JUVENILEN NAZIONAL LIGAKO TALDEAK URREZKO GARAIPENA LORTU DU ZARAUTZEN AURKA

Jubenilen Nazional Liga Beasain 1 – 0 Zarautz (Lander Gastesi)
Jardunaldi ezohikoa, partida bakarra baikenuen karteldegian, eta ostegun arratsaldean jokatu zen. Loinatzen, euria eta hotza nagusi ziren egun desatseginean, txapelketaren 14. jardunaldia jokatu zen.
Gure taldea, jaitsierako postuen mugatik puntu bakarreko aldearekin. Bisitariak Beasain baino lau puntu gehiagoz.
Denboraldi hasiera zaila izan da eta asko kostatzen ari zitzaigun hirunaka puntuak batzea, baina azken jardunaldietan, puntuak iristen hasi dira eta aurreko neurketan lortutako garaipenaren ondoren, 1-2 Santutxuren zelaian, merezi zuen guztia ematea beste garaipen bat lortzeak suposatzen zuen sariagatik.
Talde bakoitzarentzat zati bana
Partidak bi zati oso desberdin izan zituen. Lehenengoan txuri-urdinak nagusi izan ziren eta aukera argiak izan zituzten. Baina zehaztasun falta eta azken metroetan asmatzea falta izan zen markagailuan golen bat jartzeko.
Aldageletatik pasa ondoren panorama aldatu egin zen. Bisitariek aukera onenak izan zituzten Beasain itzaliago baten aurrean eta aurkariaren areara iristea askoz zailagoa zen.
Hala ere, gureek saiatuz jarraitu zuten eta partidaren azken txanpan, Lander Gastesiren golak garaipenari atea ireki zion. Baina oraindik asko sufritu behar izan zen, zarauztarrek asko estutu baitzuten berdinketaren bila, eta aukeraren bat ere izan zuten.
Amaieraren ondoren, garaipen garrantzitsu bat ospatzeko unea, eta urrezko hiru puntu.