PORROTA ARRIGORRIAGAN
3. RFEF IV. multzoa: Padura 3-1 Beasain (Borja)
Arrigorriagarako irteera zaila zen. Santo Cristo futbol zelai txikia da, eta baloiak denbora gehiago egiten du airean zelaian baino, bigarren jokaldietarako aukera emanez intentsitate handiko jokoa eskainiz. Ez da erraza puntuak lortzea. Padurak ondo daki hori, eta ederki dakite etekina ateratzen horri.
Hasieratik izan zen nagusi Beasain, abagune argirik gabe, baina hurbilketekin gola urrun ez zegoela zirudien. Harik eta zelai erditik egindako urruneko jaurtiketa batean, baloia gure atean sartu zuten arte. Hortik atsedenaldira bagoilarien nagusitasuna erabatekoa izan zen, aukerak bata bestearen atzetik pilatuz, bereziki Mikel eta Borjaren bi oso argi, baina asmatu gabe. Horrela joan ginen atsedenaldira bat eta huts galduz.
Bigarren zatia Beasainen nagusitasunarekin hasi zen, aurkaria atzean sartuta aukerak sortuz. Jokaldi zentzugabe batean, zoritxarra eta aurkariak asmatu izana batu ziren inolako arriskurik ez zuen jokaldi batean, eta modu harrigarrian golean amaitu zen. Bi eta huts Padurarentzat.
Beasain aurreratu egin zen eta aldea murriztu zuen Borjaren golarekin. Hortik bukaerara aukera ugari sortu zituen gure taldeak. Berdinketa gertu zegoen, baina beste akats baten erruz, oraingoan baloia jokatuz irtetzean pase txar batekin hirugarrena oparitu genuen.
Bi opari eta gol bat zelai erditik. Beasain jaun eta jabe izan zen jokoan eta abaguneetan, baina azken markagailua porrota izan zen, hiru eta bat.
Portuk Ondarroan lortutako garaipenarekin, 54na punturekin berdinduta daude Portugaletekoak eta bagoilariak bigarren postuan. Vitoria lehenengo postuan jaun eta jabe ia igoera dastatuz aurkitzen da.
Beste emaitzak
Jubenilen Nazional Liga:
Beasain 2-1 Antiguoko (Joel, Gastesi)