Bazkide kuoten itzulera denboraldia bertan behera geratu ostean
Futbol Eskola eta oinarrizko futbol taldeetako jokalarien kuotekin ere berdina egingo da
Koronabirusaren pandemiak lehiaketa guztien behin betiko etetea ekarri du. Halaxe adierazu dute ofizialki erakunde eta federazioek. Egoera eta ondorioz erabaki honek zuzen zuzenean eragin dio klubaren ekonomiari. Gainera, gure etorkizun hurbila nolakoa izango ote den zalantza gehitzen badiogu, egoera oso zailean gaudela ziurta dezakegu. Zaila ezustekoagatik, eta zaila sortutako ezjakintasunagatik. Ausardiaz eta indarrez aritzeko
garaia suertatu zaigu.
Beasain,K.E.-ak 100 urte baino gehiagoko historia du. Une zoragarriak eta zoriontsuak bizi izan ditugu, baina baita ere oso konplexuak. Gaur berriro azken hauetako bat dagokigu eta denoi eragiten digu, baina ziur gaude guztion artean gaindituko dugula. Egoera berri hau oso larria da klubarentzat arlo ekonomikoan; arduraz eta zorroztasunez aztertzen ari garena. Ez dakigu zein neurritan eragingo digun erakunde publikoetatik, federazioetatik, Realetik edo enpresa pribatuetatik jasotzen ditugun diru laguntzetan, baina argi daukagu ondorio negatiboak izango ditugula. Era berean, argi dago lehiaketen eteteen ondorioz, ezingo dugula gure taldeez gozatu ez Loinazen ezta Igartzan ere.
Hau guztia horrela izanik, zuzendaritza taldeak eskatzen duten bazkideei, urteko kuotaren %20a berreskuratzeko aukera ematea erabaki du. Horretarako, www.beasainke.com webgunean atxikituko dugun inprimakia bete eta Xerbera tabernan (bertan ere eskuratu daiteke) utzi beharko da edo socios@beasainke.com helbidera bidali beharko dute ekainaren 15a baino lehen. Itzultzea nahi ez duten bazkideen dirua klubaren egoera ekonomikoa zuzentzeko erabiliko da. Modu berean Futbol Eskola eta oinarrizko futbol taldeetako jokalari guztien kuoten portzentai berdina itzultzeko aukera emango zaie jokalari guztiei. Horretarako klubak aukera horretaz baliatzeko informazioa helaraziko die barne komunikazioaren bitartez. Jasotzen den laguntza guztia, ongietorria izango da, etorkizunari begira lanean jarraitu ahal izateko. Bazkideen laguntza itzela zinez eskertzen dugu. Loinatz edo Igartzan berriro laister ikusiko garen esperantzarekin.
Beasain KE-ko zuzendaritza taldea
ESKAERA IMPRIMAKIAK
[ DEVOLUCION FUTBOL BASE ] – [ DEVOLUCION FUTBOL ESKOLA ] – [ DEVOLUCION SOCIOS ]