ABANTAILAREKIN LOINAZKO PARTIDA ERABAKIGARRIRAKO

Larunbatean 18:00etan jokatuko den partidarako sarreren aldez aurreko salmenta Loinazen egingo da asteazken eta ostegun honetan 19:00etatik 20:00etara
3. RFEF IV. multzoa: 2. RFEFera igotzeko finaleko joaneko partida
Cortes 1-2 Beasain (Bengo, Pita)
Larunbat arratsaldea, bero itzela, ekaitza bigarren zatian eta sarrera ona Xabierko San Frantziskoren zelaian, jarraitzaile txuri-urdin ugarirekin. Cortes Beasaindik nahiko urrun dagoen arren, ia Aragoiko mugan, gure jarraitzaileak taldearekin egon ziren.
Partida ez zen ondo hasi, zelai erdian baloia galdu ondoren, epaileak atzelari bagoilari batek area barruan baloia eskuz ikutu zuela eta penaltia adierazi zuen. Alex Puertasek jaurti zuen gola lortuz. Seigarren minutuan markagailuan atzetik jarri gintuen gola.
Cortesekoak atzean sartuta, ez zen erraza zuloak aurkitzea. Pitak aukera oso argia eduki zuen, baina ez zuen aterik aurkitu. Bagoilarien nagusitasuna erabatekoa zen, bi penalti eskatu ziren Nafartarren arean, baina epaileak ez zituen adierazi.
39. minutuan, Zubillagak jokoan jarri duen alboko falta eta Bengok buruz egindako erremate bikainak banakoa jarri zuen markagailuan. Luzapenean Beñati egindako ustezko beste penalti bat eskatu zen, baina banakoarekin joan ginen aldageletara.

Bigarren zatiko lehen bost minutuetan Bengok eta Beñatek bi aukera oso argi izan zituzten, baina ez dute asmatu. Hurrengo minutuetan CD Cortesen hiru hurbilketa arriskutsu ondo konpondu zituen Martinek.
Iritsi zen 60. minutua eta Zubillagak sekulako pasea sartu zion Pitari, honek bikain kontrolatu eta atezainaren gainetik baloia sareetara bidali zuen markagailuan aurretik jarriz beasaindarrak.
Hortik aurrera, bagoilariek partida kontrolatu zuten, ia ezustekorik gabe eta kontraerasoan abagune argiekin, bereziki Borjaren bi aukera minutu batean, aurkarien atezainak gelditu zituenak.

Amaieran bat eta bi. Beasain KEtik, eskerrik beroenak taldea animatzera Cortesera joandako pertsona guztiei, animoa funtsezkoa izan baitzen. Era berean, eskerrak ere CD Cortes-i bertaratu ziren beasaindar guztiei eskainitako harrera on eta jasotako tratu bikainagatik. Loinazko itzulerako partidan abegi onez hartuko ditugu nafarrak. .
Zaleei deia
Itzuliko behin betiko partida, bietako zein igoko den erabakiko duena, larunbatean jokatuko da, Loinazen, 18:00etan. RFEFeko 2. mailara igotzea hurbilago dago. Klubak, datorren larunbateko partidaren garrantzia ikusita, dei berezia egiten die zale bagoilariei Loinazera taldea animatzera joan daitezen. Sarrerak aldez aurretik salgai jarriko dira Loinazen asteazken eta ostegun honetan, 19:00etatik 20:00etara, prezio hauekin: orokorra 15€, gazte/erretiratua 10€.