BIZIRIK JARRAITZEKO GARAIPENA

Talde bagoilaria hamaseigarren dago jaitsierako postuetan mailari eusteko postuetatik zazpi puntura
Josean Saiz Cebrian
Beasainek Zentronikora bidaiatu zuen aurreko jardunaldian Loinazen Tarazonaren aurkako porrot mingarriaren ondoren. Aragoarren aurka, Ximonek lehen minutuan aurreratu zituen bagoilariak, eta emaitzari eutsi zitzaion, Carlos Gonzalezek 89. eta 93. minutuetan sartutako bi golek Beasain sailkapeneko beheko postuetan utzi zuten arte.
Igandean Cirboneroren San Juan zelaian jokatu beharreko partidua erabakigarria zen. Txuri-urdinek hiru puntuak lortzeko itxaropenarekin bidaiatu zuten Erriberako lurretara. Nafarrek abenduaren 11tik etxean galdu gabe zeuden. Hargatik, Ivan Claverrek 6. minutuan sartutako gol goiztiarrak indarra eta morala eman zien.
Zubillagak bigarrena jarri zuen markagailuan 26. minutuan eta partiduak itxura ona hartu zuela zirudien, baina nafarrentzat Aguirrek 42.ean sartutako golak min egin zuen eta berriz ere zalantzak agertu ziren.
Bigarren zatia hasita, Ximonen golak, 47.ean, segurtasun tartea ireki zuen berriro, babes garrantzitsu hori emanez. Partida 1-3koarekin itxi ahal izan zen eta urrezko hiru puntu lortu ziren. Orain beharrezkoa da Loinazen irabaztea eta hirunaka puntuak batzea.