KLUBA

logoBeasain

Beasaingo herriaren historian zehar Beasain Kirol Elkartea gure komunitateko elementu garrantzitsua izan da. Klubean argi dugu gure funtzioa, funtsean, soziala dela; eta hori horrela izanik, kluba bera eta hartako giza ondarea gure gazteriaren eskura dagoela uste dugu.

Gaur egun 500 pertsonek osatzen dute kluba, jokalariak, teknikariak eta zuzendaritza aintzat hartuz. Tokiko entitate, organismo eta enpresek argi dute klubak egiteko sozial garrantzitsua duela gure komunitatean eta, horregatik, laguntza ekonomikoa jasotzeaz gain, bestelako laguntza ugari jasotzen dugu hala enpresen nola instituzio publikoen aldetik. Aurrekontu ezberdinak funtzio sozial hori gauzatzera bideratzen dira oso-osorik.

Gure proiektua gurekin diren gazteen hezkuntza, prestakuntza eta garapenean oinarritzen da, etorkizunean duintasunez lehia daitezen, garaipena eta porrota kirolaren ohiko ondoriotzat uler ditzaten eta emaitza horiek behar bezala barneratzen ikas dezaten.

Klubak egun duen egituran talde nagusia kategoria nazionaleko 2. RFEF Mailan kokatzen da. Oinarri-futbola kategoria eta talde ezberdinetan zehar egituratzen da. Mutilen taldeak barneratzen dira klubean eta lan metodikoa garatzen da Beasain eta inguruko herrietako 250 mutilekin.

Klubean barneratzen diren kategoria ofizialez gain, bada Futbol Eskola bat ere. Eskola horretan 9-12 urte bitarteko gaztetxoek lehen urratsak eman ditzakete futbolean.

Klubaren egungo egitura, kategoria eta kirol-sekzioen arabera sailkatuta.

  • Futbol Eskola
  • Partehartzeko Alebina
  • Errendimenduko Alebina
  • Ohorezko Infantila
  • Infantil Txikia
  • Ohorezko Kadetea
  • Gorengoen Kadetea
  • Ohorezko Jubenila
  • Nazional Ligako Jubenila
  • Erregional Gorengoa–talde filiala-.
  • RFEF Maila–talde nagusia-.

Klubak erabiltzen dituen egitura eta instalazioak Udalarenak dira eta, gaur egun, bi futbol-zelai barneratzen dira: Loinaz eta Igartza. Loinaz udal futbol zelaia 2005ean eraiki zen. 102m x 63mko dimentsioa du, belar artifiziala eta 400 pertsona har ditzakeen harmaila. Klubeko talde nagusiak Loinatzen jokatzen ditu etxeko partidak.

Igartza futbol-zelaia 2003an eraiki zen. 95m x 55mko dimentsioa du eta belar artifiziala. Harmaila bat du eta bertan garatzen da klubaren oinarri-futbola.

Beasaingo Kirol Elkartetik eskerrak eman nahi dizkiogu Beasaingo komunitateari eta gure historia luzean zehar era anonimoan klubak bere funtzio sozial garrantzitsua gauzatu ahal izateko gure alde lan egin duten pertsona guztiei.