ALBISTEAK

BIZIRIK IRAUTEKO GARAIPENA

Arenasen aurkako garaipen bikainak jaitsierako postuetatik irtetea ahalbidetu du

Josean Saiz

Udaberri giroko arratsalde aparta larunbat santuan. Harmailetan  Getxoko Arenas taldeko jarraitzaileak nabarmendu arren, gure zaleak ere etxeko taldea babesteko gogoz gerturatu ziren. Futbolaz gozatzeko moduko arratsaldea suertatu zitzaigun Loinazen bildu ginen guztioi.

Egia esan, partida bikaina ikusi ahal izan zen. Borjaren gol goiztiarrak bidea erraztu zigun eta Lorearenak lehen zatiaren erdian, atsedenaldira 2-0 iristea ekarri zuen play-off postuetan sartzeko borrokan zebilen aurkari bikain baten aurrean.

Iván Claver gure kapitainak 3. minutuan sartutako golak, 3-0ekoarekin bigarren zatian geratzen zen guztiari aurre egiteko egoera ezin hobean jarri gintuen. Kanpotarrek asko estutu zuten, baina gureek ez zieten zirkinik ere utzi eta 3-0ekoarekin bukatu genuen.

Bizirik irauteko hiru puntu dira, oraindik ere geratzen zaizkigun azken bost partidei begira. Igandeko jardunaldian adi egon ginen jokatzeko geratzen ziren partidei. Bagoneroak jaitsierako postuetatik irten eta promoziorako postuan aurkitzen dira Brearengandik puntu batera (averagea alde) eta Izarrarengandik bira (averagea aurka).

Datorren igandean, 16:00etan Zubietan, Real C-ren aurka izango da hurrengo neurketa. Sailkapeneko goiko postuetan dagoen beste talde bat; bosgarren sailkatua 45 punturekin, bagoneroak baino 10 puntu gehiagorekin. Ziur gure jarraitzaileak lagun, guztion artean emaitza on bat lortzeko aukera izango dugula.