LA FLORIDAN ERABAKIKO DA

Klubak autobusa jarriko du zaletuentzat Portugaletera joateko, bidaia pertsonako 7 euroan, joan behar dutenek asteazken honetan, hilak 4, izena eman beharko dute 19:00etatik 20:00etara, Loinazen
3. RFEF IV. multzoa: 2. RFEFera igotzeko bigarren kanporaketako joaneko partida
Portugalete 1-1 Beasain (Sansi)
Larunbat arratsalde sargoritsua Loinazen, jendez gainezka harmailak, izan ere Porturen jarraitzaile ugari etorri ziren Beasainera.
Lehen ordu erdian ezer gutxi gertatu zen, bi taldeek arriskurik hartu gabe jokatu zuten. Atsedenaldira iritsi aurreko azken 15 minutuetan Beasain nagusi izan zen eta gerturatu zen Porturen atera. Hainbat “ui” entzun ziren tartean Ibon bagoilari ohiaren geldiketa bat Pitaren jaurtiketa bati erantzunez. Lehen zatiko azken jokaldian Capak izan zuen aukera, Eibar eta Athleticeko jokalari ohiak, baina bere jaurtiketa kanpora joan zen.

Bigarren zatiko bosgarren minutuan, partida aldatu zuen jokaldia iritsi zen. Aimar Barrera ezker hegaletik sartu zen, eta harmailetatik iruditu zitzaidanaren arabera Portugaleteko ezker hegalekoa izan zen Peral eta Lazkanoren artean sartu nahi izan zuena. Epaileak penaltia adierazi zuen, Aimarrek berak sartu zuena.
Jarraian, aukera oso argia, baina Sansik bigarren zutoinean egindako jaurtiketa gora joan zen, eta hamabosgarren minutuan, beste jokaldi bat polemikarako. Markel Pitaren barnekaldia are barruan eta lurrera bota zuten, penalti garbia zirudien, baina epaileak ez zuen adierazi, eta gure jokalariari ez zion kargu hartu, beraz edo penaltia da edo txartela da itxurak egiteagatik. Ba ez bat ez bestea, zalantzarik gabe epaile nafarrak bere araudia zuen. Oro har Loinazen ez zen gutokoa izan bere lana.
Portuk ondo kontrolatzen zuen partida, talde bikaina dela erakutsi zuen eta ez zuen estutasun handirik pasa. Beasain saiatzen ari zen, baina minutuak aurrera zihoazen eta huts eta batekoa mantentzen zen, harik eta 87.ean Borjaren jenialtasun bat golean nola amaitu ez zen sinestu ezinik, Zubillagak jaurtitako kornerra Sansik buruz gol bihurtu zuen arte. Amaieran bat eta batekoa markagailuan.
Portugaleterako autobusa
Etxean berdintzea, badirudi ez dela emaitza ona itzuliko partidari begira baina galtzen zoazenean eta amaiera hurbiltzen denean, hori lortzea, beste modu batera ikusten da. Egia da La Floridan, ekainaren 8an, 19:00etan, irabazi egin behar dela igoeraren finala jokatzeko, baina emaitza horrekin beste modu batera sentitzen da. Klubak 7 euroan autobusa jarriko du, aldez aurretik izena emanda eta autobusa betetzeko baldintzarekin. Interesa dutenek Loinazera joan beharko dute asteazkenean, hilak 4, 19:00etatik 20:00etara.