen txarrak nagusitu ziren Klubaren inguruan. Baina hodei beltzak gertuen zeudela zirudienean, urrian sailkapen-aukerarik ematen ez zitzaion taldea altxatu egin zen eta oso partida onak kateatu zituen, garaipen bikainak erdietsiz. Une batzuetan, euforiak txapelketa irabazteko aukera ekarri zigun burura. Txapelketako talde zailenei aurre egin eta irabazi zitzaien. Zaleek taldea babestu zuten berriz ere, eta asko joaten ziren kanpoko partidetara, eta Senpere betetzen zuten etxean jokatzen zuenean.
Baina zergatia jakin gabe, errealitatea da taldea erori egin zela eta sei hilabete luzeen amaieran, sailkapenak Txapelketaren erdialdean uste zitekeena baino beherago jarri gintuen.
Gipuzkoa Kopan huts askorekin eta ilusio gutxirekin erori zen lehen kanporaketan Vitoriaren aurka. Gainera, egoera ikusita, Klubak uko egin zion Afizionatuen Kopa jokatzeari, gastuak ahalik eta gehien murrizteko asmoz, lehiaketa garestia eta kirol-interes gutxikoa zela uste baitzen. Horrela, denboraldiari amaiera eman zitzaion.
Denboraldia zenbakitan: 22 partida, 8 garaipen, 7 berdinketa, 7 porrot; 32 gol alde, 39 kontra; 23 puntu, 1 positibo; 8. sailkatua 12 talde dituen multzo batean.

Zutik: Rioja, Bravo, Barcina, Urteaga, Txetxin III, Bernardo, Martinez de la Hidalga, Aristeo (entrenatzailea) Makurtuta: Cuñado, Ayerbe, Larrea, Estala, Lucio, Zaldua eta Gaspar Pereira (Materialen arduraduna)
1952-53 denboraldia “Gipuzkoa kopako txapeldunak”
Presidentea: Angel Ayestaran
Entrenatzailea: Aristeo Ruiz
Umore Ona taldeaz hitz egiten hasiko gara, 1950eko udaz geroztik denboraldi batzuk zeramatzana zehazki, Beasain KEk antolatzen zuen Goierriko Infantil Txapelketa jokatzen eta irabazten. Talentu handiko taldea izan zen, lau jokalari lehen mailan jokatzera iritsi ziren: Javier Artabe, Juan Antonio Lopez, Aitor Muruamendiaraz eta Juan Zubiaurre. Loinaz taldea desagertu zenean, lehen taldea jokalariz hornitzeko iturri nagusia bihurtu zen. Hurrengo denboraldian Bigarren Erregionaleko txapelketa jokatu zuten Jose Maria Anza entrenatzaile zela, eta bigarren izan ziren, baina ez zuten berriro parte hartu. Esan bezala, lehen taldea hornitu zuen iturri nagusia izan zen.
Inguruetako taldeetatik fitxatutako bi mutilekin eta Umore Onako zenbait gazterekin, taldearen oinarri izaten jarraitzen zuten iraganeko denboraldietako beteranoekin batera, denboraldia pozgarria izan zen eta ez zuten hutsik egin.
Ikasturte aparta izan zen, bai ligan eta baita gero Gipuzkoa Kopan ere. Ligan, Eskualdeko Lehen Mailan, C.D. Hernani txapeldunarengandik 5 puntura lortutako bigarren postuak gutxi zirudien, eta horren errua taldeak jasandako lesioei eta era guztietako gorabeherei eta kalteei leporatu zitzaion. Talentu eta joko handiko taldea zen txapelduna izateko.
Saria Gipuzkoa Kopan iritsi zen, Berazubiko finalean 2-1 irabazi baitzioten Elgoibarri, Zalduak eta Potoliok oso partida zirraragarrian sartutako golei esker. Elgoibar talde bikaina zen baina Beasain hobea izan zen jokoan eta markagailuan. Jende andana zegoen Berazubiko heroien zain, udaletxean lehenbizi eta Kasinoko afarian gero, behar bezalako ongietorria emateko. Gipuzkoako Kopa irabazten zen lehen aldia zen, alaitasuna eta ospakizunak merezitakoak ziren.
Denboraldiko pasadizoa 1953ko urtarrilaren 1ean gertatu zen, Andoaingo Etxebarrieta zelaian, Euskaldunaren aurkako Afizionatuen Txapelketako kanporaketan. Txingorra hasi eta gutxira, zelai zuritu eta partidua gelditu egin behar izan zen. Denbora luze baten ondoren, berriro ekiten saiatu ziren, baina ezinezkoa izan zen berdegunearen egoera ikusita, eta ondorioz, bertan behera utzi eta atzeratu egin behar izan zuten markagailua 0-0 zegoela. Urtarrilaren 3an bigarren partida jokatu zen hasieratik. Arauzko 90 minutuen amaieran bosnako berdinketa, luzapenean ilundu eta argirik gabe ezin izan zen bukatu partidua. Hilaren 6an, hirugarren partida eta oraingoan dena normal joan zen, hasi eta bukatu ahal izan zen, 2-1eko garaipenarekin. Kanporaketa amaigabea izan zela esan genezake. Hiru partida izan ziren, hiru egun desberdinetan; urteberri egunean hasi eta Errege egunean amaitu zen.
Denboraldia zenbakitan: 28 partida, 17 garaipen, 6 berdinketa, 5 porrot; 61 gol alde, 34 aurka; 40 puntu, 2. sailkatua 15 taldeko multzo batean.

Argazki-oina, Berazubiko finalari dagokio. Zutik: Aristeo, Merino, Zaldua, Chechin III, Bernardo, Urteaga eta Aitor. Makurtuta: Lizarralde, Artabe, Lucio, Potolio eta Huertas.
1953-54 denboraldia “Gol gutxien jaso zuen taldea”
Presidentea: Angel Ayestaran
Entrenatzailea: Aristeo Ruiz
Angel Ayestaran presidente zela, denboraldi honetan txuri-urdinak sailkapen taulan ahalik eta gorenen egoteko asmoz borrokatu zuten. Baina taldeak udan, 7 jokalari titular eta garrantzitsuen baja izan zuen. Baja horiek ilusioz betetako fitxaketekin konpentsatzen saiatu ziren arren, taldea ahuldu egin zenaren irudipena zegoen.
Ezarritako gutxieneko helburua sailkapeneko lehenengo 8en artean egotea izan zen. Lehen itzulia ona izan bazen, bigarrena bikaina.
Defentsa bikain batean oinarritutako lorpena izan zen. Bigarren itzulian lau gol baino ez zituen jaso taldeak, eta txapelketaren amaieran gol gutxien jaso zuen taldea izan zen. Defentsako lan bikain horri dagokionez, taldeak hirugarren postu bikaina lortu zuen, promoziotik gertu.
Afizionatuen Kopa oso erakargarria zen, baina hala ere oso laburra eta etsigarria izan zen, partida bakarra iraun baitzuen. Iragarpen guztien kontra, taldea Azkoitiko Iraurgui taldearen aurka erori zen.
Gipuzkoa Kopan, suertatu zitzaion multzoa oso zaila izan zen eta ez zen oztopo hori gainditzea lortu.
Denboraldia zenbakitan: 26 partida, 13 garaipen, 9 berdinketa, 4 porrot; 41 gol alde, 17 aurka; 35 puntu, 9 positibo; 3. sailkatua 14 taldeko multzo batean.

Zutik: Bravo, Muñoz, A. Zubiaurre, López, Ayestaran eta J. Zubiaurre. Makurtuta: Zubiria, Artabe, Urteaga, Tolete eta Huertas.
1954-55 denboraldia “Berrogeita hamargarren urteurrenean iritsi zen lehen talde gaztea, Jubenila”
Presidentea: Angel Ayestaran
Entrenatzailea: Aristeo Ruiz
Hainbat arrazoirengatik, ezkortasuna zegoen talde txuri-urdinaren inguruan, eta gai errepikakorretako bat zelai berri baten beharra zen. Denboraldi diskretua izan zen, grisa, ia iluna Lehen Erregionalean, zortzigarren postura jaitsiz. Baikortasunerako arrazoiren bat bazegoen bai, baten bat bai. Aurrerago ikusiko dugu, baina ez zen erraz aurkitzen hainbeste tristura eta asperdura artean.
Zaleak banatuta zeuden. Asko entzuten ziren esker txarrez, axolagabekeriaz edo liskarrez hitz egiten. Orduan esaten zen jokalariek ez dutela kamiseta behar bezalako nobleziarekin sentitzen. Batzuek nostalgiaz salatzen zituzten besteak, iraganean bizitzeaz, garai onak bakarrik gogoratuz. Ez dezagun ahaztu ospakizun urtea dugula, berrogeita hamargarren urteurrena, ez gehiago ez gutxiago. Esan bezala, beste batzuek zelaian dena jartzen ez zuten jokalariak salatzen zituzten, bizitza osoan izan zen bezala zuten guztia ematen ez zutenak, baina ia denek bat egiten zuten zelai berri baten premian.
Salaketak ere bazeuden, dirua ez zelako gastatu talde hobea egiten mailaz igotzeko, Villafrancak edo aurreko urtean Errenteriako Touringek egin zuten antzera. Aurreztu zen, baina zertarako? Taldeak hazteko beharra zuen, Klubak hazteko beharra zuen eta ez zen egin.
Baina hasieran esan dudan bezala, urte berezi hartan izan zen poztasunerako eta baikortasunerako arrazoirik. Klubaren historian mugarri garrantzitsua izan zen gazte mailako Jubenil taldearen sorrera; lehiatzeaz gain, lehen taldeko etorkizuneko jokalariak trebatzeko.
15 eta 18 urte bitarteko mutilek osatua, hasiera-hasieratik haztegi ona izan zen lehen taldearentzat, ahaztu gabe horietako batzuk Lehen Mailara iritsi zirela; hala nola Lamata, Iriarte edo Cacho lehen urteetan, eta ondoren gero eta izen gehiago.
Denboraldia zenbakitan: 22 partida, 8 garaipen, 6 berdinketa, 8 porrot; 35 gol alde, 42 aurka; 23 puntu, positibo 1; 8. sailkatua 12 taldeko multzo batean.

Lehen taldea Zutik: Bernardo, Estala, Garmendia, Lopez, Joaquin Aguirre, Larrea, Huertas, Zubiria, Luis Mendizabal. Makurtuta: Mana, Sarriegui, Lacalle, Ayestaran eta De Pedro.

Jubenil taldea Zutik: Ruiz, Ovejas, Aldareguia, Escalante, Ganzarain, Cacho eta Urbina. Makurtuta: Garmendia, Arratibel, Iturrioz, Heras.
1955-56 denboraldia “Hirugarren Mailara igotzea”
Presidentea: Juan Aranburu
Entrenatzailea: Aristeo Ruiz
1955eko udan, Federazioaren eta Kluben presidenteen arteko bileretan, ziurtzat jotzen zen estatuko kategoriak berehala aldatuko zirela, eta Hirugarren Mailaren kasuan, aukera handia emango zien klub ezberdinei kategoria horretan sartzeko.
Klubaren asmoa indartzea eta talde oso sendoa egitea zen txapeldun izateko, baina Erregional mailan erretentzio eskubidearen arau ezarri berriak ezinezkoa egin zuen klubak nahi zituen mugimenduak eta fitxaketak burutzea. Hala ere, errefortzuak iritsi ziren eta plantilla indartsua bazen.
Emaitzak iritsi arren, jokoak ez zuen konbentzitzen eta taldea oso irregularra zen; maila altua eman zuen partida garrantzitsuetan baina itsura guztiz penagarria eman zuen paperean errazak ziruditen partidetan.
Txapelketa esku eskura zutela, bi talde, Trintxerpe eta Michelin -Beasainek bere etxean erraz gainditu zuena-, Senperera etorri eta beharrezkoak ziren puntuak eskuratu zituzten. Txantxillarako bidaia erabakigarria izan zen, baina Hernani jaun eta jabe izan zen eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan genuen.
Postu horrek itxaropena eman zuen Hirugarren Mailaren berregituraketa iristen bazen Beasainek bere igoera amestua lortu zezakeelako.
Uda luzea izan zen, berririk ez zegoen, baina azkenean iritsi ziren eta albiste onak gainera. Beasain Hirugarren Mailako taldea zen. Kategoria berria pizgarriz beteta zegoen. Hain zuzen ere, urtebete lehenago Villafrancak igoera lortu zuen eta berriro haiekin bat egitean betiko lehia biziberrituko zen eta hori beste pizgarri bat zen, inolako zalantzarik gabe. Etorkizuna erakargarriagoa ezin zen izan, baina ez zen batere erraza izango, eta hodei ilunak ere agertuko ziren.

Zutik: Martin Aramburu, Estala, Huertas, Larrea, Bravo, Bernardo, Lopez, Aristeo (entrenatzailea) Makurtuta: Lacalle, Ayestaran, ezezaguna, Arguiñano, Gonzalez, ezezaguna
1956-57 denboraldia “Lehen aldiz hirugarren mailan”
Presidentea: Juan Aranburu
Entrenatzailea: Aristeo Ruiz
56ko uda bestelakoa izan zen, sentsazio oso kontrajarriekin. Goazen lehenengo kirol arloari dagokiona azaltzera.
Aurreko denboraldian, 55/56a, hirugarren postuan bukatu zuen taldeak. Itxuraz txapelketa bat gehiago zena erabat aldatu zen Espainiako Federazioak Hirugarren Mailako multzoetako parte hartzaile kopurua handitzea erabaki zuenean; hamar edo hamabi taldetik hemezortzira pasatuz.
1955eko udan, esan eta ziurtzat ematen zen gerta zitekeela, erreforma berehalakoa zela eta Hirugarren Mailako IV. taldea orain ikusten ari garen bezalakoa izango zela. Baina hitzetatik ekintzetara dagoen tartea handia izan ohi da.
Erabaki honi esker Beasain goiko mailara igo zen. Hirugarren Mailan lehiatzea berria zen, eta herrian, pentsa daiteken bezala, gogo handiz hartu zuten zuzendariek, jokalariek eta noski, zaleek. Errebotez bazen ere, txuri urdinak euren historian lehen aldiz hirugarren mailan kokatu ziren; berandu bazen ere merezitako saria zen.
Beste errealitate bat zegoen, eta hori ere oso garrantzitsua. Senpere zegoen lursailen jabea CAF zen eta 1955eko azaroan Klubari tailer berriak kokatzeko lurrak behar zituela jakinarazi zion. Beraz, Beasainek futbol zelai berri bat aurkitu behar zuen, 6 hilabetetik gorakoa ez zirudien epean.
Loinatz zelai berriaren proiektua abian zela, Beasainek denboraldi honetan Senperen jokatu ahal izan zuen, lehena Hirugarren Mailan eta oso denboraldi ona izan zen. Mailaren estreinaldia nota oso onarekin gainditu zen. Ez zirudien erraza Senperen jokatzen jarraitzea eta maila estreinatzea, baina dena ondo atera zen; taldea oso ondo moldatu zen, jauzia ez zen espero zen bezain handia izan, oso ondo lehiatu zen eta oro har, denboraldi bikaina izan zen.
Denboraldia zenbakitan: 34 partida, 16 garaipen, 5 berdinketa, 13 porrot; 73 gol alde, 64 gol aurka; 37 puntu, 3 positibo; zazpigarrenak 18 taldeko multzo batean.

Zutik: Zabaleta (delegatua), Donamaria, Barandiaran, Bernardo, Zubiria, Mana, Galparsoro, ezezaguna. Makurtuta: Arguiñano, Lombide, Lizarralde, ezezaguna, Alberdi, Elbasio Diez (materialen arduraduna)
1957-58 denboraldia “Erbestea Aranan”
Presidentea: Juan Aranburu
Entrenatzailea: Aristeo Ruiz
CAF enpresak, Senpere futbol zelaia zegoen lurren jabeak, premiaz behar zituen lur horiek bere instalazioak handitzeko. Beraz, 1957ko maiatzaren 26an Ilintxaren aurka 5-4 irabazitako Gipuzkoako Kopako partida izan zen Beasain KEren historiaren zati garrantzitsua izandako Senpere zelai ahaztezin eta maitagarrian jokatutako azken partida.
Futbol zelairik gabe, Juan Aramburu Klubeko presidenteak Villafranca UCko zuzendariekin negoziatu zuen mailegu gisa Aranako zelaiaren lagapena, etxeko partidak jokatzeko. Hasiera batean, Loinazko zelai berrian bigarren itzulia jokatzea zen asmoa. Baina lanak atzeratu egin ziren eta denboraldi osoa jokatu behar izan zen Aranan, jokatutako partida bakoitzeko 750 pezetako alokairua ordainduz.
Gorabehera horiek taldearen kirol-errendimendua baldintzatu zuten, eta oso denboraldi zaila izan zen. Asmoa zen sailkapenaren eremu epelean mantentzea eta ahalik eta gutxien sufritzea. Fitxaketak egiteko dirurik ez zegoen, plantilla murritza zen eta Aranako erbestealdiaren kontu honek ere ez zuen batere lagundu. Baina azkenean lortu zen helburua. Jakina zen oso urte zaila izango zela, eta emaitza onarekin lortu zen konpromisoa betetzea.
Denboraldia zenbakitan: 34 partida, 12 garaipen, 8 berdinketa, 14 porrot; 79 gol alde, 86 gol aurka; 32 puntu, hamaikagarren 18 taldeko multzoan.

Zutik: Lizarralde, Lahidalga, Lombide, Barandiaran, Muruamendiaraz, ezezaguna. Makurtuta: Ganzarain, ezezaguna, Aldareguia, Arguiñano eta Cacho.
1958-59 denboraldia “Loinaz, zelai berria”
Presidentea: Jesús Erguin
Entrenatzailea: Aristeo Ruiz / José Luis Piquín
Denboraldiari dagokion izenburua Loinatz da, udal futbol zelai berriaren izena. 104 X 66 metroko neurriekin, Atotxaren neurri berberak, egoitza berria da. Bitxikeria gisa aipatu, Beasaingo martxaren doinuaren hitzak Loinatz zelai berrira egokitu zela.
Abuztuaren 31 aukeratu zuten zelai berria inauguratzeko eguna, goizean Mauricio Yarzaren omenezko meza egin ondoren. Ekitaldi nagusia Athleticen eta Realaren arteko futbol partida izan zen. Ohorezko sakea Mariano Arrate jokalari olinpiko beteranoari egokitu zitzaion eta garaipena donostiarrek lortu zuten (3-2).
Vicente Asuero Diputazioko presidentea, Pablo Hunolt Beasaingo alkatea, Manuel Escodin Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea, Benito Diaz Espainiako hautatzailea eta beste hainbat agintari izan ziren inaugurazio ekitaldian.
Beasain KEak 350 bazkide zituen une hartan, eta Udalarekin akordio bat sinatu zuen instalazio berriaz gozatzeko eta hura kudeatzeko.
Loinatz, zalantzarik gabe, probintziako futbol zelai onenetarikoa zen, hiru onenetarikoa. Nahiz eta zoritxar-iragarle batzuek pentsatu eta esan herri erdigunetik urrunegi zegoela, egia esan, zale kopuru handia joaten zen, Sempere zaharrarera baino askoz gehiago.
Egunero etortzen ziren jarraitzaile berriak ondoko herrietatik: Idiazabal, Lazkao, Segura, Ormaiztegi. Arrakasta sozialaz gain, zalantzarik gabe, lehen denboraldi honetan arrakasta ekonomiko handiaz ere hitz egin dezakegu.
Gure taldeak Loinazen jokatu zuen lehen partida lagunartekoa izan zen Eibarren aurka 1958ko irailaren 7an, 4-3 irabaziz. Txapelketaren hasieran, egun batzuk geroago, lehen garaipena erabatekoa izan zen, 5-0 Recreacion taldearen aurka. Baina hasierako bozkarioaren ondoren zalantzak etorri ziren. Jokalari batzuk zelai berrira ondo egokitzen ez zirela zirudien, handiegia zen eta denboraldiaren erdialdean gertaera historiko bat bizi izan genuen, Beasainen inoiz gertatu ez zena; Aristeo entrenatzailea Jose Luis Piquinek ordezkatu zuen; denboraldi amaierara arte lehen taldearen zuzendaritza teknikoa ere eraman zuen taldeko jokalariak.
Egoerak hobera egin zuen eta liga zazpigarren postuan amaitu genuen, ezustekorik gabe eta sailkapenean behera begiratzeko beharrik gabe. Taldea Hirugarren Mailan finkatu zen.
Denboraldia zenbakitan: 30 partida jokatu, 9 garaipen, 11 berdinketa, 10 porrot; 52 gol alde, 55 aurka; 29 puntu, negatibo bat. Zazpigarrena 16 taldeko multzo batean.

Zutik: aretoak, Zurbano, Oyarzabal, Loambide, Barandiaran, Lasheras. Makurtuta: Echeverría, Bomba, Aldareguia, Arguiñano, Sagardia.
1959-60 denboraldia “Loinazen eta Hirugarren mailan egonkortuta”
Presidentea: Guillermo Garate
Entrenatzailea: José Luis Piquín
Hirugarren mailan kategoriaren eskakizunetara egokituta laugarren denboraldia bete arren, aldaketa garaiak ziren.
Loinatz bezalako zelai berri eta apartarekin, bere bigarren denboraldian, joan den ikasturtean gertaera historiko bat bizi izan genuen; historian lehen aldiz, Zuzendaritza Batzordeak denboraldia hasi zuen entrenatzailea ordezkatzea erabaki zuen.
Piquin entrenatzaile berriak, aurreko denboraldia entrenatzaile-jokalari bezala itxi zuenak, botak eskegi zituen eta entrenatzeari bakarrik ekin zion.
Denboraldiaren amaieran lehen seien artean sailkatzeko helburua lortu ez eta presidenteak helburu horri buruz hitz egin bazuen ere, aurreko urtean baino partida gehiago irabazi ziren eta finalerdietara iritsi ziren Gipuzkoako Kopan. Helburua lortu ez bazen ere, urte ona izan zela esan genezake.
Oroimenerako, Atotxan Sanse indartsuaren aurka lortutako berdinketa historikoa.
Gainera, bada azpimarratzeko moduko alderdi garrantzitsu bat: Loinazen ondoan futbol-zelai txiki bat eraiki zen. Eskoletako haurren erabilerarako, gazteen entrenamendurako (Aristeok zuzenduta) eta haurrentzako txapelketak antolatzeko erabili zen. Txapelketa horien antolakuntza berreskuratu egin zen. Zeregin horiek guztiak oso garrantzitsuak dira harrobiaren sustapenean.
Denboraldia zenbakitan: 30 partida, 14 garaipen, 2 berdinketa, 14 porrot; 67 gol alde, 54 aurka; 30 puntu, 8. sailkatua 16 taldeko multzo batean.

Zutik: Arregui, ezezaguna, Oyarzabal, Barandiaran, Aramburu, Lasheras. Makurtuta: ezezaguna, Aldaregia, Arguiñano, Morro negro eta Brias.

Beasainen Atotxan jokatutako partida bateko argazkia
1960-61 denboraldia “Zorte kolpe batek bakarrik eragotzi zuen jaitsiera”
Presidentea: Guillermo Garate
Entrenatzailea: Pedro Irastorza
Hamarkada aldatzearekin batera, Beasainek punta-puntako kluba izaten jarraitu zuen Gipuzkoako futbolaren panoraman, baina ez Erregional mailan, baizik eta Hirugarren Mailako IV. Multzoan. Urte haietan, multzoa Gipuzkoako Federazioan afiliatutako elkarteek osatzen zuten baina Gipuzkoarrez gain, Errioxako, Arabako eta Burgos iparraldeko klubak zeuden. Horien artean izen handikoak ziren Logroñés, Deportivo Alavés, Eibar K.E. eta Irungo Real Union Club.
Zailtasun ekonomiko handiko egoeran, Klubeko lehendakariak autonomia eman zien elkartea osatzen zuten atal ezberdinei, Klubarentzat ezinbestekoa zen aurrezkia bilatu asmoz, baina neurriak ez zuen funtzionatu.
60/61 denboraldia oso txarra izan zen, kirol arloan negargarria. Bost garaipen besterik ez ziren lortu, eta hamalaugarren postua eskuratu zen. Taldea jaitsiera postuan zegoen, baina Federazioak Recreacion taldea zigortu zuen irregulartasun batzuengatik eta zigor horrek sailkapenean postu bat igotzea eta promozioa jokatu ahal izatea ahalbidetu zuen.
Mailari eusteko promozioan emaitza aldekoa izan zen Legazpiko Ilintxa K.E. hautagaiaren aurka, joaneko partidan 2-2 berdindu eta etxean 3-1 irabazi baitzen.
Gertatutakoaren zergatiak aztertzen ditugu. Taldea gazteegia zen, eskarmenturik gabea, gazte-adineko jokalariz betea, benetan gogorra zen kategoria batean lehiatzeko esperientziarik gabea. Baina era berean, egoera ikusita ez zegoen taldea indartzeko ahalmen ekonomikorik.
Loinatz, bi urte lehenago 58ko udan inauguratua, ez zen betetzen. Zorteak bakarrik eraman gintuen mailari eustera, baina zinez denboraldi txarra izan zen, gogoeta sakona egitera gonbidatzen gintuena. Galdera zen, ondoa jo al dugu? Erantzuna hurrengo kapituluetan.
Denboraldia zenbakitan: 30 partida, 5 garaipen, 7 berdinketa, 18 porrot; 47 gol alde, 79 aurka; 17 puntu, 14. sailkatua 16 taldeko multzo batean.

Zutik: Areso, Aitor, Barandiaran, Iraola, Muruamendiaraz, Santamaria Makurtuta: (haurra ezezaguna) Herrera, Irizar, Letamendia, Morro Negro, Anabitarte
1961-62 denboraldia “Denboraldi bikaina”
Presidentea: Juan Jauregui
Entrenatzailea: Victor Arguiñano
Denboraldiaren analisian sartu aurretik, ohar bat aipatu nahi dut. Futbola da, zalantzarik gabe arretaz aztertzen ari garen urte hauetan, beasaindarren artean jarraipena duen herriko lehen kirola. Baina haratago noa, jarraitzaileentzat igandeetan Loinazera partidak ikustera joatea, gehiago da denbora-pasa bat, aisialdia, igandeko planik onena bai. Ez dago ordea taldeak behar eta merezi duen grinarik, zalegoa hotza da eta hori partiduetan nabaritzen da.
Paperaren gainean, plantilla hobetua ikusten zen. Jokalari gazte eta beteranoen nahasketa polita zen; beteranoak Hirugarren Maila bezalako kategoria zorrotz batean esperientzia jartzen dutenak, eta gazteak, zalantzarik gabe, beren kalitatea. Horien artean, atezain bikain bat, Areso, denboraldiko jokalari bagoilari onena aukeratua, Herrera eta Gorriti bezalako jokalariekin ondo lagundua. Denboraldi on bat bakarrik atera zitekeen.
Victor Arguiñanok, aurreko denboraldian taldearen prestakuntzan Pedro Irastorzaren laguntzaile izanak, hartu zuen taldearen ardura. Egoera ekonomiko ez hain zailak ere lagundu zuen. Guzti honen konbinaketak denboraldi bikaina izatea ekarri zuen 5. postu batekin. Ordurarte, klubaren historian inoiz lortu den sailkapenik onena, Real Unionekin berdinduta laugarren postuan puntuetan, Eibar, Logroñes eta Vergara historikoen aurretik.
Eta hori hasiera zalantzazkoa izan zela. Baina Aranan lortutako 0-4ko garaipen handia, Villafranca betiko aurkariaren aurka, taldeak hain denboraldi bikaina marrazteko behar zuen bultzada izan zen.
Denboraldia zenbakitan: 32 partida, 16 garaipen, 5 berdinketa, 11 porrot; 57 gol alde, 37 aurka; 37 puntu; 5. sailkatua 17 taldeko multzo batean.

Zutik: Herrarte, Herrera, Iraola, Barandiaran, Muruamendiaraz. Makurtuta: Aitor, Iturrioz, Anabitarte, Chinchurreta, Morronegro.
1962-63 denboraldia “Lehengo lepotik burua”
Presidentea: Alfonso Blanco
Entrenatzailea: Victor Arguiñano/Jose Martin Echeverria “Altamira”
Aurreko denboraldi onaren ondoren, baikortasuna zegoen, ilusioa nabari zen, baina berriz ere denboraldi etsigarria bizi izan genuen.
Eta hori oso ondo hasi zela Bergarako futbol zelaiaren inaugurazio egunean lortutako garaipen handiarekin.
Baina txapelketak aurrera egin ahala, taldeak indarra galdu zuen eta hustu egin zen. Egia esan, partidu batzuk jarraitzaileen oroitzapenean geratu ziren.
Une hartan Logroñes liderraren aurka lortutako garaipena, sailkapenaren goiko aldean zegoen Mirandesen zelaian lortutako garaipen ahaztezina, eta zalantzarik gabe une erabakigarrian, txapelketaren bukaeran, Villafrancaren aurkako lehia handiko partidua irabaztea.
Taldearen egoera taulako azken postuetan ikusita, klubaren gidariek entrenatzailea aldatzea erabaki zuten denboraldi erdian. Baina egoera ez zen hobetu.
Juxtu, oso estu libratu zen jaitsiera zuzenetik, puntu bakar batengatik. Baina promozioa jokatu behar izan zuen, eta taldeak 7-0 irabazi zion Alavesi. Denboraldia salbatua zuen, baina…
Herrian futbol kontuak zituztenen ahotan, egoera txarraren errua harrobia utzikeriaz erabili izana salatzen zen. Jubenilen taldearekin bakarrik ezinezkoa zen lehen taldearen gabeziak eta beharrak betetzea, nahiz eta entrenatzailea lan bikaina egiten ari zen, eta beti eskertu beharko zaion egindako guztia. Avelino Cuñado ahaztezinaz ari gara.
Denboraldia zenbakitan: 32 partida, 9 garaipen, 5 berdinketa, 18 porrot; 44 gol alde, 84 aurka; 23 puntu, 14. sailkatua 17 taldeko multzo batean.

Zutik: Soret, Muruamendiaraz, Aldareguia, Iraola, I. Iturrioz, E. Iturrioz, De Andres. Makurtuta: Cacho, Artola, Chinchurreta, Garmendia, Herrera.
1963-64 denboraldia “Iraganetik ikasiz berpiztea”
Presidentea: Alfonso Blanco
Entrenatzailea: Aristeo Ruiz
Aurreko denboraldian jaitsieraren mamua gertutik bizi ondoren, urte guztiz dramatikoa, egoera asko hobetu zen Aristeo Ruiz aulkira itzuli zenean, talde bagoilariko kondaira eta historia. Horri, lehen taldea kalitate handiko jokalariekin indartzeko ahalegina gehitu behar zaio.
Zaleen erretinan, taldeak jarraitzaileei eskaini zien futbol bikainagatik lau arratsalde gogoangarri: Sanseren aurkako bi partidak, bereziki bikaina Atotxako partida, azkenean puntu bakarra batu bazen ere; Euskaldunaren aurkako partida Andoainen, eta zortzi egun geroago Loinazen Real Unionen aurkako garaipen sendoa.
Denboraldia oso ona izan zen, baita azken sailkapena ere, oso itxurazkoa zen 7. postua urte amaieran.
Baikortasuna itzuli zen herrira. Nork pentsatu edo imajinatuko zuen une hartan hurrengo ikasturteko etorkizun hurbila beltza izango zenik? Paperean ez zegoen ezkortasunerako arrazoirik, fitxaketez hitz egiten zen, taldea are gehiago indartzeaz. Ilusioa itzuli zen.
Baina horretaz hitz egingo dugu hurrengo kronikan.
Denboraldia zenbakitan: 30 partida, 12 garaipen, 6 berdinketa, 12 porrot; 53 gol alde, 56 aurka, 30 puntu; 7. sailkatua 16 taldeko multzo batean.

Zutik: Monforte, E. Iturrioz, Ibarlucea, Cacho, Herrera Makurtuta: Maiz, Tolosa, Alvarez, Erausquin, Bidegain, Anabitarte.
1964-65 denboraldia “Hirugarren mailan 9 urte eman ondoren jeitsiera iritsi zen”
Presidentea: Javier Arratibel
Entrenatzailea: Jose Martin Echeverria “Altamira”
Altamira aulkira itzulita, emaitzak oso etsigarriak izan ziren berriro, eta denboraldiko bigarren zatian taldeak hobera egin bazuen ere, ez zen nahikoa izan eta taldeak mailaz jaitsi zen.
Egia esan, ezin esan dezakegu hori ustekabea izan zenik. Are egiazkoagoa da aitortzea bazetorrela, nahiz eta zelai bikaina izan. Loinaz probintziako inbidia zen. Agian Hirugarren Maila, maila altuegia zen Beasainentzat. Une jakin batzuetan izan ezik, taldea jaitsieratik gertuago bizi izan zen taularen goiko aldetik baino kategoria horretan jokatutako denboraldietan.
Garai hartan, jokalarien konpentsazio ekonomikoa ohikoa zen. “Profesionalismoaz” ere hitz egiten zen, eta Beasainek ez zuen agertoki hartan lehiatzeko baliabiderik. Eta begi bistakoa zenez, inork ez zuen gabezia hura konpontzeko erremediorik, eta jaitsiera tristea izan bazen ere, ez zuen inor ustekabean harrapatu.
Denboraldia zenbakitan: 30 partida, 10 garaipen, 3 berdinketa, 17 porrot; 35 gol alde, 64 aurka; 23 puntu, 15. sailkatua 16 taldeko multzo batean.

De pie: Arruabarrena, E. Iturrioz, desconocido, Odriozola, Alcorta y Cacho. Agachados: desconocido, desconocido, Erausquin, Sarasola y F. Iturrioz
1965-66 denboraldia “Igoerak itxaron egin beharko du”
Presidentea: Javier Arratibel
Entrenatzailea: Ramon Ruiz
Etapa berri bati ekingo diogu Lehen Erregionalean, Hirugarren Mailara itzultzeko ametsarekin.
Presidente berak jarraitzen zuen, baina entrenatzaile berria zegoen, Ramon Ruiz, aurreko denboraldian galdutako mailan eskarmentua zuten jokalari askorekin.
Esperientzia handiko jokalarien presentzia horren ondorioz, taldeak maila berriko partidei sendo ekin zien, eta puntuak nahiko erraz batu zituen.
Taldeak lehen itzuli bikaina egin zuen, eta amaitzean lehenak izan ziren, bigarren itzulia jokatu ahal izateko txartela lortuz eta, beraz, mailaz igotzeko aukera ematen ziona. Horrek baikortasun handia eragin zuen, bost puntuko aldea baitzuen bigarren sailkatuarekiko.
Baina bigarren itzuli honetan, igoera jokoan zegoenean, jokalari erabakigarrien lesioek igoeraren ametsa egi bihurtzea eragotzi zuten.
Espero gabeko egoera hau aitzakiatzat hartu badaiteke ere, esan dezakegu igoera lortu ez izana porrota izan zela.
Denboraldia zenbakitan: 18 partida, 12 garaipen, 4 berdinketa, 2 porrot; 46 gol alde, 18 aurka; 28 puntu, 10 positibo; 1go sailkatua 10 taldeko multzoan.

Zutik: Nicasio, Aldareguia, E. Iturrioz, Odriozola, Herrera eta De Andres. Makurtuta: Gainza, Bilbao, Cacho, Iriarte eta Tolosa.
1966-67 denboraldia “Igoerak itxaron egin beharko du beste urtebetez”
Presidentea: Juan Jauregui
Entrenatzailea: Victor Arguiñano
Denboraldiari ekiterakoan ideia bakar bat zegoen denen buruan, Hirugarren Mailako kategoria berreskuratzea.
Erregionalerako jaitsiera gauzatu zen egunetik, 1965eko udaberrian, desioa bera zen, gure lehen taldea beti egon behar zuen lekura itzultzea. Baina desioak, badakigu desioak baino ez direla, eta errealitatea batzuetan apetatsua da eta ez dator bat desioekin.
Nahiz eta denboraldi amaiera etsigarria izan, egia da baita ere, arratsalde batzuk oroimenean geratu zirela, Hernaniko Txantxilla zahar eta desagertuan Bianchiren aurka jokatutako partida esaterako, aurkaria lotsagorrituz 0 eta 10eko emaitzarekin.
Lehen itzulia seigarren amaitu ondoren, igoera fasean, helburu nagusia lortzeko guztia bideratuta zegoela zirudien. Jokalariek zuten guztia berdegunean utzi behar zutenean etxean Loinazen, Elgoibarren aurka jokatu beharreko partida garrantzitsuan huts egin zen. Eta ez zen igoera lortzeko finala jokatzeko txartela lortu.
Denboraldiko pozik handiena gazte mailako (jubenil) taldearekin etorri zen. Bere multzoko txapeldun izan ondoren, lehen taldearekin desengainatuta zeuden zaleak jubenilekin murgildu ziren, eta denboraldi zoragarri baten ondoren Gazte Mailako Lehen Mailara igotzea lortu zuten. Une hartan garrantzi handiko arrakastatzat jo zen, lortutakoaz gain etorkizun oparoa iragartzen baitzion lehen taldeari.
Hain bikaina izan zen denboraldia, non Victor Martinez hautatzaile nazionala Loinazera joan zela taldeko zenbait jokalari bertatik bertara ikustera, eta Silvestre Salsamendi Madrilera joan zen Espainiako aurre-selekzioaren entrenamenduetan parte hartzera. Gainera, Azcona eta Lozano fitxatzeko interesa zuten Lehen Mailako zenbait talderekin lotzen zituzten zurrumurruak agertu ziren. Lehenengoaren kasuan, Sportingekin proba bat egitera ere joan zen Gijonera.
Aitzitik, une lazgarriena denboraldia amaitzean iritsi zen. Moto istripu batean Miguel Angel Iriartek bizia galdu zuen. 1965-66 denboraldian, Beasainekin denboraldi bikaina egin ondoren, Sansek fitxatu zuen. Bertan, maila gorenean jokatzen jarraitu zuen, eta Realak bera fitxatzeko interesa agertu zuen. Hain hurbil eta hain liluragarria zen une hau iristear zela, gertaera lazgarri eta zorigaiztokoa gertatu zen.
Denboraldia zenbakitan: 20 partida, 10 garaipen, 5 berdinketa, 5 porrot; 45 gol alde, 23 aurka; 25 puntu, 5 positibo. 4. sailkatua 11 taldeko multzo batean.

Zutik: Mendia, Landa, Madariaga, Hernandez, Navarro, Salsamendi, Avelino Cuñado (entrenatzailea) Makurtuta: Azcona, Perez, Lozano, Juan Luis (haurra, Arrugaeta, Acedo eta Iriarte)
1967-68 denboraldia “Denboraldi aparta”
Presidentea: Juan Jauregui
Entrenatzailea: Aristeo Ruiz
Zalantzarik gabe, ordura arte Beasain K.E.ren historiako denboraldirik onena kontsideratu dezakeguna aztertzeko unea da.
Ligan egindako denboraldia benetan oso ona izan zen, baina egia da ez zela Hirugarren Mailara igotzea lortu. Taldearen lekua Hirugarren Maila zenaren ustea, jarraitzaileen bihotzean eta Klubaren baitan iltzatuta jarraitzen zuen arantzatxoa zen.
Aristeo bagoilarien aulkira itzultzea funtsezkoa izan zen, baita plantilla indartsu baten osaera ere. Sansek jokalari batzuk utzi izana ere erabakigarria bihurtu zen.
Taldeak denboraldi bikaina egin zuen, eta hirugarren postuan bukatu zuen.
Baina denboraldi hau gogoangarria izateko arrazoia, Afizionatuen Kopan izandako parte hartze bikainagatik izan zen. Berazubiko finalera iritsita, Ilintxaren aurka, Etxarte, Txintxurreta eta Lertxundiren golei esker 3-1 irabazi zuten. Cacho kapitainaren eskutan zegoen Kopa, talde bagoilariak egindako lan bikainaren aitortza zen.
Taldeari herrira iritsi zenean egindako harrera ahaztezina izan zen, herri osoa kalean zegoen Berazubin historia egin zuten talde hartako jokalariak zoriondu nahian. Zalantzarik gabe, Klubaren historiako atal bikainenetako bat izan zen.
Udalak bat egin nahi izan zuen txapeldunekin udaletxean egindako omenaldiarekin.
Garaipen horrek ateak ireki zizkion Estatuko Afizionatuen Txapelketan parte hartzeko, non Beasainek Bilboko Athleticen aurkako bi partidak jokatu eta galdu zituen.
Bi hilabete geroago, 1964-65 denboraldiaz geroztik jokatzen zen Federazio Trofeoa erdietsi zuten. Finala Aurrera Vitoriaren aurka irabazi zuten, itzulerako partida zirraragarrian 3-2ko emaitzarekin, Espinosak bere atean, Cachok eta Echartek sartutako golei esker.
Denboraldia zenbakitan: 22 partida, 11 garaipen, 6 berdinketa, 5 porrot; 45 gol alde, 22 aurka; 28 puntu, 65 positibo; 3. sailkatua 12 taldeko multzo batean.

Ligako partidua Zutik: Lekuona, Nicasio, Odriozola, Madariaga, Lasa, Elduaien Makurtuta: Azkona, Cacho, Txintxurreta, Irigoien, Lertxundi.

Afizionatuen Kopako finala Berazubin (Tolosa) Zutik: Aristeo (entren.), Aginaga, Nicasio, Odriozola, Jauregi, Lasa, Elduaien, Lekuona, Ayestaran (delegatua) Makurtuta: Faraón (utilleroa), Etxarte, Salsamendi, Txintxurreta, Cacho (cap), Lertxundi.
1968-69 denboraldia “Bigarren Erregionalera jaistea”
Presidentea: Juan Jauregui
Entrenatzailea: Aristeo Ruiz
Denboraldi historiko ahaztezin batetik gentozen; Berazubiko finala eta Ilintxaren aurka lortutako garaipen itzela. Afizionatuen Kopa lehen tokian zegoen klubeko garaikurrak gordetzeko beira-arasetan; gainera, aurreko denboraldian Federazio Kopa ere irabazi zen, ziurrenik inoizko denboraldirik onena.
Berriki gertatutako hori, beste denboraldi handi batez gozatzeko irrikan zeuden zaleen oroimenean zegoen, baina gauzak erabat aldatu ziren hasieratik. Egia da Aristeo handiak taldearen zuzendaritzan jarraitzen zuela entrenatzaile gisa, baina taldea asko ahuldu zen, kalitate aldetik askoz eskasagoa zen. Taldea utzi zuten jokalarien kopurua handia izan zen bereziki jokalari garrantzitsuena.
Utzita zeuden jokalariak jatorrizko klubera itzuli ziren, Sansera kasu honetan. Beste baja batzuez gain, denboraldiari aurre egiteko taldea osatzea erronka handia izan zen.
Hilabete gutxi batzuk baino ez ziren igaro, baina zein urrun geratzen ziren aurreko denboraldiko arrakastak. Asebetetzetik hutsera igarotzea izan zen. Denboraldia etengabeko nahigabea izan zen jarraitzaileentzat; porrotak igandero iristen ziren eta urte osoan zehar Beasainek ez zuen jaitsiera postuetatik irtetea lortuko. Azkenean hamabosgarren postua, azken-aurrekoa eta mailaz jaistera.
Zein urrun zegoen hirugarren mailara itzultzeko ametsa, urtebete lehenago gertukoa zirudien ordea. Baina ez, jaitsi egin zen eta lehentasuna Lehen Erregionalera itzultzea zen. Hala ere, ez zen erraza izango, noski.
Denboraldia zenbakitan: 30 partida, 5 garaipen, 7 berdinketa, 18 porrot; 36 gol alde, 76 aurka; 17 puntu, 13 negatibo. 15. sailkatua 16 taldeko talde batean.

Zutik: Lekuona (atezaina), Garate, Jauregui, Nicasio, Herrera, Urbieta Makurtuta: Barandiarán, Salsamendi, Aranburu, Barral eta Zudaire
1969-70 denboraldia “Tristuratik etsipenera”
Presidentea: Fermin Urrutia
Entrenatzailea: Aristeo Ruiz
Oraindik triste, oso triste, aurreko denboraldiko jaitsieragatik. Beasain Bigarren Errejionalean zegoen. Une honetan, zeinen urrun zegoen Hirugarren Mailan berriro jokatzeko ametsa. Aristeok entrenatzaile karguan jarraitzen zuen, Juan Antonio Lopez jokalari ohi bagoneroaren laguntzarekin. Zuzendaritzan, ordea, mugimendua egon zen eta Fermin Urrutiak hartu zuen lehendakaritza, Juan Jauregui ordezkatuz.
Taldea indartzeko eta bere potentziala handitzeko asmoz, aurreko denboraldian Sansera joan ziren jokalari batzuk etxera itzultzea lortu zen. Ideia bakarra buruan eta oso argia: igotzea. Ez zegoen besterik.
Taldeak lehiaketa faboritoaren etiketarekin hasi zuen arren, hasiera zalantzazkoa izan zen. Emaitzak ez ziren espero zirenak izan, baina hala ere, gutxi gorabehera, taldeak beti eutsi zien taulako lehen postuei.
Espero bezain onak ez diren emaitza horien aitzakian, esan beharra dago zenbait jokalari titularrek hainbat egoerengatik ezin izan zutela taldean parte hartu txapelketak aurrera egin zuen arte.
Liga erregularra amaituta, taldea laugarren postuan kokatu zen eta bigarren fasea jokatzeko aukera izan zuen. Fase horretako partiduak promoziokoak izendatu genitzake. Behin fase hau amaituta, taldeak maila igotzeko adina partida irabazi zituen, baina ez zen horrela izan. Hau da etsipen haren historia.
Espainiako Futbol Federazioak Hirugarren Mailako multzoen kopurua murriztu zuen eta Aragoiko eta Soriako taldeak gipuzkoarren, bizkaitarren eta nafarren multzoan sartu ziren. Horrek, domino efektu gisa, Gipuzkoako zenbait talde Lehen Erregionalera jaistea ekarri zuen.
Horregatik guztiagatik, Beasainek, berdeguneetan igoera lortu arren, Bigarren Errejionalean jokatzen jarraituko zuen hurrengo denboraldian. Denboraldia triste hasi genuen eta atsekabetuta amaitu genuen.
Denboraldia zenbakitan: 14 partida, 4 garaipen, 8 berdinketa, 2 porrot; 19 gol alde, 16 aurka; 16 puntu. 8 taldeko multzoan 4. sailkatuta.

Zutik: Manu Azcona, Jose Mari Martin “Nicasio”, Odriozola, Aldasoro, Landa, Urrutia, Posa (delegatua). Makurtuta: Barandiaran, Emparanza, Larrañaga, Damian, Begiristain.
1970-71 denboraldia “Lehen Erregionalera igotzea”
Presidentea: Jesus Camacho
Entrenatzailea: Ramon de Pedro
Bigarren Erregionalean egondako aurreko denboraldi batetik gentozen. Zelaian, Lehen Erregionalera igotzeko helburua lortu zen, baina Federazio espainiarrak Hirugarren Mailaren berregituratzea egitean honek domino efektua eragin zuen. Hau oso kaltegarria izan zen Beasain KErentzat eta beste urte batez Bigarren Erregionalean egon behar izan zuen.
Jesus Camacho presidente berriak, aldaketa egiteko erabakia hartu zuen eta lehen taldeko zuzendaritza teknikoan Ramon De Pedro jokalari ohia entrenatzaile postuan kokatu zuen Ariste Ruiz ospetsua ordezkatuz.
Denboraldia oso ona izan zen, Liga Bergarak irabazi zuen, bigarren izan zen Lengokoak eta hirugarren talde beasaindarra izan zen, horrekin igoerako saria lortu zuen Beasain KEk, 15 garaipen, 7 berdinketa, 6 porrot, 66 gol alde eta 37 kontra, guztira 37 puntu eta 9 positibo. Bai, positiboen eta negatiboen garaiak ziren adierazle gisa. Garrantzitsuak ziren puntu guztiak, baina denboraldian zehar positiboak eta negatiboak adierazle onak ziren, urteen poderioz, garaipenagatik lortutako hiru puntuen ondoren, jada kendu zituzten. Desagertu ziren, eta garai haietako oroiminak hunkitzen gaitu.
Poz handiko uneak izan ziren, bai, irrikaz desiratutakoa lortu zen. Igoera, bai. Hurrengo denboraldian taldea Lehen Mailan lehiatuko zen itzuliko zen 1965an Hirugarren Mailatik behera jaitsi ondoren. Lehen erregionala, talde beasaindarra egon behar zen maila zela pentsatzen zen, egunen batean handik Hirugarren Mailara jauzi egiteko.

Zutik: Ramon de Pedro (entrenatzailea), Majori, Garmendia, Iraola, Aldasoro, Herrera, Arguiñano eta Azcona. Makurtuta: F. Iturrioz, Hernandez, I. Iturrioz, Navarro eta Beguiristain.
1971-72 denboraldia “Bigarren Erregionalera bueltan”
Presidentea: Jesus Camacho
Entrenatzailea: Juan Cacho / Ramon de Pedro
Zoriontsuak izango ginela kategoria berrian uste genuen, baina usteak erdia ustel eta urte oso gogorra izan zen, oso zaila eta amaiera mingotsarekin.
Hasierako jardunaldiko porrot mingarriak (0-5) ez zuen ezer onik iragarri. Juan Cacho jokalari ohiak hartu zuen taldearen ardura. Aurreko denboraldian emaitza bikainekin entrenatu zuen gazteen taldea, mailaz igo zuen, baina emaitza txarrak eta une oro jaitsierako postuetan egoteak entrenatzaile aldaketa ekarri zuen. Ramon de Pedro igoera lortu zuen entrenatzaileak hartu zuen taldea zuzentzearen ardura.
Denboraldia porrot mingarri ugariz beteta egon zen. Gogorrena Altamirako elaiaren inaugurazioan gertatu zen. Taldeak 4-0 galdu zuen derbia Villafrancarekin.
Denboraldiaren amaieran, 30 partiden ostean, 7 garaipen, 4 berdinketa eta 19 porrot; 30 gol alde eta 69 kontra, 18 puntu eta 12 negatiborekin amaitu zen. Azken-aurrekoak taulan, 16 taldeetatik hamabosgarrenak eta ondorioz, kategoriaz jaitsi eta bigarren erregionalera itzuli ginen.
Argazkia
Altamirako (Ordizia) futbol zelaia 1972ko otsailaren 20an inauguratu zen Villafrancaren eta Beasainen arteko partidarekin. Ordiziarrek irabazi zuten 4-0 eko emaitzarekin.
Argazkian, Beasaingo taldea:
Zutik: Ramon de Pedro (entrenatzailea), Garate, Nicasio, Aranburu, Herrera, Azcárate eta Mendía. Makurtuta: A. Azcona, Barandiaran, Ayestaran, Navarro eta Beguiristain.
1972-73 denboraldia “Lehen Erregional Mailara Itzuli Nahia”
Presidentea: Miguel Angel Leon
Entrenatzailea: Victor Arguiñano
Taldeak oso denboraldi ona egin zuen, mailan oso eroso agertu zen, partidu asko irabazi zituen, gol asko sartu zituen, pentsa 61!… beharbada une hartan taldeak lehiatzeko kategoria egokiena zen, baina noski, aurreko denboraldian maialaz jaitsi eta gero igoera ez zen beste edozein helburu onartezina zen. Lehen Erregionalera itzuli gabe geratzea ez zen ulertuko, ezin zen onartu une hartan taldearen tokia Bigarren Erregionala zela. Ez, Lehen Erregionalera itzuli nahi genuen, igo nahi genuen…
Hirugarren postuan amaitu zen: 20 garaipen, 6 berdinketa eta 8 porrot; 46 puntu eta 12 positiborekin. Zenbaki handiak ziren, baina ez ziren nahikoa izan igoera lortzeko…
Igoera, lehen esan bezala, helburu nagusia izaten jarraitzen zuelako, klubak bere lehen taldea Lehen Erregionalean egotea nahi zuen, egunen batean Hirugarren Mailara itzultzeko ametsa izan behar zuena. Baina zain jarraitu behar oraingoz, beasaindarren tokia Bigarren Erregionalean zegoen.
Baina orduan ez genekien arren, Lehen Erregionalera itzultzea uste genuena baino hurbilago zegoen…
Argazkia
Zutik: Azcona, Lamarca, Pérez, Aldasoro, Galarza eta Urrutia Makurtuta: Gutiérrez, Arguiñano, Ayestarán, Azcárate eta García
1973-74 denboraldia “Lehen Erregionalera Igotzea”
Presidentea: Miguel Angel Leon
Entrenatzailea: Agustin Cacho / Jose Lecuona
Itzuleraren denboraldia izan zen, bai, Lehen Erregionalera itzultzea. Helburua bai, baina gauzak ez ziren ondo hasi, emaitzak tarteko. Denboraldia entrenatzaile postuan Agustin Cacho jokalari ohiarekin hasi zen, urte askoan
Beasain taldeko kapitaina eta erreferentzia, jubenilen entrenatzailea izateaz gain lehen taldearen buru. Baina esaten da emaitzak agintzen dutela futbolean, emaitzak guztia direla, eta kasu honetan emaitza txarrek norabide-aldaketa eragin zuten, Jose Lecuonak hartu bait zuen taldearen gidaritza denboraldiaren erdian.
Nahiz eta gaur egungo ikuspegitik egoera zaila iruditu, lehen fasearen amaieran sailkapeneko hamargarren postuan egoteak (18 talde parte hartzaileetatik -13 garaipen, 10 berdinketa, 11 porrot, 36 puntu guztira-), Lehen Erregionalera igotzeko aukera ematen zuen. Eta hilabete batzuk lehenago ezinezkoa zirudiena lortu zen. Bai egia zen, taldeak igotzea lortu zuen eta gure lehen taldea Lehen Erregionaleko taldea zen!
Eta ez hori bakarrik, agur hau ez zen gero arte bat izan… Bigarren Erregionalari behin betiko agur esan zitzaion, inoiz gehiago ez itzultzeko. Beasaingo lehen taldeak maila horretan jokatuko zuen berriro. Ohikoa da esatea ondo amaitzen dena ondo dagoela eta hasiera gogorraren ondorioz denboraldi erdian entrenatzaile aldaketarekin ezusteko igoera erdietsi zen denboraldia nola iragan zen ikusita. Baina esan dezakegu beharrezkoa eta merezia izan zela.
—Pie de foto/argazki oina: Beasain taldea 1973-74 denboraldian: Zutik: Mendia, Balerdi, Bereziartua, Nicasio, Galarza eta Larraza. Makurtuta: Aldasoro, Gutiterrez, Goya, Navarro eta Monreal.

Zutik, ezkerretik eskubira. Mendia (Atezaina), Balerdi, Bereciartua, Nicasio, Galarza y Larraza. Makurtuta, ezkerretik eskubira: Aldasoro, Guti, Goya, Navarro y Monreal.
1974-75 denboraldia “Lehen Erregionalean egonkortuta; amestu al daiteke
zerbait gehiagorekin?”
Presidentea: Miguel Angel Leon
Entrenatzailea: Jose Lecuona
Denboraldia zalantzekin hasi zen, oraindik fresko zegoen oroitzapenean urte gutxi batzuk lehenago gertatu zena, 1970-71 denboraldiko igoeraren euforiaren ondoren, hurrengo denboraldiko jaitsieraren zapore mingotsa. Eta hori itxuraz, denboraldia hasi baino lehen, 71ko udan, plantilla ona zirudiela. Gauzak itsusitu zirenean, igoerako entrenatzailea itzuli zen. Baina, esan bezala, Bigarren Errejionalera jaisteko hotsak entzuten zirela zirudien.
Horregatik, 74ko udan, apostua eta helburua apalak ziren; kategoria mantentzea. Taldean José Lecuona entrenatzaileak jarraitzen zuen, igoerakoa, baina denboraldi hasiera etsigarri baten ondoren, emaitza txarrekin, taldeak partida eta emaitza bolada ona eta ikusgarria kateatu zuen eta 20 partida eman zituen jarraian porrotik gabe taularen gorenera iritsiz.
1974-75 denboraldi honetan, beste kategoria berri bat erantsi zen lehiaketara, Errejional Gorengoa Kategoria. Taldearen ibilbide bikaina ikusirik, jokatzen ikusita eta emaitzak aztertuta, Preferenterako igoerarekin amets egitea ez zen Kimera bat. Zentzuzkoa zen lor zitekela pentsatzea, berriro diot, taldearen jokoak eta emaitzek aukera hori irrikaz zilegia zela pentsarazten zuten.
Denboraldia zenbakitan: bigarren postua, Oñatiko Aloña Mendi txapeldunaren atzetik; 23 garaipen, bi berdinketa eta bost porrot lortuta; 71 gol alde, 21 aurka, 48 puntu erdietsiz txapeldunengandik 4ra.
Baina emaitza bikainak, puntu kopuruak, ez ziren nahikoak izan. Txapelduna igo zen zuzenean bakarrik eta txapeldunordeak promozioan borrokatu behar nuen. Txapelduna, aipatu bezala Aloña Mendi izan zen eta promozioan, Zumarragako Urola izan zen Beasain baino hobea, eta 7-5eko globalarekin kanpoan utzi gintuen, igoerak itxaron egin beharko zuen.

Zutik, ezkerretik eskubira, Rodriguez (Atezaina), Iruretagoyena, Colias, Iraola, Landa y Navarro. Makurtuta, ezkerretik eskubira, Monreal, Nicasio, Jose Maria Martin bere semearekin, Larraza, Echezarreta y Alonso.
1975-76 denboraldia “Igoeraren bila”
Presidentea: Miguel Angel Leon
Entrenatzailea: Angel Maria Arguiñano/Santi Enparantza
Aurreko denboraldi bikainaren ostean, taldeak eskuan izan zen zuen igoera. Hain gertu non promozioan zapuztu zela ametsa. Hori zen hitz magikoa, mailaz igotzea. Hitzetik hortzera zerabilkiten, ahoz-aho, Beasain faborito nagusia zela igoerarako. Horrela bada, hasi zen urte honetako denboraldia.
Eta taldeak sobera erakutsi zuen helburu errealista eta lortzeko modukoa zela. Zaila da denboraldi okerragoa imajinatzea. Kontrako inguruabarrak, lesioen izurritea, funtsezko jokalariak soldaduskara joatea… eta hori gutxi balitz entrenatzaile aldaketa denboraldiaren azken txanpan gaixotasunagatik. Hain urri eta motz geratu zen taldea, gazteen mailako taldeko jokalariak, ez bakarrik deialdiak osatzeko, hasierako hamaikakoan jokatzeko erabili behar izan zituztela.
Nahiz eta atsekabe guztiak jasan, denboraldi osoan taldea sailkapenaren goialdean mantendu zen eta txapelketa irabazteko zorian egon zen azken bi jardunaldiak arte, baina lehenengoa eta txapelduna Gasteizko Vitoria taldea izan zen. Eta igoera-fasea jokatu behar izan zen berriro, aurreko denboraldian bezala urrats batera geratu ginen, azken urrats hori. Igoerak berriro ihes egin zigun esku artetik. Berriz ere amaiera mingotsa.
Denboraldia zenbakitan. 32 partida jokatu; 21 garaipen, 3 berdinketa, 8 porrot. 45 punturekin, 77 gol alde, 31 aurka. Bigarren postua, Gasteiz txapeldunarengandik 5 puntura.
Hain hurbil egon izanaren eta ez izanaren tristura gorabehera, igoeraz ari gara, denboraldia bikaina izan zen. Bide onean geunden, edo hala zirudien.
1976-77 denboraldia “Arazo gehiegi zelaitik kanpo”
Presidentea: Miguel Angel Leon
Entrenatzailea: Xanti Emparantza
Denboraldi honen azterketa zelaitik kanpo gertatutakoaz egiten da zelaian gertatutakoaz baino gehiago, eta 76ko udan, 75-76 denboraldiaren amaieran, egin zen Klubaren Batzar orokorrean hasten da.
Bilera horretan, zuzendaritzakoek oso egoera ekonomiko kezkagarria aurkeztu zuten, ia negargarria, Kluba zegoen egoeran ez baitzuten kontuak koadratzeko modurik ikusten.
Horregatik, Udalarekin hitz egitera joatea erabaki zen, egoera azaltzeko eta egoera larri hori aldatzeko urteko dirulaguntza nola handitu zezaketen aztertzeko.
Eta hala egin zen, baina proposamenak Udalaren ezezkoa jaso zuen, erabateko ezezkoa; dirulaguntza ez zen handitu.
Klubak ez zuen aurrekontua berdintzeko modurik ikusten, baina aukera batzuk planteatu ziren, egia esateko nahiko etsita. Lehenengo gauza Bareak Merkatarien Elkartearen atea jotzea izan zen. Elkarteak, klubaren egoera ikusita, kirol-materialaren %100aren kostua hartu zuen bere gain. Saltokietan diru-bilketak egiteaz gain, bazkide kopurua handitzeko helburua ere ezarri zen, sarreren prezioa igotzea, Loinazen iragarkiak jartzea, kanpoko partiduetara ibilgailu partikularretan joatea, eta abar.
Saiakera asko egin ziren, baina egoera jasanezina zen oraindik, ezin zen aurrekontua berdindu. Zorrak sortzen ziren, zenbaki gorrietan geunden.
Arlo ekonomiko eta instituzionaleko egoera zail hori, zalantzarik gabe, zelaian eragina izan zuen eta noski kirol esparruan. Denboraldi tristea izan zen lehen taldearentzat, beti taularen erdialdean, goi postuetatik urrunegi, igoerarekin amets eginaraziko zigutelakoan eta ez funtsik gabeko denboraldia izan zen. Aurrenekoetatik oso urrun egon ginen, erdikaldean geratu ginen, denboraldia luze egin zen. Aurreko denboraldia oso ona izan zen eta horrek itxaropen dezente piztu zituen; gehiago espero zitekeen baina ez zen hala izan.
Denboraldia zenbakitan. 7. postuan, 18 taldeko liga batean; 15 garaipen, 9 berdinketa eta 10 porrot. 60 gol alde eta 47 aurka, 35 puntu eta 5 positiborekin: Hernani txapeldunak lortu zituen 50 puntuetatik (16 positibo) oso urrun.
Etorkizuna ez zen ona, hurrengo kapituluan ikusiko dugu nola igaro zen eta zer gertatu zen hurrengo denboraldian.
1977-78 denboraldia “Zailtasun gehiegi zelaian eta zelaitik kanpo”
Presidentea: Juan Bautista Jauregui
Entrenatzailea: Ángel María Arguiñano
Kluba dinamika zail batean murgilduta zegoen. Egoera ekonomikoa oso zaila jarraitzen zuen izaten, ia jasanezina, baina beste osagai bat gehitu zitzaion, aurretik nabaritzen hasia zena, baina une honetan nabarmenegia zena kontuan ez hartzeko; klubaren alde lan egiteko prest zegoen boluntariorik ez egotea eta Loinaz futbol zelaira zetorren zale kopurua gero eta urriagoa izatea. Hori zen hitz gutxitan benetako egoera, aurre egin behar zitzaion errealitatea.
Egoera hain txarra izan arren, urtebete lehenago klubak talde berri bat jarri zuen martxan zelaietan. Senior eta jubenil taldeen ondoren, martxan eta lehiatzen ari zen Aurrejubenil taldea. Ahalegin handia egin behar izan zen, baina merezi zuen saiatzea. Apustua ongi irten zen. Emaitzei dagokionez lehen denboraldi diskretu baten ondoren, bigarren hau bikaina izan zen eta bigarren postua lortu zuen taldeak Gipuzkoako txapelketan. Baina lorpen honekin poztuta itzuli gaitezen lehen taldearekin.
Zelaitik kanpoko egoera ikusita, ez zegoen baikorrak izateko arrazoi handirik aurreko denboraldi txarraren ostean. Hala ere, igoeraren ametsa klubaren helburua izaten jarraitzen zuen. Aipatu bide batez, presidente berria genuela eta zelaira begiratuz gero, Angel Mari Arguiñano entrenatzailea aulkira itzuli zela. Baina beti baikorra izaten zen udaren ostean, iritsi zen errealitatera itzultzeko garaia. Lehiatzeko ordua, udazkena, negu luzea, eta udaberrian egiaztatu zen egoerak ez zuela hobera egin aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Beasainek denboraldi diskretuegia egin zuen berriz ere, grisa esango genuke, emaitza handirik gabe, beti goiko postuetatik urrun. Denboraldia hasi aurretik plantillak sendoa zirudien arren, ez zen hala izan. Agian beste urte batez lesioak oztopo handiegia izan zirelako eta denboraldi etsigarria izan zelako. Igoera urrutiegi zegoen oraindik, eta hori errealitate tristeegia zen.
Denboraldia zenbakitan: 34 partida; 15 garaipen, 8 berdinketa, 11 porrot; 45 gol alde, 41 kontra, 38 puntu (4 positibo). Zazpigarren postuan errepikatu genuen, Zarautz txapeldunarengandik 17 puntura.
Zutik; Larrañaga, Olano, Lasa, Aldanondo, Iruretagoiena eta Mondragon. Makurtuta; Alvarez, Martín, Naldaiz, Patxi Zubeldia eta Silvestre Salsamendi
1978-79 denboraldia “Beste urte bat igoeratik urrun”
Presidentea: Jesús Cuadrado
Entrenatzailea: Ángel María Arguiñano
“Bulegoetako” egoerak zaila izaten jarraitzen zuen. Presidente berria estreinatu genuen, baina egoera ekonomikoak larria izaten jarraitzen zuen. Hala ere, beharbada kezka gehien sortzen zuena zaleek taldeari bizkarra eman ziotela zen. Horren adierazle 78ko udan egin zen batzarrean isladatu zen. Bazkide kopurua 250era ozta-ozta iristen zen. Oso kopuru txikia eta duela urte batzuetako kopurutik oso urrun. Baina gainera, zaleak ere ez ziren zelaira joaten. Denboraldi hau, Loinazko zaleen presentziari dagokionez, historiako txarrenetakoa izateko zorian egon zen.
Motibo pozgarri bat aurkitzeko gazteen taldera joan behar dugu. Bost urtez bigarren mailan egon ondoren, denboraldi bikaina egin ostean lehen mailara igotzea lortu zuten. Xanti Enparanzak zuzentzen zuen taldeak poza eta itxaropena transmititzen zuen. Horrek baikorrak izatera bultzatzen gintuen, jubenilen taldean gazte mordoa ikusten baitzen, jokatzeko moduagatik, lehen taldera berandu baino lehen iritxiko zirela.
Lehen taldeari dagokionez, beste denboraldi bat ezerezaren erdian goi postuetatik urrun. Loinatz ia hutsik egoteak eta lesioek taldea erabat txikitu izanak, denboraldia baldintzatu zuten. Zazpigarren postura lotuak geundela ematen zuen. Beti ere igoera jokatzez zen postu nagusietatik urrunegi. Hiru denboraldi jarraian taularen erdian, hiru denboraldi zazpigarren postuan amaitzen, igoera urrunegi ikusita. Zaleak animorik gabe zeuden eta emaitzei erreparatuz bazituzten horretarako arrazoiak.
Denboraldia zenbakitan: 20 talde, 38 partida; 17 garaipen, 8 berdinketa, 13 porrot; 68 gol alde, 51 kontra; 42 puntu. Hirugarren urtez jarraian 7. postuan, oraingoan Palmira txapeldunarengandik 20 puntura.

Zutik: Ángel María Arguiñano (entrenatzailea), Olano, Bereciartúa, Aldanondo, Presa, Arguiñano, Silvestre, Salsamendi eta Marquinez (delegatua) Makurtuta: Larrañaga, Alonso, K. Lasa, Barandiarán eta Zubeldia

Zutik: Agustin, Goñi, Urretabizkaia, Oiarbide, Etxeberria, Turrientes, Hernandorena Makurtuta: Juanito, Royuela, Ongay, Cortes
1979-80 denboraldia “Eta azkenean iritsi zen igoera desiatua”
Presidentea: Jesús Cuadrado
Entrenatzailea: Jose Maria Martin Nicasio
79ko udan oso garrantzitsua izan zen erabaki bat hartu zen: Jose Mari Martin “Nicasio”, jubenil-aurreko taldean talentu handiko gazteen prestakuntzan hain lan bikaina egiten ari zenak, lehen taldearen gidaritza hartu zuen. Aurreko urtekoen aldean, oso ezberdina ez zen taldea zuzendu zuen. Hala ere, zalantzaz betetako hasiera baten ondoren,
taldea geroz eta lehiakorragoa bihurtu zen txapelketak aurrera egin ahala.
Bilakaera honetan, bikaina izan arteko hazkundea eman zen; indartsua, orekatua, sendoa, finean denboraldi oso ona burutu zuen. Baina batez ere bigarren itzulian. Denbora horretan 12 jardunalditan taldea lidergoan bakarrik mantendu zen. Azken partiduan Loinaz gainezka zegoela, txapeldun izateko aukerarekin iritsi zen. Aurreko denboraldiarekiko aldea erabatekoa, orduan zelaia hutsik ikusten zen, jarraitzaileen berotasunik gabe.
Data garrantzitsu hartan, talde bisitaria Donibane izan zen. Partida zirraragarria, 5-3ko garaipena lortu zuen taldeak. Titulua ospatzeko jaiaren atariko bezala, Beasain Gipuzkoako Lehen Erregionaleko txapelduna zen eta Preferente mailara igotzea lortu zuen. Helburua erdietsi zen. Egun zoriontsuak ziren klubean eta herrian, garai onak zetozela zirudien.
1980ko udaberrian, Beasainek 75 urte bete zituen, eta ospatzeko modurik onena igoera desiratua lortzea zen. Urteurren hartatik, Loinazko beteranoen partida ere geratzen zaigu gogoan: Realak eta Beasainek jokatuko zuten, eta epaile nagusia beasaindarra, Eduardo Garmendia “Kartuli” ezagunak, zuzendu zuen norgehiagoka.
Amaitzeko, denboraldia zenbakitan: 30 partida, 18 garaipen, 8 berdinketa, 4 porrot; 76 gol alde, 29 aurka, 44 puntu.
Txapeldunak eta igoera.

Zutik: Nicasio (Entrenatzaile), Mondragón (portero), Minguez, Echeverría, Salsamendi, Insausti, Zamorano. Makortuta: Barandiaran, Martin, Alonso, Zubeldia y Ramon
1980-81 denboraldia “Historia errepikatzen da. Alaitasunetik tristurara”
Presidentea: Jesus Cuadrado
Entrenatzailea: Jose Maria Martin Nicasio
Lortutako igoeraren ondoren, jarraitzaileen artean poza nagusitu zen. Helburua lortzea ez zen samurra izan, baina azkenean lortu egin zen. Garai gozoak zetozen edo hori uste genuen behintzat, izan ere Preferentean baikeunden azkenean. Pozik eta ilusioz gainezka egoteko motiboa zen.
1980ko udan aurreikuspenak baikorrak ziren. Taldearen eta plantillaren buru izan zen entrenatzaileak jarraitzen zuen, jokalari garrantzitsuak mantentzen zituen, eta indartu ere egin zen taldea. Sailkapen taularen erdian eroso egotea aurreikusten genuen eta agian gorago. Zergatik ez?
Gero, denboraldiak errealitate gordinera itzuli gintuen; jokalari garrantzitsuak, espero zen baino lehiakortasun maila altuaren ondorioz agian, lesionatu egin ziren. Asko kostatzen zen irabaztea, igandetik igandera emaitza txarrak ohikoak bilakatu ziren. Jaitsiera postuetan egotea ez zen erraza izan… guztiaren nahasketak cocktail suntsitzailea sortu zuen. Urtebete geroago poza tristura bihurtu zen, eta hori onartzea gogorra izan zen.
Bizi izandako egoera horrek beste urte batzuk atzerago bizitakoaren oroitzapenak ekarri zizkigun. 1970-1971 denboraldian zehazki, taldeak Lehen Erregionalera modu bikainean igotzea lortu zuen, baina kategoria hartan urtebete baino ez zuen iraun, eta triste eta lur jota itzuli ginen Bigarren Erregionalaren zergatia ulertu gabe. Entrenatzaile bera,
plantilla lehiakorra eta jaitsiera. Historia bera hamarkada bat beranduago berriz errepikatu zen.
Denboraldia zenbakitan: 38 partida, 8 garaipen, 12 berdinketa, 18 Porrot; 40 gol kontra eta 30 alde; 28 puntu eta 10 negatibo. 20 taldeko sailkapenean 19. postuan.

Zutik: Ramon, Ongay, Cortes, Hernandorena, Echeverría, Huarte (Atezain). Makortuta: Martin, Muruamendaraz, Navarro, Alonso y Lizarraga
1981-82 denboraldia “Berriz ere erdipurdi”
Presidentea: Miguel Goitía
Entrenatzailea: Silvestre Salsamendi
Miguel Goitia presidente berriarekin iritsi ginen udara. Entrenatzaile berria Silvestre Salsamendi erdilari bikaina izango zen, azken denboraldia amaitzean botak zintzilikatu zituena, jarraian aulkira pasa eta ontzia zuzentzeko ardura bere gain hartu zuena. Denboraldi ona egin eta igoera lortzeko ilusioarekin, helburu bakarra zegoen: Preferentera itzultzea.
Talde orekatua zirudien, non gazteek garrantzia eta esperientzia irabazi baitzuten, eta aldi berean kalitatezko beteranoak ere taldeari denboraldi on bat osatzeko behar bezalako ekarpena egingo ziotenak. Baikortasuna zen nagusi, denok uste genuen talde on bat zegoela goiko postuetan borrokatzeko, oso laburra izango zen liga batean. 10 taldek osatzen zuten sailkapena eta partida asko irabaztea aurreikusi genuen baina …
Udako ilusio hori, denboraldi ona egin eta galdutako mailara itzul zitekeelako ideia, denboraldia hasi bezain laster desagertu zen, eta oso etsigarria izan zen. Ezer gutxi atera daiteke positiboa, ia ezer ere ez, aipatu dugu arestian. Agian taldea gaztetu egin zen, baina jokoa eta emaitzak ez ziren onak izan.
Denboraldia zenbakitan: 18 partida, 4 garaipen, 10 berdinketa, 4 porrot; 22 gol alde, 22 aurka, 18 puntu; 10 taldeetatik 6. sailkatua.

Zutik: Agustin, Cortés, Ongay, Hernandorena, Turrrientes, Gonzalez Aparicio. Makurtuta: Zubeldia, Royuela, Botero, Martín, Monreal
1982-83 denboraldia “Desengainuan harrapatuta”
Presidentea: Miguel Goitia
Entrenatzailea: Silvestre Salsamendi
Azken denboraldian gertatutakoaren oroitzapenarekin, kalifikatzeko zaila den denboraldia hauxe, agian gehiegizkoa da txarra izan zela esatea, baina bai etsigarria. Iraganera itzultzen ari ginela dirudi, eta zelaitik kanpo beste egoera batzuk agertzen hasi dira, tristeki ezagutzen ditugunak eta ezin hobeto gogoratzen ditugu hemen kontatuak daude eta.
Kontuan hartu beharreko lehen adierazlea jarraitzaileen, bazkideen eta klubaren bihotza osatzen zutenen desatxikimendua da. Adibide gisa balio beza 1982ko ekainaren amaieran 9 bazkide baino ez zirela bildu denboraldi amaierako bazkideen batzarrera. Hori behar bezain tristea ez bada ere, egoera ekonomikoak kezkagarria izaten jarraitzen zuen, ia dramatikoa. Eta hirugarren alderdi garrantzitsu bat, 1979an udal igerilekuak eraikitzeko prozesuan, alboko bigarren zelaia kendu eta desagertu egin zen. Espazio horretan udal igerileku berriak zihoazen eta bigarren zelaiaren falta hori oso garrantzitsua zen klubaren egiturarentzat, zalantzarik gabe bigarren instalazio bat behar baitzuen eta zoritxarrez ez zuen.
Egoera horretan, gauzak ez ziren ondo joan. Seguru asko kanpoan gertatzen zen guztiak eragina izan zuen, zaila izan zen zehaztea zein neurritan, baina ziur bere garrantzia izan zuela. Beste denboraldi txar bat izan zen, taularen erdian kokatuak, ezerezaren erdian, goiko postuetatik urrunegi eta benetako helbururik gabe. Bi urte geroago, igoeraren ametsa desagertzen hasi zen, udan taldea indartzen saiatu ziren, baina denboraldiak erakutsi zigun ez zela lortu. Denboraldi hartan futbol gutxiko eta emaitzarik gabeko taldea izan zen.
Denboraldia zenbakitan: 30 partida, 12 garaipen, 8 berdinketa, 10 porrot; 39 gol alde, 39 kontra; 32 puntu, 2 positibo. 16 taldez osatua zegoen sailkapenean 9. postua.
Argazkia
Zutik: Alonso, Romero, Ayestaran, Bartolomé, Mintegui, Ongay, Jauregui, Nekola eta Silvestre Salsamendi (entrenatzailea). Makurtuta: Pikin, Xabi Ibañez, Cano, Arraiza, Bosque, Arrieta, Lasa eta Lanchurro.
1983-84 Denboraldia “Hirugarren Mailara igoera”
Presidentea: Jesús Cuadrado
Entrenatzailea: Jose Maria Martin “Nicasio”
Zelaitik at uda zaila izan zen, bileraz, batzarrez eta abarrez betea; Ohiko Batzarrarekin hasi ginen, gero Ezohiko bi Batzar, bitartean Udalarekin bilera batzuk eginez, azkenean normaltasun apur bat berreskuratzeko eta lehendakari berria izateko. Eskaerak pilatzen ziren; bigarren zelai berria, aldagela berriak… . Izar ere, Antzizar kiroldegi berriaren obrak lehendik zeudenak eraman zituen. Materiala gordetzeko biltegi bat, Loinazko zelaiaren itxiera, behar ugari azken finean. Udalaren promesen ondoren, esan bezala, normaltasuna itzuli zen, baina aldi baterako bakarrik.
Kirol arloan iritsi ziren albiste onak, kimu berdeak. Hasteko, Nicasioren itzulerarekin lehen taldeko aulkira. Bere etorrerak aldaketa garrantzitsu bat ekarri zuen onerako. Garai hobeetako oroitzapenak eta ilusioa ekarri zituen; bere etorrera hutsa inflexio puntu garrantzitsu bat izan zen. Zenbait ukitu plantillan, lehiakorragoak izan nahian.
Hainbat faktore batu ziren eta denboraldi ona izan zen emaitza, batez ere goi mailara berandu baino lehen jauzi egiteko oinarriak jarri ziren. Taldeak ilusioa berreskuratzeko denboraldia izan zen, etorkizunak agintzen zuen eta garai txarrak atzean geratu zirela zirudien.
80ko hamarkadaren lehen urte hauetan, beteranoen partidak ugaritu egin ziren nonahi, eta arrakasta handia izan zuten; horregatik, denboraldi honetako kronikarekin batera, gure beteranoen taldearen argazkia.
Denboraldia zenbakitan: 30 partida, 15 garaipen, 7 berdinketa, 8 porrot; 48 gol alde, 30 gol kontra; 37 puntu, 7 positibo. 5. postua 16 taldez osatutako sailkapenean.
1984-85 denboraldia “Historiako Denboraldi Onenetakoa”
Presidentea: Migue Goitia
Entrenatzailea: Jose Maria Martin “Nicasio”
Aurreko denboraldi ilusionagarriaren ondoren -oraindik gure oroimenean bizirik- plantillaren oinarria mantenduz eta jokalari berriekin indartuta, ez zegoen baikorrak ez izateko motiburik. Behingoagatik, aurreikuspen onenak baieztatu ziren. Taldea garaitezina izan zen lehenengo jardunalditik, bere nagusitasuna erabatekoa izanez.
Jardunaldietan aurrera egin ahala, garaipenak pilatu egiten ziren. Noizbehinka berdinketaren bat eta porrotik ez. Zenbakiak ikaragarriak izan ziren, Loinaz bete egiten zen eta zaletuek taldea probintziako zelai guztietara jarraitu zuten. Egia esan, futbol zelai guztietan beasaindar zaleak gehingoa ziren, izan ere taldearekin egon nahi zuten irteeretan ere.
Ez zegoen zalantzarik nor zen mailako talderik onena. Argitzeke zegoen gauza bakarra txapeldun noiz izango zen jakitea. Eta une hori denboraldia amaitzeko hiru jardunaldi falta zirela iritsi zen. Taldea txapeldun izan zen eta titulu horrek beste sari bat zeraman, hori ere oso garrantzitsua, Preferente (Gorengoa) mailara igotzea.
Zalantzarik gabe, ahaztezina Loinazen jokatu zen azken partida. Hau ere inongo ezbairik gabe garaipen garbi batekin amaitu zen: 3-0 Soraluzeren aurka. Joseba “Pela” Arzak Gipuzkoako presidenteak garaipenaren Kopa eman zion taldeari. Loinatz jendez gainezka eta dardarka bere taldearekin guztiz bat eginda agertu zen.
Baina denboraldia ez zen amaitu. Beste multzoko txapelduna zen San Ignacio gasteiztarraren aurka jokatzearen saria geratzen zen. Gasteizen 1-1 berdindu ondoren, itzuliko partidan, Loinazen, bagoneroak 3-0 argi eta garbi nagusitu ziren eta Erregionaleko Lehen Mailako txapeldun izendatu ziren.
Zalantzarik gabe, Klubaren historiako kanpainarik onenetakoa eta benetan denboraldi gogoangarria. Bizirik diraugunontza ahaztezina, hura bizi izan ez zutenek ziur inoiz entzun dutela 1984-85 denboraldiari buruzkorik.
Denboraldia zenbakitan: 30 partida, 23 garaipen, 7 berdinketa, 0 porrot. 82 gol alde, 14 kontra. 52 puntu, 23 positibo. 16 taldeko sailkepenean lehenengoa.
1985-86 Denboraldia “Uda Zaila”
Presidentea: Miguel Goitia
Entrenatzailea: Juan Carlos Abasolo
1985eko udan gaude. Historiaren testuingurua azalduko dugu. Amaitu berri zen denboraldi historikoaren ondoren, euforia uneak bizi genituen. Denboraldi ahaztezin bat bizi izan genuen bai, eta taldea partidurik galdu gabe igoeraren helmugaraino iritsi zen. Baina hori iragana zen, orain uda zail baten historia kontatzea dagokigu, eta erdal esaera zaharrak dioen bezala, txiroaren etxean alaitasunak ez duela gehiegi irauten baieztatu dezakegu.
Izan ere, 85eko uda honetan gauzak korapilatu egin ziren, eta nola gainera! Arazoak sortu ziren zuzendaritzaren eta entrenatzailearen arteko iritzi kontrajarriak zirela eta. Oinarrian taldea nola indartu zen eztabaida eta honen inguruko zurrumurruak giroa gaiztotu zuten. Taldearen eraikuntza zen gakoa hastear zegoen denboraldiari begira. Oso gutxi falta zen taldea entrenamenduetara itzultzeko, eta inork ezin zuen imajinatu nola amaituko zen istorioa; igoera lortu zuen entrenatzailearen dimisioarekin hain zuzen ere. Unerik latzenean, denboraldia hastear zegoela.
Hura lurrikara! Ez bakarrik ezustekoagatik, baizik eta benetan oso egoera zaila, oso konplikatua eta aurreikusi ezinezko ondorioak izan zituelako.
Beraz, testuinguruan kokatu gara. Jarrai dezagun aurrera. Esan bezala, egoera zail, ustekabeko eta oso konplikatu batean gaude. Zuzendaritza lanean hasi zen, ia denborarik gabe. Entrenatzaile berria aurkitu behar zen, bagoilarien ontziaren buru izango zena.
Juan Carlos Abasolo izan zen aukeratua, duela urte batzuk Realean atzelari aritutakoa. Kluba berarekin harremanetan jarri zen eta entrenatzaileak eskaintza onartu eta taldearen ardura hartu zuen.
Ez zen denboraldi bikaina izan, baina bai balekoa. Sailkapenean toki ertain-altuan amaitu genuen, kategoria berri eta gogor batean. Nota nahikoa-altu batekin gainditua. Agian aurreko denboralditik etorrita pixka bat gehiago espero zitekeen, baina pozik. Taldea egonkortu egin zen maila berrian.
Kontua ez da nota altuko denboraldia izan zela esatea, baina udan izandako arazoekin, denboraldia amaitzean gutxienez azterketa gainditu izanaren sentsazioa zegoen.
Denboraldia zenbakitan: 38 partida; 17 garaipen, 9 berdinketa, 12 porrot. 59 gol alde, 49 kontra. 43 puntu, 5 positibo. Seigarren 20 taldez osatutako sailkapenean.

Zutik, Ezkerretik eskubira. Simpler, Nekola, Agustin (portero), Cortes, Bartlome, Roberto Turrientes. Makurtuta, ezkerretik eskubira. Galarreta, Cortaberria, Goya, Arruabarrena, Arrieta.
1986-87 Denboraldia “Denboraldi Korapilatsua”
Presidentea: Miguel Goitia
Entrenatzailea: Juan Carlos Abasolo / Gregorio Cano
Itxaropen handiak jarrita geneuzkan denboraldiaren kontakizunari ekiten diogu. Hala ere, lehiaketak beste bide batetik eraman gintuen, eta ez dugu ezer onik kontatzeko.
Zalantzarik gabe, urte zaila izan zen, lesio andanak eraginda, eta horrek asko baldintzatu zuen denboraldiaren hasiera. Ziurrenik, taldearen jokoak ere sari gehiago merezi izan zuen puntuei dagokionez, baina ez zen horrela izan eta hasieratik sailkapenak estu hartu gintuen. Sailkapen taulako azken postuetan ainguratuta geratu ginen.
Azaroko testuinguru honetan, Abasolo entrenatzaileak dimisioa aurkeztu zuen emaitza bolada txarraren eta sailkapeneko egoera makurraren aurrean. Zuzendaritza Batzordeak taldea denboraldi amaierara arte eramateko ardura Gregorio Canori eman zion, garai hartan jubenil taldea zuzentzeaz arduratzen zena.
Aldaketak hobekuntza zantzuak ekarri zituen eta emaitzak horren isla izan ziren, baina taldea ondoen zegoenean eta denboraldi amaiera on bat osatzeko baikortasuna nagusi zenean, lesioen beste bolada izugarri batek denboraldi amaiera uste baino askoz zailagoa izatea eragin zuen.
Denboraldia amaitu zenean sailkapenaren 13. postuan ginen, inolaz ere ez ona. Ez zen noski, txapelketaren hasieran espero zena, baina ez zen hain txarra izan. Benetako jaitsiera arriskurik ez zen egon. Esan dezakeguna da oso denboraldi zaila izan zela. Zapore mingotsa utzi zigun arrazoizko zalantzekin iristear zegoen denboraldiaren gainean.
Denboraldia zenbakitan: 38 partida, 10 garaipen, 11 berdinketa, 17 porrot; 37 gol alde, 59 gol kontra; 31 puntu, 5 negatibo. 13 garren postua 20 taldeko sailkapenean.

Zutik: Gregorio Cano (entrenatzailea), Insausti, Monreal, Salsamendi, Aranburu, Bolinaga, Galván, Turrientes, Goya, Cortes eta Miguel Goitia (presidentea) Eserita: Pérez, Raúl, Alcalde, Urteaga, Pikin, Galarreta, Simpler, Lasa.
1987-88 Denboraldia “Aldaketen Beste Denboraldi Bat”
Presidentea: Luis Alonso
Entrenatzailea: Jose MAria Martin “Nicasio” / Jose Luis Perez Monreal
Kontakizun hau hasteko garai hartako oroitzapenak lerro hauetara ekartzeko unean, denboraldiaren bilakaera baldintzatu zuten datu garrantzitsu batzuekin egoera testuinguru batean jarri behar da.
Alde batetik, zuzendaritza batzorde berria genuen, Luis Alonso presidente zela. Asmo berrien adierazpen gisa, harrobiarekin lan egin eta pizgarri berri bat eman nahi zitzaion. Beheko kategoriak indartzeko apustua irmoa zela erakusteko, bide horretan, alebinen talde berria martxan jarri zen.
Baina puntu honetara iritsita, klubeko harrobiaren hazkundea eragozten zuen arazo bat zegoen. Bigarren zelai bat falta zen gazteak hobeto lan egin zezaten eta ez nomada gisa Idiazabalen, Olaberrian, Seguran eta ikastetxeetako jolastokietan jokatzen eta entrenatzen aritu ez zitezen.
Nola iritsi ginen prekarietate egoera honetara? Duela zortzi urte, 1979ko udan, igerilekuak eraikitzeko zelai txikia eraitsi zen. Une horretatik aurrera, promesak jaso arren, bigarren zelaia kimera bat zen oraindik eta ez zegoen haren berririk.
Beste alderdi garrantzitsu bat, Nicasio bezalako kondaira bat aulki bagonerora itzultzea izan zen. 1985eko udan utzi zuen taldea, igoera historikoaren ondoren. Bi denboraldi geroago itzuli izan horrek ilusioa piztu zuen beasaindar zaleen artean.
Denboraldia aurrekoa baino hobea izan zen, ez suziriak botatzeko modukoa, baina bai hobea, eta zalantzarik gabe, are hobea izango zen denboraldia aldatu zuen ezbeharra gertatu izan ez balitz.
Nicasiok, lehen esan dugun bezala, lehen taldea zuzentzen jarri zen berriro. Denboraldiko une garrantzitsuenean, taldea ondoen zegoenean, osasun arazo larri bat izan zuen eta ondorioz, taldea utzi behar izan zuen. Monrealek ordezkatu zuen. Zalantzarik gabe, aste zailak izan ziren, eta eragin handia izan zuten denboraldi hartan.
Futbol-denboraldi hau amaitzean, Nicasiok Gipuzkoako Futbol Federaziotik, Gipuzkoako entrenatzaile onenaren saria jaso zuen. Urteetan egindako lan itzelagatik zilegia zen errekonozimendua.
Denboraldia zenbakitan: 34 partidu, 13 garaipen, 8 berdinketa, 13 porrot; 54 gol alde, 51 gol kontra; 34 puntu. 18 taldeko sailkapenean, 9. postua.
1988-89 denboraldia “Jeitsieratik Hurbilegi”
Presidentea: Luis Alonso
Entrenatzailea: Jose Luis Perez Monreal
Kontakizun hau hasterako orduan txirrista hitza erabiltzen da. Hori izan zen denboraldia, sentsazio eta emozioen txirrista.
Zuzendaritza Batzordea, konfiantzaren erakusgarri, jarraipena ematen saiatu zen, eta berriro agindu zion Monreali lehen taldearen zuzendaritza.
Baina gauzak ez ziren ondo atera. Ziurrenik, emaitzak ez ziren bat etorri taldeak erakutsitako jokoarekin, zenbait momentutan ondo jokatu zuelako. Baina, egia esan, denboraldi osoan zehar taularen beheko postuetan egon ginen. Oraingoan bai, jaitsieratik oso gertu egon ginen, gertuegi.
Mikroskopioaz plantilla aztertzen badugu, ziurrenik ahulagoa, gazteegia eta eskarmenturik gabekoa zela esan dezakegu kategoria gogor eta estu baterako. Ez genuen uda-garaian hori pentsatzen, baina seguru asko hala zen, bai. Taldeak areatan ez zuen asmatzen, atzekaldean ez zen sendoa, ez zuen golik, eta horrela oso zaila da bizirik irautea.
Ia denboraldi osoan “Beno, bolada on bat izango dugu eta sailkapen-zulotik aterako gara” pentsatuz egon ginen. Baina asteak pasa ahala udaberria iritsi zen eta hor jarraitzen genuen, sailkapen-taulako zuloan. Liga bukaeran hamazazpigarren postuan berdinduta geunden Trintxerperekin.
Egoera horretan, taldea eta jarraitzaileak Andoainera joan ziren, jaitsiera edo mailari eusteko aukera Etxebarrian jokatzera. Denboraldia partida batean jokatzen genuen, final bat zen. Jokoa eta markagailua aldekoak izan genituen beti, baina amaierara iritsita, aurkariak 2-3 hurbildu ziren. Tentsio handiko minutuak izan ziren, urduritasuna, sufritu egin zen, asko gainera. Baina azken bi golek, 2-5ekoa, salbazioa ziurtatu zuten.
Denboraldia zenbakitan: 36 partida, 9 garaipen, 11 berdinketa, 16 porrot; 35 gol alde, 45 gol kontra; 29 puntu, 7 negatibo. 17garren postua, 19 taldeko sailkapenean..

Zutik; Roberto Turrientes, Carlos, Gelbenzu, Insausti, Zaldua, Martin, Monreal (entrenatzailea) Eserita; JM Turrientes, Cortes, Iturrioz, Galarreta, Felix Gonzalez
1989-90 denboraldia “Aro berri baten hasiera”
Presidentea: Peio Gibelalde
Entrenatzailea: Pako Ayestarán / Eduardo “Tito” Prieto
Beste uda zail bat izan zen. Zuzendaritza Batzordearen eta Udalaren arteko harremana zaila zen oraindik, eta uda horretan are gehiago tenkatu zen soka.
Alde batetik, Klubaren aurrekontua etengabe hazten ari zen, 6 milioi pezetako muga hautsi arte, eta ezinezkoa zirudien betetzea. Zurrumurruek gora egin zuten, eta Kluba desagertzetik gertu eta litekeena zela ere aipatu zen. Udala presionatzeko ahalegin desesperatuan, lehen taldea erregional mailan ez inskribatzeko erabakia hartu zen. Soka apurtzeko zorian zirudien.
Puntu horretan, bazkide batzuek Ez Ohiko Batzarra deitu zuten. Egoera benetan gogorra izan zen han zeudenentzat, Kasino zaharrean tentsio handiko uneak bizi izan ziren eta presidente berri bat atera zen hartatik, Peio Guibelalde. Garai berri bat hasi zen Beasainentzat.
Pako Ayestaran etxeko jokalari ohiak zuzendu zuen ontzia eta jardunaldi askotan zehar, 18garrenera arte, liderrak eta dominatzaileak izan ziren. Baina emaitza bolada txar batek kargugabetzea ekarri zuen eta bere ordezkoa Tito Prieto izan zen.
Azken jardunaldian Andoaingo Etxebarrieta zelai zaharra izan zen beste behin gure etorkizuna jokatzen zen zelaia. Duela urtebete maila mantentzeko izan zen, orain Hirugarren Mailara igotzeko. Iaz alde atera zen, aurten aurka. Promozioan ere ez zen zorterik izan Bermeoren aurka eta taldeak Preferenten jokatuko zuen hurrengo denboraldian.
Denboraldia zenbakitan: 34 partida, 18 garaipen, 10 berdinketa, 6 porrot; 58 gol alde, 30 gol kontra; 46 puntu; 18 taldez osatutako multzoan 2. sailkatua.

Eserita: Galarreta, Gabriel, Raul, Txitxo Albisu, Cortes, Arroniz, Simpler Erdiko lerroan: Turrientes, Tobar, Mendigain, Garmendia, Satrus (2º entrenador), Pello Gibelalde (presidente), Pako Ayestaran (entrenador), Paulino Intxausti, Joserra Arruabarrena, Berasategi, Esnaola Goiko lerroan: De la Parra, Ugartemendia, Aranalde, Larraona, Arteaga, Lasa, Txemi Perez del Barrio.
1990-91 denboraldia “Hirugarren Mailara igoera”
Presidentea: Peio Gibelalde
Entrenatzailea: Eduardo “Tito” Prieto / Peio Iguaran
Fisioterapeuta: Marcos Perez
Hirugarren Mailan 9 urte egin ondoren, 1964-65 denboraldian errejional kategorietara jeitsi eta hemen Beasainek 26 denboraldi eman zituen: 9 Preferentean, 12 Lehen Erregionalean eta 5 Bigarren Erregionalean.
Aurreko denboraldiko amaiera tristearen zapore mingotsa mantentzen zen; taldeak irrikaz desio zuen igoera eskura izan zuen. Gol bat sartzea falta izan zitzaion taldeari. Igande arratsaldea zen, desagertutako Etxebarrietako zelaian, Andoainen. Bertara beasaindar zaletu ugari joan ziren eta 1-1eko emaitza ez zen nahikoa izan zen eta Zarautz igo zen mailaz.
Denboraldi berriari plantilla indartsu batekin egin behar zitzaion aurre, igoera aukera posiblea zela pentsatuz. Laugarren jardunaldian taldeak lidergoa eskuratu zuen, eta ez zuen utzi amaierara arte, nahiz eta bi hilabeteren faltan emaitzen krisi batek entrenatzailearen aldaketa eragin.
Txapelketa bukatzeko 5 jardunaldi falta zirenean, bagoneroek matematikoki txapeldun izatea lortu zuten eta ondorioz zuzeneko igoera. Ospakizuna azken jardunaldian gertatu zen Loinazen Anaitasunaren aurka 3-2 irabaziz; Xabi Cortes, Roberto Turrientes eta Asier Perezen izan ziren golegileak.
38 jardunalditan 26 garaipen, 8 berdinketa eta 4 porrot lortu ziren. Guztira 60 punturekin, Lagun Onak bigarren sailkatuak baino 5 gehiago.

Zutik, ezkerretik eskubira: Iñaki eskisabel, JoseMaria garmendia, Joseba garmendia, Marcos Perez (fisioterapeuta), Roberto Turrientes, Tobar, Arruabarrena, Riaño, Alonso, Peio Iguaran (entrenadorea), larraona, Urmeneta, juanjo Lizarralde, J.M Perez, iñigo lasa, Peio Gibelalde, (presidentea, Arroniz, rafael gonzalez (materialen arduraduna), Enrique Villaro. Makurtuta, ezkerretik eskubira: Asier Perez, Mendigain, Cortes, estala, Velazquez, Albisu, Galarreta, Prieto, Garmendia, Diaz de Garaio, Torres y Esnal.
1991-92 denboraldia “Bigarren B Mailara igoera”
Presidentea: Peio Gibelalde
Entrenatzailea: Alfredo del Castillo
Entrenatzailearen laguntzailea: Manuel Diaz “Navarro”
Fisioterapeuta: Marcos Perez
Denboraldia kategoria berri batean, zorrotzagoa, entrenatzaile berriarekin eta plantilla berrituarekin, baina kalitatezkoa eta erronkari aurre egiteko prestatua.
Lehen itzulia bikaina izan zen porrotik gabeko 14 jardunaldi kateatuz, neguko txapeldunak izanik, denboraldi osoa Real Unionekin buruz buruko lehian eman zuen, azkenean Hirugarren Mailako IV. multzo honetako txapelduna izan zena.
Beasain bigarren sailkatu zenez, Escobedo talde kantabriarra, Peña Sport (Tafalla nafarra) eta Utebo (Zaragoza) taldeekin igoera lortzeko lehiatu zen play off-ean. Multzo honetan txapeldunak bakarrik lortu zezakeen igoerako saria; Bigarren B mailara igotzeko txartela.
Porrot bakarra jaso zuen ligaxka bikain baten ondoren, Escobedoren zelaian (1-0), azken jardunaldira iritsi ginen. Ekainaren bukaerako igande bero batean, Loinazen, Utebo egoera pribilegiatuan hartu genuen etxean; izan ere, nahiz eta mañoak 0-1 aurreratu lehen zatian, emaitza horrek ere balio zion Beasaini, baina kanpotarren bigarren gol batek eurei ematen zien igoerako txartela. Tentsioz betetako egoera horretan, 85garren minutuan Mendigainek baloia lapurtu zuen zelai erdian eta aurrera eginez Galarretari pasa zion. Honek jokaldi bikaina egin zuen eskuin hegaletik eta erdiraketa jarri zuen Mendigainek buruz errematatu zuen 1-1ekoa lortuz..
2.B mailara igotzea jada ez zen ilusio bat, amets bat, errealitatea zen!

Zutik, ezkerretik eskubira: Briones, Medinabeitia, Rafael Rosado (guardameta reales), Ramon Eizmendi, Coloma, Larraona, Mendiagian, eskisabel, Ibañez, Sukunza, Mateos, Roberto Turrientes, Navarro (2º entrenadorea), Arruabarrena. Makurtutas, ezkerretik eskubira: Galarreta, Sukia, Cortes, Larrarte, Zubelzu, Jandro, Pérez, Garmendia y Estala.
1992-93 denboraldia “Lehenengoa bigarren B mailan”
Presidentea: Peio Gibelalde
Entrenatzailea: Alfredo del Castillo / Manuel Diaz “Navarro”
Entrenatzailearen laguntzailea: Manuel Diaz “Navarro”
Fisioterapeuta: Marcos Perez
Lehen denboraldia Bigarren B Mailan, oso zaila. Aurreko denboraldia oso berandu amaitu zen, eta oso denbora gutxi egon zen aldaketa dezente izango zituen plantilla berri bat eraikitzeko, kategoria-jauzia zela eta. Partidu bakoitzean ikusi zen alde hori. Bigarren B maila Hirugarren Maila baino indartsuagoa eta gogorragoa zen eta Erregionalean egon ziren jokalariek jarraitzen zuten taldean, beraz, normala zen aldaketa hori pairatzea.
Taldeari jokoan eta emaitzetan jarraikortasuna falta izan zitzaion eta ziurgabetasun sentsazioa egon zen txapelketaren hainbat fasetan. Amaierarako bi jardunaldiren faltan, entrenatzaile aldaketa erabaki zen, eta ordura arte bigarren entrenatzaile zenak hartu zuen agintea.
Azken partida Miguel Angel Lotinaren Logroñes B taldearen aurka jokatu zen eta ez zen erraza izan, errioxarrak 0-1 aurreratu baitziren, baina azkenean markagailua irauli egin zen eta mailari eusteko helburua lortu zen.
Taldeak 13. postua eskuratu zuen, 34 punturekin; 9 garaipen, 16 berdinketa eta 13 porrot. Igoerarako Play-offa (saririk gabe) jokatu zuten Alavesek, Barakaldok, Torrelavegako Gimnasticak eta Palentziak, eta hirugarren mailara jaitsi ziren Hernani, Zaragoza B, Elgoibar eta Santurtzi.

Goran, ezkerretik eskubira: Larraona, Badiola, Perez, Saez, Briones, Medinabeitia, Aguado, Olano, Mateos, Erdian, ezkerretik eskubira. Navarro (entrenadore laguntzailea), Ormaetxea, bidaurreta, Eskisabel, Alfredo Del Castillo (entrenadorea), Ibañez, Alonso, Larrarte, Marcos Perez (fisoterapeuta) Makurtuta, ezkerretik eskubira: Sukunza, Pelaez, Jandro, Peio Gibelalde (presidentea), Barriola, garmendia y Galarreta.
1993-94 denboraldia “Bigarren denboraldia 2.B mailan”
Presidentea: Peio Gibelalde
Entrenatzailea: Periko Alonso
Laguntzaileak: Alfredo del Castillo, Carlos Larburu
Fisioterapeuta: Markos Perez
Aurreko denboraldiko estutasunen ondoren mailari eusteko, berritze sakona gertatu zen lantaldean. Perico Alonso entrenatzaile berria
Realaren bigarren taldetik etorri zen “Sanse”-tik eta berarekin batera 7 jokalari ere iritsi ziren; batzuk lagata eta beste batzuk jabetzan.
Haseratik gauzak ondo joan ziren, denboraldi oso ona izan zen eta seigarren postu bikain batekin amaitu zen.
Hurrengo denboraldian Errege Kopa jokatzeko aukera erdietsi zen eta ilusio handia transmititu zen jarraitzaileei.
14 garaipen, 12 berdinketa eta 12 porrot izan ziren 40 puntu lortzeko.
Bigarren Mailara igotzeko Play-offa jokatu zuten Alavesek, Sestaok, Numanciak eta Barakaldok, baina inork ez zuen sari hori lortu…
Hirugarren mailara, Baskonia, Endesa Andorra, Utebo eta Touring jaitsi ziren.
Hala ere, kirol-hobekuntza hori ez dator bat kezkagarria izaten hasia zen egoera ekonomikoarekin; bazkide kopuruaren jaitsiera,
Loinazko partiduetara jende gutxiago joaten zen… nolabaiteko defizita gertatzen ari zen egiturazkoa izatera pasaz gero proiektua bideraezina bihurtuko zuena.

Goran, ezkerretik eskubira: Elola, Gibelalde, De Luz, Soto, Larraona, Garmendia, Aguinaga, Navarro, Oianluze. Erdian, ezkerretik eskubira. Larburu (Entrnadore laguntzailea), Beobide , Ugartemendia, Perico Alonso (entrenadorea), Peio Gibelalde (presidentea), Alfredo del castillo (2º entrenadorea),Leturia, Eskisabel, Marcos Perez (fisoterapeuta) Makurtuta, ezkerretik eskubira: Aguado, Jandro, Ibañez, Lizaso, Orbegozo, Soto, Sukunza, Olano
94-95 denboraldia “Lehen atala: Liga”
Presidentea: Peio Gibelalde
Entrenatzailea: Periko Alonso
Laguntzaileak: Alfredo del Castillo
Fisioterapeuta: Carlos Larburu
Denboraldi hau, zalantzarik gabe, Kopan lortutako arrakastak nabarmendu zuen, baina kapitulu honetan ligan egindako lan paregabearen inguruan
jardungo gara. Denboraldi honetako bigarren atala eskeiniko diogu kopan lortutako arrakastari.
Nahiz eta 2. multzoa 1994-95 denboraldi honetan oso gogorra izan, pentsa zein mailatako taldeak elkartu ziren horiteko bi talde Bigarren Dibisiora igo zirela (Alaves eta Sestao). Hala eta guztiz ere beasaindarrek denboraldi bikaina egin zutela eztabaida ezina da. Aukeran luzetxo ere egin zitzaien, kopan egindako ahalegina ordaindu zutela ez dago zalantzan.
Taldeak laugarren postuan bukatu zuen liga erregularra 46 punturekin; 15 garaipen, 16 berdinketa eta 7 porroten ostean (44 gol alde eta 28 kontra). Honela, Bigarren A mailara igotzeko Play-offak jokatzeko sailkatu zen.
Igoera lortzeko saiakeran 2. B mailako talde honetan beste hiru talde hauek izan ziren bidelagun; Alaves lehen postuan sailkatua, Numantzia Bigarren, Sestao hirugarren eta Beasain laugarren. Alavesek eta Sestaok lortu zuten mailaz igotzea.
Hirugarren mailara jaitsi ziren Casetas (play-out bikoitzaren ondoren), Torrelavegako Gimnanstica, Zaragoza B, Gernika eta Hullera Vasco-Leonesa.
Play-Off-ean, bagoneroei talde gogorra suertatu zitzaien; Almeria, Valentziaren filiala eta Racing de Ferrol. Almeriarrak izan ziren igoera lortu zutenak. Bigarren A mailarako igoera fasea ez zen ona izan beasaindarrentzat; 5 partidu galdu eta berdinketa 1 lortu zuten.
94-95 denboraldia “2. zatia/Kopa”
Presidentea: Peio Gibelalde
Entrenatzailea: Periko Alonso
Laguntzaileak: Alfredo del Castillo, Carlos Larburu
Fisioterapeuta: Markos Perez
Aurreko kapituluan aipatu bezala, klubaren historiako denboraldirik bikainenetako bat izan zen.
Liga erregulartasunaren torneoa bada, eta Play-Offera iritsiz gero emaitza bikaina da taldearentzat. Nota hobetzea posible balitz, Kopa txapelketa izango da hori posible egin dezakeena. Eta hala izan zen, zalantzarik gabe; denboraldi hau bereziki gogoangarria bada, K.O.aren torneoan izan zuen parte-hartzearen distiragatik izan zen.
Lehen kanporaketan Tudelanoren txanda izan zen, Loinazen 3-0 irabazi ondoren, Jose Antonio Elola Udal zelaian 2-2ko emaitza erdietsi zen (gaurko estadio bera da, baina izena aldatu zioten, eta orain “Tuterako Hiria” udal estadioa bezala ezagutzen da).
Bigarren kanporaketan, zozketak Beasain eta Castellon elkartu zituen. Loinazen 0-0eko emaitzaren ondoren, azken minutuak herio batean eman zituen gure taldeak Castalia zaharrean. Ia ezinean, 2-1 galtzen eta 10 jokalarirekin berdegunean. Baina luzapenean iritsi zen 2-2koa, hurrengo txandarako txartela eman zuena. Ustekabean baina historia egiten jarraitzeko balio izan zuen.
Eta halako batean hurrengo zozketan Albacete iritsi ziren, Lehen Mailan Benito Flororen zuzendaritzapean denak harritzen zituen “gazta mekanikoa”.
Lehenengo aldia izan zen Lehen Mailako talde batek partida ofizialean Loinaz bisitatzen zuena, eta aukera hori neguko arratsalde hotz bat gertatu zen Loinaz bete-bete batean. Partida horrek piztu zuen ikusmina izugarria izan zen. 1995ko urtarrilaren 4a zen, atsedenaldian 0-2 galtzen zuen etxeko taldeak eta inork ez zukeen beasaindarren garaipenaren aldeko apusturik egingo. Baina bigarren zatian Eneko, Idiakez eta Irazustaren golek markagailua irauli zuten 3-2 amaierarako.
Itzulerako partiduan, Carlos Belmonten, erlojua 90. minutura hurbiltzen ari zen eta markagailua 0-0 mantentzen zen, Beasain sailkatzen zuena, baina Albazeteren amaierako golak aurrera jarraitzeko txartela eman zien eta historikoa eta ahaztezina izango zen balentria zapuztu zuen.

Zutik: Elola, Eskisabel, Navarro, Beobide, De Luz, Irazusta Makurtuta: Leturia, Idiakez, Gibelalde, Olano, Sukunza
95-96 denboraldia “Garaipena hiru punturekin saritzen lehena”
Presidentea: Peio Gibelalde
Entrenatzailea: Jesus Mari Zamora/Jose Maria Araquistain
Laguntzaileak: Marcos Larburu
Atezainen Entrenatzailea: Marcos Perez
Fisioterapeuta: Marcos Perez/Gorka Perez
Aurreko denboraldi bikainaren ondoren, aldaketak izan ziren teknikarien taldean, Jesus Mari Zamora lehen entrenatzaile eta bigarren, Jose Maria Araquistain, biak Realean egondakoak. Plantilla berdina zen funtsean, baja garrantzitsuren bat ezik, baina hasieratik ikusi zen gauzak oso desberdinak izango zirela, txarrerako, ezer ez zen ondo atera. Garaipenik ez zen iritsi eta
entrenatzaileak dimisioa aurkeztu zuen. Bere bigarrenak ordezkatu zuen…
Hau izan zen lehen denboraldia puntuazio-sistema berriarekin; hiru puntu garaipen bakoitzeko eta berdinketak puntu bat balio zuen. Honek asko zigortu zituen bagoneroak, izan ere, urte berriari garaipenik gane ekin zioten eta berdinketak sari gutxi zekarren puntuaketari dagokionez.
Denboraldiko bigarren zatian, taldeak erreakzionatu egin zuen. Beltza ikusten bazen amaiera, txukun bukatzea lortu zen eta azken emaitza balekoa eman zen.
Hamabosgarren postuan amaitzea lortu zuen taldeak; 9 garaipen, 15 berdinketa eta 14 porrotekin. Guztira 42 puntu.
Igoera Play-off-a jokatu zuten, Sporting Gijon B, Osasuna B, Aviles Industrial eta Lemoak, baina bakar batek ere ez zuen bigarren mailara igotzea lortu.
Hirugarren mailara jaitsi ziren Bigarren B mailako 2. multzotik, Tudelanok, Durangoko Culturalak, Palentziak eta Amurriok

Goran, ezkerretik eskubira: Arbizu, Benoetxea, Navarro, Elola, Eskisabel, Ugartemendia y De Andres. Erdian, ezkerretik eskubira. Gorka Perez (fisoterapeuta), De LUz, Gomez de Segura, Sukunza, Jose Maria Araquistain (entrenadorea), Idiakez, Iraola, Oronoz, Marcos Perez (fisoterapeuta) Makurtuta, ezkerretik eskubira: Leturia, Indias, Cortes, Peio Gibelalde (presidentea), Pecharroman, Errea, Goikoetxea y Orbegozo.
96-97 denboraldia “Jarraitasunaren bila”
Presidentea: Peio Gibelalde
Entrenatzailea: Jose Maria Araquistain/Manuel Diez “Navarro”
Atezainen Laguntzailea / Entrenatzailea: Marcos Perez
Fisioterapeuta: Gorka Perez
Bosgarren denboraldi honen analisia Bigarren B Mailan; jada 5 urte Espainiako futboleko brontzezko kategoriako 2. taldean. Istoria gehiegirik ez duen denboraldia, non entrenatzailearen lanari jarraipena ematea zen asmoa, eta beste urte bateko ibilbidea plantillari, baina ia urte osoa sailkapenaren erdialdetik behera ibili ondoren, lema kolpe bat ematea erabaki zen eta bigarren entrenatzaileak hartu zuen bere gain taldea zuzentzeko ardura eta mailari eusteko erantzunkizuna. Eta helburua aise lortu zen, inolako estutasunik gabe, aldaketa horrek bultzada berria eman zion plantillari, jokoari dagokionez eta, ondorioz, taldeak zazpigarren postuan bukatu zuen, 15 garaipen, 11 berdinketa eta 12 porrotekin.
Aurrera Vitoria, Numancia, Barakaldo eta Lemoak Bigarren Mailara igotzeko Play-off-a jokatu zuten, eta Soriarrak izan ziren igoeraren saria lortu zutenak eta Huesca, Sanse (Real Sociedad B), Zamudio, Zalla eta Logroñes hirugarren mailara jaitsi ziren.
97-98 denboraldia “Eskualde mailako talde baterantz”
Presidentea: Peio Gibelalde
Entrenatzailea: Manuel Diez “Navarro”
Atezainen entrenatzailea: Xabier Oialuze
Prestatzaile fisikoa: Mikel Garmendia
Fisioterapeuta: Gorka Perez
Denboraldia aldaketa estrategiko batek markatzen du jarraitu beharreko norabidea zein zen ulertzeko orduan; taldea “eskualdekoagoa” egitea erabaki zen, 21 jokalariko taldea, eta 15 izan ziren eskualdekoak. Asmoa da jarraitzaileak identifikatuago sentitzea plantelarekin, eta aldi berean, osatzea gero eta zailagoa zen aurrekontu bat leuntzea…
Navarro entrenatzaileak, aurreko urtean denboraldi amaiera ona egin ondoren, taldearen buru izaten jarraitu zuen. Jokalari gazte eta ilusioz betetako taldeak, benetan sendoa den bloke bat osatuz, espero zena baino askoz gehiago eman zuen. Denboraldi erregularraren amaieran taldeak hirugarren postu bikaina lortu zuen, 21 garaipen, 10 berdinketa eta 7 porrotekin. Azken jardunaldian, Loinazen, Barakaldo liderrari 3-1 irabazita, hirugarren postu hori ziurtatu zuen eta Bigarren B Mailara igotzeko Play-offa jokatu zuen.
Barakaldo, Bilbao Athletic, Beasain eta Cultural Leonesak 2. B mailara igotzeko play-offak jokatu zituzten. Iñork ez zuen igotzea lortu.
Suertatu zitzaion taldea oso talde indartsua izan zen. Hiru aurkari hauek osatzen zuten, Malaga, Tarrasa eta Talavera. Talde malagarrak izan zen igoeraren saria lortu zuena.
Denboraldi honek, 1998-99 denboraldiko Errege Kopa jokatzeko saria ekarri zuen.
Bartzelona B, Mallorca B, Malaga eta Huelva izan ziren Bigarren Mailara igotzea lortu zuten 4 taldeak. Zamora, Racing B, Real Union, Izarra eta Andorrako Endesa izan ziren hirugarren mailara jaitsi zirenak.
98-99 denboraldia “Golik gabe ez dago…”
Presidentea: Peio Gibelalde
Entrenatzailea: Manuel Diez “Navarro”
Prestatzaile fisikoa: Mikel Garmendia
Fisioterapeuta: Gorka Perez
Kontuan hartu beharreko lehen alderdia aurreko denboraldi handiaren ondoren plantillaren berritzea izan zen; 7 jokalarik bakarrik jarraitu zuten aurreko denboralditik.
Bigarrenik, gol faltak baldintzatutako denboraldi bat izan genuen, esan dezakegu taldeak futbol ona jokatu zuela, baina ez zuen golik izan, 27 gol bakarrik 38 partidatan, Tropezon jaitsitakoarekin batera gol gutxien egin zituen taldea izanik, aipatutako 27 horiek bakarrik…
Denboraldiaren zati handi bat sailkapeneko beheko postuetan egon ondoren, entrenatzaile aldaketa iritsi zen Arakistainen itzulerarekin eta taldearen defentsako sendotasunari esker, 30 gol bakarrik jaso zituen, arlo honetako kategoriako hirugarren talde onena, maila salbatzea ahalbidetu zuena, estutasun handirik gabe.
13. postua, 45 puntu, 10 garaipen, 15 berdinketa eta 13 porrot.
Bigarren B Mailara igotzeko Playoffa jokatu zuten Leonesa, Bermeo, Barakaldo eta Burgosek, baina inork ez zuen sari hori lortu.
Hirugarren mailara jaitsi ziren Noja, Lemona, Tropezon eta Elgoibar.
Denboraldiko beste alderdi garrantzitsu bat Kopako parte hartzea izan zen. Lehen txandan zozketak bigarren mailako Eibarrekin parekatu gintuen, berdinketa Loinazen eta 1-1 ipuruan, etxetik kanpoko golen balio bikoitzarengatik aurrera egin genuen. Bigarren txandan, beste bigarren mailako bat, Logroñes. 3-1 irabazi Loinazen, eta 0-0 Las Gaunasen.
Hirugarren txandan, lortutako bi arrakasten ondoren, bigarren B mailako 4. multzoko Benidorm aurkari xumeagoa zirudien, denboraldi txarra egiten ari ziren eta hirugarren mailara jaitsi ziren, baina Loinazen 0-0 egin ondoren etxetik kanpo 1-0eko porrotarekin denboraldi honetako Kopako abentura amaitu zen. Hala ere txapelketa on bat izan zen, nahiz eta apur bat urrunago iritsi ahal izan ote zitekeenaren zapore mingotsarekin geratu.
99-00 denboraldia “Arconadaren estreinua aulkian”
Presidentea: Peio Gibelalde
Entrenatzailea: Gonzalo Arconada
Prestatzaile fisikoa: Alfonso Azurza
Fisioterapeuta: Gorka Perez
Denboraldi bikaina, Gonzalo Arconadaren estreinaldian talde beasaindarren gidaritzapean. Taldea aukerekin iritsi zen denboraldi amaierara arte.
Play-offak jokatzeko borrokan azken unerarte egon zen, baina azkenean ez zuen lortu. Bostgarren sailkatutik puntu bakarrera geratu zen, Gasteizko Aurrera, eta laugarren geratu zen Barakaldotik 5era (play off-etako azken postua lortu zuena). Denboraldi oso ona, zenbakiek hala adierazi zuten moduan; seigarren postua, 16 Garaipen, 11 berdinketa eta 11 porrot, 59 punturekin.
Gimnastica Torrelavega, Zaragoza B, Burgos eta Barakaldo Bigarren Mailara igotzeko playoffak jokatu zituzten, saririk lortu gabe eta taularen sailkapenaren behealdean, Bermeo, Valladolid, Figueruelas eta Izarra Hirugarren Mailara jaitsi ziren.

Goran, ezkerretik eskubira: Amilibia, Sukia, Suscun, Esnal, Mendigain, Gorrotxategi, Sarriegi, Bengoetxea, Imanol Erdian, ezkerretik eskubira. Gorka Perez (fisioterapeuta), Bacaicoa, hernandez, Gonzalo Arconada (entrenatzailea), Peio Gibelalde (presidentea), Azurza (preparadore fisikoa), Iraola, Gibelalde. Makurtuta, ezkerretik eskubira: J. Gonzalez, Nuñez, Mendizabal, Perales, Gastesi, Lasa, Usandizaga, Iriarte
00-01 denboraldia “Beasainek Reala kanporatu zueneko gau hura“
Presidentea: Peio Gibelalde
Entrenatzailea: Gonzalo Arconada
Prestatzaile fisikoa: Alfonso Azurza
Fisioterapeuta: Gorka Perez
2000ko udan, San Mamesen martxan jarri zen drainatze sistema berri bat izan zen albiste, baina jendeak litekeena da ez jakitea sistema hori justu urtebete lehenago Beasaingo Loinatz zelaian jarri zela. Iberiar penintsulan lehen esperientzia izan zen, Espainian aurretik erreferentzia bakarra Balear Uharteetan izan bait zen. Aipamen hau hona ekarri nahi izan dut Kluba beti arlo guztietan hobetzeko moduari begira zegoela aditzera emateko.
Beasainen apustua, taldearen zutabe nagusia eskualdeko jokalariak izatea zen oraindik ere. Gonzalo Arconadak bere bigarren denboraldia zuen taldea zuzentzen. Jokalari gaztez osatutako talde bateko buru zen, helburu bakarrarekin; mailari eustea.
Egia da zenbakiak aurreko denboraldiaren antzekoak izan zirela, baina sentsazioak okerragoak izan ziren. Taldea goiko postuetatik baino behekoetatik gertuago egon zen ia denboraldi osoan, eta azken txanpan emandako bultzadari esker lortu zen zenbakiak hobetzea. Denboraldi honetako poza Errege Kopan iritsi zela ahaztu gabe.
Eta Errege Kopari buruz hitz egingo dugu orain. Lehen kanporaketan, zozketak Fragarekin parekatu gintuen. Fragan 2-4 eta Loinazen 2-0 irabazi genuen, 6-2ko emaitza orokorra lortuz. Zoriak, Realarekin parekatu zituen bagoneroak bigarren txandan, historiara pasako zen hitzordua.
2000ko abenduaren 13an partida bakarrera jokatu zen kanporaketa. Gau hori betiko grabatuta geratu zen gure historian, eta kroniken arabera, baita Loinatz zaharra bete zuten ia 5.000 zaleen oroitzapenean. Sukia aurrelari ataundarrak 6. minutuan aurreratu zituen gureak. 32.ean berdindu zuen Realak Khoklov errusiarraren bitartez, baina 63.ean Sukiak berriro berari egin zioten penaltia sartu eta behin betiko 2 eta 1ekoa utzi zuen markagailuan.
Kopako ibilbide zoriontsua 0-3ko porrotarekin amaitu zen Loinazen gerora txapeldun izan zen Zaragozaren aurka. Zaragozak 3-1 irabazi zion Celtari Cartujako finalean, Sevillan.
Denboraldia zenbakitan: 7. sailkatua 20 taldeko multzo batean; 14 garaipen, 15 berdinketa, 9 porrot; 67 gol alde, 49 gol kontra, 57 puntu. Burgosek, Leonesak, Calahorrak eta Amurriok igoerako Playoffak jokatu zituzten. Burgosek Bigarren Mailara igotzea lortu zuen eta Racing Santander B, Peña Sport, Tropezon eta Chantrea Hirugarren Mailara jaitsi ziren


Erdiko lerroa: Iakes, Jon Ander, Txapi Oialuze (atezainen entrenatzailea), Alfonso (prestatzaile fisikoa), Peio Gibelalde (presidentea), Gonzalo Arconada (entrenatzailea), Ricardo (atezainen entrenatzailea), Aritz Mujika, Unai Egurbide.
Beheko lerroa: Remirez, Gaizka Iriarte, Jon Usandizaga, Joseba, Sergio, Iker, Endika, Luis Garmendia
01-02 denboraldia “Hirugarren mailara jaistea“
Presidentea: Peio Gibelalde
Entrenatzailea: Xabier Estebanez / Manuel Diaz “Navarro”
Denboraldi tristea izan zen. Bigarren B Mailan aritu ginen azken denboraldia. 1992an Alfredo Del Castillo entrenatzailearekin igo ginenetik gure maila izan zen. Beasain maila honetan “klasiko” bihurtuta zegoen, baina dena okertu zen hasieratik; gol falta, emaitza kaskarrak, eta entrenatzailez aldatu arren, amaiera okerrena izan zen.
Arrazoiak aurkitu nahian (denboraldi on bat egitetik bait gentozen), esan dezakegu ziurrenik multzoz aldatzeak ez zuela bat ere lagundu. Kataluniako taldeekin geratu ginen, eta horrek ez zion mesederik egin esperientziarik gabeko gure plantilla berriari, dena maldan gora jarri baitzitzaion. Ahaztu gabe, aurreko denboraldiaren amaieran bi aurrelari titularrak taldea utzi zutela; Egoitz Sukia Eibarrera joan zen eta Haritz Mujika Sansera.
Hamargarren jardunaldian gertatutako entrenatzaile aldaketak –Navarro bezalako jokalari historiko bat aulkira itzuli zen-, erreakzio positiboa eragin zuen jokoan eta emaitzetan, baina ez zen nahikoa izan. Terrassako azken jardunaldira bizirik iritsi ginen. Jon Ander Hombrek sartutako golak 1-1ekoa suposatu zuen eta jaitsieratik libratuko ginela zirudien, baina Sabadellek garaipena lortu zuen Zaragozan baina batez ere Binefarrek Logroñon lortutako berdinketak promoziora eraman gintuen.
Zozketak Melillarekin parekatu gintuen. Joaneko partida Francisco Sanchez Montoya zelaian gaizki joan zitzaigun. 2-0eko porrota eta luzapenean gola baliogabetu ziguten. Oso zail jarri zitzaigun Loinazen jokatu beharreko itzulerako partidua. Atsedenaldira iritsi aurretik sartu ziguten golak egoera are larriagoan jarri gintuen eta Remirezek 85. minutuan sartutako gola ez zen nahikoa izan. Azken aukera geratzen zitzaigun oraindik; Torrelavegako Gimnastikaren aurkako kanporaketa.
Gorka Brit eta Jon Ander Hombre aurrelarien bajekin, taldeari ate aurrean asmatzea falta izan zitzaion. 94.ean sartutako gol batek 1-0ekoa jarri zuen Malecon-en. Loinazen gain-azpi egin beharra zegoen. Eguna heldu zen, ez zegoen beste tarterik. Bagoneroek aurrea hartu zuten markagailuan aurkariak 18.en minutuan bere atean sartutako golari esker, baina berehala berdindu zuen Gimnasticak. Bigarren zatian denbora azkar zioan aurrera eta urduritasunak gureak hartu zituen. 80. minutuan Eduk 1-2koa jarri zuen. Riosek 86an lortutako berdinketa ez zen nahikoa izan eta jaitsiera gauzatu zen. Gogorra izan zen, oso gogorra. Hurrengo egunean entrenatzaileak esan zuen sailkapenean gain-azpi egiteko igandero final bat jokatuz aritu zirela eta horrek eragindako esfortzu fisiko eta mentalak taldea promozioko partidetara indarrez justu iristea ekarri zuela.
Igartza Futbol Zelai berria
Baina denboraldi hartan ez ziren albiste txarrak bakarrik izan, onak ere izan ziren eta hauen artean onena, zalantzarik gabe, 2002ko apirilaren 27an Igartzako futbol zelaiaren inaugurazioa izan zen.

1979an udal-igerilekuak eraikitzeko Loinazko zelaiaren ondoan zegoen zelai txikia eraitsi zenetik, Beasainek, herriak eta klubak zelai berri bat eraikitzea eskatu zuten, baina ez zuten lortu. Harrobiko lana garatu ahal izateko eremu bat, non prestakuntza-taldeek bere lekua izango luketen. Klubaren bizitzan, garapenean eta sentimenduan funtsezkoa den zerbait. 23 urte luze itxaron behar, baina azkenean ametsa egi bihurtu zen.
Oinarriko futbola une txarra bizitzen ari zen. Sei denboraldi pasa ziren haur talderik gabe. Kadetea bigarren mailan hondoratuta zegoen eta Jubenilak jaitsierarekin itxi zuen denboraldia. Igartza futbol zelaiak bultzada handia eman behar zion gure harrobiaren berpizteari.
Gaineratu behar Beti Bizi Elkarteak, Kultura Batzordeak proposatuta, 2002ko Urrezko barea eman ziola Beasain KEri. Elkarteak bi urtez behin Beasainen alde egindako lanean nabarmendu diren pertsona edo erakundeei ematen dien saria da.
Denboraldia zenbakitan: 11 garaipen, 11 berdinketa, 16 porrot; 43 gol alde, 61 gol aurka, 44 puntu guztira; 16. postua 20 taldeko multzo batean.
Bartzelona B, Espanyol B, L’Hospitalet eta Terrassa sailkatu ziren igoerarako. Izan ere, Terrassa 5. sailkatu zen, Zaragoza Bk, ligaren amaieran, ezin izan baitzuen jokatu igoera fasea, bere lehen taldea Lehen Mailatik Bigarren Mailara jaitsi zelako, eta, hain zuzen ere, Terrassak lortu zuen Bigarren Mailara igotzeko saria. Beasainez gain, Real B, Eibar B, Huesca eta Alfaro jaitsi ziren Hirugarren Mailara.



Erdiko ilara: Alfonso Azurza (preparador físico), Bouzo, Xabier Estebanez (entrenador), Peio Gibelalde (presidente), Gorka Perez (fisioterapeuta),Vazquez eta Angel Bajacoba
Beheko ilara: Iakes Gibelalde, Gaizka Iriarte, Jon Ander Hombre, Piñeiro, Pedraz, Urkiola, Rios, Romero, Iker Remirez, Nuñez.
02-03 denboraldia “Aro berri bat“
Presidentea: Enrique Villaro
Entrenatzailea: Manix Mandiola
Mailaz jaitsi ondoren, Beasainen historian etapa berri bat ireki zela esan dezakegu. Ez bakarrik Hirugarren Mailara itzultzeagatik, baizik eta presidente berria estreinatzen zelako, Enrique Villaro. 1989tik, azken hamahiru urteetan, Klubeko presidenteordea izan zen. Orain, Peio Gibelalde aurreko presidentearen lekukoa hartu zuen.
Presidente berriak bi helburu ezarri zituen bere agintaldiaren ardatz gisa: galdutako maila berreskuratzea eta Igartzako futbol zelai berriari esker, oinarriko futbola hobetzea eta sendotzea.
Jaitsierako taldekoak ziren bost jokalarirekin, entrenatzaile berri bat iritsi zen bagoilarien taldera, Manix Mandiola eibartarra. Lehenengo asmoa jaitsieraren ostean etsita zeuden jarraitzaileei ilusioa itzultzea izan zen. Plantilla guztiz berritu zen; 15 jokalari berri iritsi ziren taldera.
Lemoa, Sestao eta Amorebieta ziren faboritoak, Bizkaiko futbolaren botere ekonomikoa handiagoa dela berretsiz, baina Beasain bere maila onenean edo gertu egon zitekeela pentsatzen genuen. Aurreko denboraldian 22 partidatan 15 gol sartu zituen Gorka Brit golegilea Osasunara joan zen eta horrek taldeari gola faltako zitzaiola pentsarazi zuen.
Liga oso ondo hasi genuen, Basconiari 0-3 irabazita, Rios, Urtzi eta Estarriagaren (penaltiz) golekin. Loinatzen garaipena lortu genuen EHUren aurka; Remirezek 90. minutuan sartutako golak hiru puntuak eman zizkigun. Baina hirugarren jardunaldian lehen porrota iritsi zen, 3-1 galdu genuen Eibarren, eta jarraian 1-2 galdu genuen Loinazen Gasteizko Aurrera Vitoriaren aurka. Hala ere, gorabeherak egon arren, taldea lehiakorra izan zen eta lehen itzulia bukatzean bosgarren postuan zegoen 32 punturekin laugarren sailkatua zen Lemoarengandik puntu bakarrera. Aukerak zabalik zeuden bigarren itzuliari begira.
30. jardunaldian, Loinatzen Sanseren aurka hutsean berdindu ondoren, taldea laugarren postuan zegoen 51 punturekin, bosgarren zen Lemoari bi puntuko aldea ateraz. Ondo kokatuta geunden azken esprinterako, baina Indautxuren zelaian 3-0 galdu ondoren, Lemoak laugarren postu hori kendu zigun, eta amaierarako bost partida baino ez ziren geratzen. Ia ez zegoen hutsik egiteko tarterik.
Hurrengo jardunaldian hiru puntuak lortu ziren Loinazen, 2-0 San Pedrori, baina Lagun Onaken aurka Garmendipen 4-0 galdu izanak min handia egin zuen. Oraindik ez zen konponezina, bi partida geratzen ziren Basconia, Sanse eta Zalla lehen hiru postuen jabe zirela jakinda. Igoerako playoffetara iristeko aukera bakarra laugarren postua lortzea zen.
Azken-aurreko jardunaldian Lemoaren bisita jaso genuen. Sailkapenean puntu bat gehiago zuen eta 2-0 irabazi zigun lehen itzulian, Arlonagusian. Partida bana (1-1) iritsi zen azken minutuetara baina Jagoba Arrasatek partida amaitzear zegoenean sartutako golak hiru puntuak eman zizkigun eta aukera guztiekin iritsi ginen azken jardunaldira.
Getxoko Arenas genuen zain bere zelaian; sailkapeneko taulan erdian kokatua ez zuen ezer jokoan. Eurak izan ziren markagailuan aurreratu zirenak lehen zatian Noriegaren golari esker. Jon Ander Hombre atsedenaldian sartu zen, eta bigarren zatian 50. minutuan banakoa jarri zuen markagailuan. Baina Arlonagusiatik iristen ziren albisteak pronostikoa betetzen ari zela zioten eta Lemoak 3-1 irabazi zion Portugaleteri. Beraz, berdinketak ez zigun balio. Taldea buru-belarri aritu zen behar zuen golaren bila, baina 88. minutuan iritsi zena Antziaren gola izan zen Arenasentzat eta honela amaitu zen denboraldia Beasainentzat. Etsipena handia izan zen.
Denboraldia zenbakitan: 16 garaipen, 13 berdinketa, 9 porrot, 61 puntu; 37 gol alde eta 31 kontra. Baskonia, Real B, Zalla eta Lemoa aritu ziren Bigarren B Mailara igotzeko lehian, baina inork ez zuen saria lortu. Durango, San Pedro, San Inazio eta Aurrera Vitoria B mailaz jaitsi ziren.

Erdiko lerroan: Muniozguren, Hombre, Iker Lasa (prestatzaile fisikoa), Javier Mandiola (entrenatzailea), Enrique Villaro (presidentea), Auritz Mendizabal (fisioterapeuta), Garmendia eta Estarriga.
Beheko lerroan: Arredondo, Aramburu, Legarda, Rios, Xabier Oianluze (atezainen entrenatzailea), Andueza, Sarasibar, Lizarralde, Zapiain eta Arrasate.
03-04 denboraldia “Loinatz zaharrari agur“
Presidentea: Enrique Villaro
Entrenatzailea: Iñaki Eskisabel
Bigarren urtea jaitsieraren ondoren. Iñaki Esquisabel jokalari ohia iritsi zen aulkira, beasaindarren etxea ondo ezagutzen zuena. Lehenik eta behin, jokalari gisa zortzi denboralditan, eta gero, entrenatzaile-laguntzaile gisa jaitsieraren urtean. Bere buruan eta guztien buruan, lehenengo lau postuetako bat lortzea, baina igotzeko aparteko presiorik gabe, eta sentsazio hori herrian eta jarraitzaileengan sentitzen zela zirudien.
Denboraldi hasiera oso ona izan zen, lau garaipen lehen bost partidetan. Baina seigarren jardunaldiko Lemoaren aurkako porrotak min egin zuen. Zazpi egun geroago beste porrot bat, oraingoan Gernikan (1-0) eta jarraian hirugarrena Basconiaren aurka (0-2) eta hirugarrena golik gabe. Pasaian eten zen bolada txarra, garaipen garrantzitsua (0-1 Jon Ander Hombre).
Jardunaldiak pasa ziren eta lehen itzuliaren amaierara porrotarekin iritsi ginen Zamudioko Udal zelaian 2-0 galdu ondoren. Zazpigarrenak ginen bai, baina laugarrenetik (Portugalete) bi puntura. Estatistikei begiratuz gero gola falta zitzaigun; 19 gol bakarrik 19 partidatan, baina taldea lehiakorra zen.
Bigarren itzuliaren hasiera ez zen ona izan, jokoan zeuden lehen hamabi puntuetatik hiru bakarrik erdietsi genituen. Zama horrek alde alde handia ireki zuen sailkapenean nahiz eta Arlonagusian Lemoaren zelain 0-2ko garaipena lortu Alain eta Ontoriaren golei esker arratsalde hotz eta elurtu hartan.
Zaila zela jakinda, bizirik iritsi ginen azken hiru jardunaldietara. Loinazen 1-0 Eibar B-ren aurka lortutako garaipenak final baten aurrean jarri gintuen hurrengo jardunaldian, Portugaleten.
La Floridan irabazteak bakarrik balio zuen, baina partida oso maldan gora jarri zen jarrilleroek lortu zituzten bi golekin eta ondoren Alainen kanporaketarekin.
Baina azken minututan Jon Ander Hombre eta Urtzi Arrondoren golek, partidan sartu gintuen berriro. Etxekoak oso urduri jarri ziren eta Beasain eraso betean. Luzapenean irabazteko aukerak egon ziren, baina baloiak ez zuen sartu nahi izan. Festa jarrilleroena izan zen eta Beasain Playoffetatik kanpo geratu zen bigarren urtez jaitsieraren ondoren.
Denboraldia eta Loinatz zaharraren historia ixteko, 2-0 irabazi genion Zamudiori Urtzi Arrondo eta David Careagaren golei esker azken partiduan. Honela, bosgarren sailkatu ginen, Portugaletengandik 4 puntura. Azaldu behar da hirugarren sailkatuak, Basconiak, ezin zuela play-off-ik jokatu, Athleticek ba zuelako Bigarren B mailan bere bigarren taldea.
Loinatzi agur
Eta honela iritsi ginen Loinaz zaharraren azken egunera. 2004ko ekainaren 5ean izan zen, Beasaingo eta Añorgako harrobietako taldeen arteko txapelketa batean, eta lortutako azken golaren ohorea Eneko Oiarbiderentzat izan zen. Zelaiaren historia 1958ko abuztuaren 31n hasi zen, eta aipatutako datan amaitu zen.
Orain trantsizio urtea zetorren eta lehen taldeak Igartzan jokatuko ditu bere partidak Loinatz berria jokatzeko moduan egon arte.
Ezin amaitu Igartzako zelai berriak beheko kategoriei eman zien bultzada azpimarratu gabe, ikusgarria izan baitzen. Hiru talde berri heldu ziren: B kadetea, infantilen taldea eta beste alebin bat. Bi igoera izan ziren, A kadetearena eta infantilarena.
Denboraldia zenbakitan: 20 taldeko multzoan seigarren postua; 18 garaipen, 11 berdinketa, 9 porrot; 43 gol alde, 35 kontra; 65 puntu. Play-offak jokatu zituzten Bigarren B Mailara igotzeko, Sestaok, Lemoak, Eibar B-k eta Portugaletek.
Sestaok eta Lemoak Bigarren B Mailara igotzea lortu zuten. Pasaia, EHU eta Bermeo jaitsi ziren.

Bigarren lerroan: Sarasibar, Gibelalde, Hombre, Igor Bueno (prestatzaile fisikoa), Iker Lasa (prestatzaile fisikoa), Enrique Villaro (presidentea), Iñaki Eskisabel (entrenatzailea), Otegi, Odriozola, Ayuso
Eserita: Sarasola, Martin, Zapiain, Xabier Oianluze (atezainen prestatzailea), Arrondo, Andueza, Koikili