LUZAPENEAN PUNTU BAT BERRESKURATUTA
3. RFEF IV. multzoa: Beasain 1 – 1 Touring (Aritz Eguren)
Karteldegiak partida bakarra eskaini digu Aste Santuko opor egun hauetan.
Ostegun Santu goiza futbolzaleentzat topagune Loinatz. Itxura ona harmailetan Touringeko jarraitzaileen ordezkaritza zabalarekin.
Lehen zatian ez zen futbol askorik ikusi, Beasainen nagusitasunarekin baina aurkariaren ate aurrean aukera argirik sortu gabe.
Atsedenaldiaren ostean aldaketa etorri zen eta lehen 18 minutuetan Beasainek baloia azkarrago mugitu zuen hiru aukera garbi sortuz. Baina bisitarien atezainak asmatu eta markagailuan lehen gola jartzeko aukera zapuztu zuen.
Bisitariak bagoilarien ate ingurura iritsi ziren aldi bakarrean, arriskurik gabeko jaurtiketa batek atzelari baten besoan jo zuen eta epaileak penaltia adierazi zuen. Ekhi Bravok huts eta batekoa egin zuen honela.
Amaierara arte, Beasain erasokor jardun zen baina abagune argirik sortu gabe, txukun defendatu zen aurkari baten aurka, partidaren erritmoa makalduz faltekin eta denbora galerekin.
Iker Iza atezain kanpotarraren geldialdi baten ostean, Aritz Eguren erdiko atzelariak saretara bultzatu zuen baloia berdinketaren gola lortuz.
Taldeak garaipenaren gola lortzeko gogo biziz aritu zen azken unerarte, baina azken-aurreko jokaldian, Julen Etxaniz bagoilariari bigarren txartel horia atera zioten eta gorria ikusi zuen. Honela hurrengo partida galduko du.
Portugaleteren garaipenarekin, taldeak bigarren postuari eusten dio, baina aldea hiru puntura murriztu da.