ALBISTEAK

Jose Luis Riberak Beasain KE-ko entrenatzaile izateari utzi dio

Zuzendaritzak eta entrenatzaile Azkoitiarrak adostasunez, bart iluntzean izandako bileraren ondotik hartutako erabakia izan da.

Beasain KE-ak bihotzez eskertzen du Riberak azken hiru denboraldietan egindako lan eskerga, erakutsitako konpromisioa eta giza-jokabidea. Bere ordezkoa nor izango den oraindik ez dauka erabakita zuzendaritza beasaindarrak.

Hirugarren mailako taldearen entrenatzaile karguan ez du jarraituko Jose Luis Riberak. Bart egindako bileran, klubeko zuzendaritzak eta Riberak adostasun osoz hartutako erabakia izan da. 2018an iritsi zen entrenatzaile azkoitiarra talde beasaindarrera eta talde nagusia zuzentzen egin ditu azken hiru denboraldiak.

Bi aldeek batera adostuta hartutako erabakiaren ondotik, talde beasaindarrak bihotzez eskertu nahi du Riberak Beasain Kirol Elkartearen alde egindako lana. Profesional gisa bere balioa soberan erakutsi du baina horretaz gain bere gizatasuna eta jokabidea goraipatu nahi ditu Beasain KE-ko zuzendaritza taldeak. Eskeinitako guztiarengatik eskertuta agertu nahi du talde txuri urdinak bereziki hain une ezohikoak bizitzen ari garen honetan.

2020-2021 denboraldiko 12garren jardunaldia jokatu ondoren, une honetan hirugarren mailako 4A taldean hamaika taldeen artetik zazpigarren postuan aurkitzen da Beasain, lehenengoarengandik zazpi puntura partidu bat gutxiago jokatuta.

Zuzendaritza taldearen lana orain Riberaren ordezkoa aurkitzea da eta eginkizun horretan dabil. Oraindik ez dago erabakita entrenatzaile berria nor izango den, bien bitartean Unai Etxeberria bigarren entrenatzailea eta Unai Zurutuza prestatzaile fisikoa izango dira taldearen ardura hartuko dutenak.

.