ALBISTEAK

BEASAIN-LAGUN ONAK PARTIDUA KLUBARI LAGUNTZEKO EGUNA

Sarrera orokorrak 10, bazkideak eta erretiratuak 8 eta bazkide erretiratuak 6 euro ordaindu beharko dituzte

Larunbat honetan, arratsaldeko 18:30etan hasiko da Loinaz futbol zelaian asteburuan jokatuko den 3. Mailako partidurik interesgarrienetako bat. Etxeko taldeak, Beasainek, Azpeitiako Lagun Onak taldearen bisita jasoko du, gipuzkoarren arteko lehia beraz, eta beasaindarrentzat bigarren B mailara igo ahal izateko aukera ematen duen laugarren postua erdiesteko beste aukera bat.

Egun Beasainek 58 puntu ditu eta sailkapenean seigarren aurkitzen da play off-a jokatzeko laugarren postutik 3 puntura. Datorren larunbateko partiduarekin 3 partidu geratzen dira denboraldia amaitzeko eta jokoan 9 puntu daude. Hori horrela aukera berri bat du Beasainek 2.B mailara igotzeko play off-etako aukera ematen duen postu hori lortzeko. Azpeitiarrek ez dute ezer jokoan jada eta hamaikagarren postuan daude 47 punturekin sailkapenaren toki epelean.

Partiduaren garrantzia ikusirik, partidua klubari laguntzeko eguna izendatu du Beasain K.E.ko zuzendaritzak

Bazkideek ordaindu beharko dute

Bertaratuko diren guztiek ordaindu beharko dute sarrera: sarrera orokorrak 10 euro balioko ditu. Bazkide arruntak eta erretiratuek 8 euro, eta bazkide erretiratuek 6 euro.

Zer esanik ez, zuzendaritza taldeak deialdi berezia luzatu nahi die beasaindar guztiei larunbat honetan arratsaldeko 18:30etan Loinazera etorri daitezen taldea animatzera.