ARITZ IMAZ “IXKU”-K URREZKO INTSIGNIA JASOKO DU LARUNBAT HONETAN LOINATZEN
Omenaldia eta ospakizuna batuko dira Loinatz futbol zelaian, izan ere hirugarren mailako taldeak 2. RFEF mailako igoeraren kanporaketa jokatzeko txartela lortu du liga amaitzeko bi partiduren faltan

Azken urteetan lehen taldeko kapitaina izan den Aritz Imaz Aranguren “Ixku”-k, behingoz merezitako omenaldia jasoko du Beasain Kirol Elkartea eta beasaindar zale guztien aldetik. Hamar urte lehen taldean egin duen jokalariari urrezko intsignia emateko ohiturari jarraituz, Beasain Kirol Elkarteak azken urtean gertatutako osasun krisia medio, merezitako omenaldia egiteko zeukan beasaindar jokalariari.
Aritz Imaz Aranguren, 2002/2003 denboraldian infantil mailan hasi zen futbolean jokatzen Beasain Kirol Elkartean. Urtez urte, infantil, kadete eta jubenil mailatan gora egin zuen harik eta 2007/2008an Realak bere jubenilen talderako fitxatu zuen arte. Bi urte egin zituen Realean eta 2009/2010 denboraldian Ordizia KE-ra pasa zen Erregional Ohorezko mailan jokatzera. Ez zuen denbora asko egin bertan, hilabete batzuk besterik ez. Negu partean Beasainera itzuli zen lehen taldera hirugarren mailan jokatzeko. 2010eko urtarriletik 2021era arte Beasain Kirol Elkarteko lehen taldean izan da beasaindarra, azken urteetan kapitainaren besokoa eramanez.

Lehen taldea igoera faserako sailkatuta
5 urteren ondoren berriro 2 RFEF mailako igoerako kanporaketa jokatuko du lehen taldeak. Gogoangarria da 2017an lehen taldeak burututako balentria. Urte hartan, orduko 2. B mailara igotzeko pauso batera, gol bakarrera egon zen Beasain. Jarraitzaile bagoilariek gogoan dute Xixongo el Mareon bizitakoa. Beasaindarrez betetako autobuskara bat joan zen Asturiasera talde txuri-urdina animatzera Xixongo Sporting B taldearen aurka. Aurretik Beasainek, La Hoya Lorca eta Cacereño taldeak kanporatu zituen.
Oraingoan 2. RFEF mailara igotzeko ibilbidea bestelakoa izango da. Kanporaketak partidu bakarrera izango dira zelai neutralean. Federazioak ezarriko ditu tokia, eguna eta ordua. Hirugarren mailako IV. taldeko sailkapena honela aurkitzen da denboraldi erregularra amaitzeko bi partiduren faltan: lehena Alaves B taldea 72 punturekin, bigarren Portugalete 68rekin, hirugarren Beasain 66rekin, laugarren Barakaldo 63rekin eta bosgarren Basconia 61ekin. Lehen sailkatua zuzenean igoko da 2. RFEFra. Hurrengo laurak elkarren artean jokatuko dute kanporaketa partidu bakarrera: bigarrena bosgarrenaren aurka eta hirugarrena laugarrenaren aurka. Bi partidu hauetako irabazleak elkarren artean jokatuko dute eta garaile irtetzen dena estatu mailako beste zelai batean jokatu beharko du azken partidua behin betiko igoera lortzeko.

Zaletuei deia
Beraz, larunbat honetan badago zer ospatua Loinatz udal futbol zelaian. Eta modu ezin hobean Aritz Imazi zor zaion omenaldiarekin batera, zaletu bagoilariek lehen taldearekin emozioak biziberritu eta igoera fasea jokatzeko aukera lortu izana ospatzeko aukera dute. Partidua arratsaldeko 18:00etan hasiko da. Atariko omenaldiaren ondoren, sailkapeneko 14garren postuan aurkitzen den Urduliz taldeari aurre egingo dio Beasainek. Denboraldia amaitzeko bi partidu falta dira eta sei puntu daude jokoan. Bigarren postua bi puntura du Beasainek eta sasoi onari eutsiz helburu hori erdietsi nahi dute Gordobilen mutilek. Aldiz, denboraldiko azken partidua Leioaren aurka jokatuko du Beasainek.
Hau guztia kontutan izanik, Beasain Kirol Elkarteko zuzendaritzak deialdi berezia egin nahi die beasaindar zale guztiei. Larunbat honetan Loinatz txiki geratzeko helburua lortu nahi da. Loinatz egun berezietan bezala jantziko da “Ixku”-ri merezitako omenaldi beroa eman eta lehen taldea bultzatzeko.