Covid 19ak eragindako denboraldiaren balorazio positiboa urteko batzar orokorrean
Bazkideei esker, alderdi ekonomikoa positiboan itxi zen. Kirol arloari dagokionez, baja eta alten artean, hirugarren mailako taldeak dozena erdi jokalari aldatuko ditu.
Jende gutxirekin, ohi bezala, eta modu positiboan bukatu zen Beasain KEren urteko batzarra. Derrigorrezko prebentzio, segurtasun eta higiene-neurri zorrotzekin burutu zen ohiko urteko batzarra. Zuzendaritzak aurreko aktaren irakurketa, txosten ekonomikoa eta kirol-balorazioa zituen aztergai eguneko gai-zerrendan, galde-erreguen atalera iritxi aurretik. Denboraldiaren errepasoak pandemia izan zuen ardatz nagusi, baita 19. covid -ak eragindako alarma egoera eta horren ondorioak ere.
Alderdi ekonomikoari dagokionez, balantzea positiboa izan zen bazkide guztiek emandako babesari esker; izan ere, zuzendaritzak urteko abonuaren %20a itzultzeko aukera eman arren, bazkideetako inork ez zuen eskatu.
Horrela, eta inolako diru kopururik itzuli behar izan ez zenez, denboraldia ekonomikoki zenbaki gorrietan ixteko aukeratik, 11.800 euroko superabitarekin amaitzera pasatu da. Beraz, alderdi ekonomikoari dagokionez eta bazkideen laguntzari esker egindako balantzea positiboa da. Zuzendaritzak eskerrak eman zizkien bazkideei gindakoagatik.
Kirol balorazioari dagokionez, ez zen ezusteko aipagarririk izan. Konfinamendu aldiak eta lehiaketaren behin betiko eteteak azken orduko berririk ez egotea eragin zuen. Beraz, hirugarren mailako taldean hauek izan dira bajak; bi atezainak, Bastida (Lagun Onak) eta Ibon (Pasajes). Zelaiko jokalariei dagokionez, Letamendia (Arenas de Getxo 2B), Aranberri (Anaitasunara itzuli da), Castillo (Pasajes) eta Eneko Cortes beasaindarra, Realak fitxatu du bere hirugarren talderako.
Altei dagokienez, momentuz jokalari hauek etorriko dira; atezainak Martin Artetxe (Lagun Onak) eta Gelbenzu (Ordizia). Zelaiko jokalariak, Markel Pita billabonatarra (Antiguoko), Aiert Ordoñez (bi urteren ondoren itzuliko da) eta Beñat Izagirre (Realekoa, hau ere utzita etorriko da berriro). Jokalari horiekin hasiko du hurrengo denboraldia Jose Luis Riberak, 22 fitxak osatzeko bi hutsuneren faltan.
Aurreikuspenen arabera liga urriaren erdialdean hasiko da.