AFORO MUGATUA ETA BABES NEURRIAK DENBORALDIA HASTEKO
Hirugarren mailako 2020-2021 denboraldiari hasiera emango zaio larunbat honetan Loinatz Udal Futbol zelaian. Beasain KEko lehen taldeak Somorrostro talde bizkaitarraren bisita jasoko du. Partidua arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Ikusleak zelaira sartu ahal izango dira baina segurtasun eta babes neurri bereziak hartuta.
Une ezohikoa bizitzen ari gara. Covid-19ak eragindako pandemiak gizarte gisa ahulak garela erakutsi du, eta gure ohiturak aldatzera eta gure plan pertsonalak eta kolektiboak egoera berri honetara moldatzera behartu gaitu. Beasain Kirol Elkarteko zuzendaritzak egokitzapenak egin ditu Loinatz futbol zelaian eta publikoari ateak zabalduko badizkio estreineko partidu honetan ondorengo baldintzak beteta izango da.
Bazkideak lehentasuna edukiera mugatuan
Partidua 17:00etan hasiko da eta zelaiko ateak 16:30ean irekiko dira. Edukiera mugatua dagoenez 346 pertsonentzako tokia izango da. Ikusle guztiak eserita egon beharko dira harmailetan eta distantziak mantentzeko zein eserleku izango diren erabilgarri adierazita egongo da.
Ateak irekitzean sartzeko lehentasuna bazkideek eta baimendutako pertsonek izango dute. 16:45ean leihatilan sarreren salmenta hasiko da eta hortik aurrera sarrera eskuratzen dutenek ere zelaira sartzeko aukera izango dute harik eta baimendutako edukiera bete arte. Hargatik, bazkideei zelaira lehenbailehen gerturatu daitezen gomendatzen zaie. Zelaira sartzeko derrigorrezkoa izango da maskara jartzea eta jarrita edukitzea. Eskuak garbitzeko hidrogela egongo da eta tenperatura hartuko da. Ikusle guztiak harmailetan adierazitako eserlekuetan eserita egon beharko dute eta klubeko arduradunen jarraipideak bete beharko dituzte. Megafoniaz ere bete beharreko neurri hauen berri emango da.