BIGARREN POSTUAREN BILA

3. RFEF IV. multzoa: Beasain 2-0 Derio (Beñat Eizagirre, Julen Zubillaga)
Asteazken Santuko arratsaldea, hotza eta euria Loinazen. Derio ikusteko harmailetan sarrera ona talde bisitariaren jarraitzaileen presentziarekin.
Taldeari lehen ordu laurdenean kosta zitzaion, Derio zelaian oso ondo jarrita bait zegoen. Ez zegoen espaziorik eta baloiaren zirkulazioa motela zen, zelai erdian galdutako baloi baten ondoren ere susto ederra egon zen gure atean.
Baina hamaseigarren minutuan, Beñaten banakako jokaldi bikainean, bat eta hutsekoa iritsi zen. Hortik aurrera, atsedenaldira arte, partida Beasainen eskuetan egon zen, eta hamaika aukera sortu zituen, baina aukerak ezin asmatu izanak eta kanpotarren atezainaren lan bikainak markagailua mugitzea eragotzi zuten.
Bigarren zatian egoera aldatu zen, bisitariek kontrola bereganatu zuten, futbol ona eta aukerak sortu zituzten, eta Beasain baloirik gabe sufritzen ari zen. Halaber, anekdota gisa aipatu behar da epailearen lesioa, jarraitzeko saiakera baten ondoren partida utzi behar izan zuen. Entrenatzaileen ok-arekin partida laguntzaile bakarrarekin jokatu zen.
73. minutuan, alboko falta, eta Zubillagaren exekuzio bikaina, bi eta hutsekoa jarri zuena markagailuan. Goletik aurrera, taldeak partida kontrolatu zuen, eta Derio jada ez zen gol aukerarik sortzeko gai izan, aitzitik hiru eta hutsekoa gertuago egon zen, baina definizioan asmatzea falta izan zitzaion etxeko taldeari.

Begira diezaiogun sailkapenari. Baskoniak irabazi eta txapelduna izaki, 2. RFEF mailako taldea da. Leioak galdu egin zuen eta Portuk eta Beasainek irabazi; bigarren postua lortzeko lehian, Portuk 61 puntu eta Leioak eta Beasainek 60. Beasainek Porturekin alde du averagea eta Leioarekin ez.
Hurrengo hitzordua Gasteizen, Alaves C izango dugu zain. Entrenatzaile aldaketarekin, German Beltranen etorreraren ondoren bigarren itzuli bikaina egiten ari da.