BENGOREN GOLAK IGOERA LORTZEKO FINALERAKO TXARTELA EMAN DU

3. RFEF IV. multzoa: 2. RFEFera igotzeko bigarren kanporaketako itzuliko partida
Portugalete 0-1 Beasain (Bengo)
Igande arratsaldea, La Florida betea eta gogoan geratzen diren partida handi baten itxura.
Lehen zatiak espero zenari erantzun zion. Partida oso taktikoa izan zen, espazio gutxi, eta zaila zen aurkariaren areara iristea. Kontrola Porturena izan zen gehiago, baina defentsak eta Martinek ez zieten ia zirkinik ere utzi. Erasoan Pitak izan zuen aukera garbia bigarren minutuan, baina Ibonek gelditu egin zuen jaurtiketa eta lehen zatiko luzapenean, berriz ere bikain aritu zen Ibon Beñaten jaurtiketa estaltzen.
Bigarren zatiaren hasieran, Beasain gehiago jokatzen hasi zen zelai erdian. Bazirudien espazio gehiago zeudela, eta 54. minutuan, taldeko jokaldi bikain baten ondoren, Ander Bengoetxearen errekortea eta gol bikaina.

Abantaila genuen, baina asko geratzen zen. Portuk ez zituen gure atera iristeko bideak aurkitzen eta goian jendea pilatuz joko zuzenago batekin arriskua sortzen hasi zen. Kontraerasora leku gehiagorekin, Beasainek irteera onak egin zituen, baina aukerak zehaztea falta izan zitzaion.
Talde osoaren defentsa lana bikaina izan zen eta sufrituz, ezin bestela, partida amaitu zen. Finala Nafarroako ordezkariaren aurka jokatuko dugu, CD Cortes, joanekoa Nafarroako lurretan, datorren asteburuan.
Urrats bakarra geratzen da, baina ziurrenik zailena izango da. Igoera pixka bat gertuago dago, baina oraindik bi partida falta dira hori lortzeko.
