PREFERENTEKO TALDEA IGOERATIK BOST PARTIDURA

Gure bigarren taldea bere multzoko lehen sailkatua da une honetan
Josean Saizen izenean
Joan den larunbatean Alustiza zelaian jokatu zuen Seguran Preferenteko gure bigarren taldeak. Irabaztea beharrezkoa zuen, gol kopuruagatik astebete lehenago lortutako lidergoa sendotzeko. Segura Goierriren aurka oso partida zaila jokatu ondoren, Gerardo eta Valdiren golek 1-2koa jarri zuten markagailuan.
Bost partiden faltan, Altamiran Ordizia eta Ilintxaren arteko berdinketaren ondoren, Ordiziarekiko bi puntuko aldeak, 4 Ilintxarekiko eta 5 Anaitasunarekiko, gure bigarren taldea azken bost jardunaldietara sailkapenean ondoen kokatuta iristen direnen pare jarri dute.
Multzoko txapelduna bakarrik igoko da automatikoki Eskualdeko Ohorezko Mailara, eta hori zen helburua lehiaketa hasi zenean, eta hori da helburua 25 jardunaldi geroago, zailtasun, lesio, eta lehiaketaren gogortasuna medio.
Duela urtebete Elgoibarren Zumaiako taldearen aurka jokatu zuen azken partida haren ostean, kolpe gogor hartatik altxatzea ez zen batere erraza izan, baina ametsak posible izaten jarraitzen du, animo eta jo ta ke lortu arte!