ALBISTEAK

BEASAINEK BASCONIAREN AURKA JOKATUKO DU RFEF 2. MAILARA IGOTZEKO LEHEN KANPORAKETA

Norgehiagoka partida bakarrera jokatuko da Lasesarre zelaian maiatzaren 8an 17:30ean. Zuzendaritzak garraioa eta partidurako sarrera doan eskainiko die bertaratu nahi duten zale guztiei eta horretarako izena eman beharko da Xerbera tabernan

Azken jardunaldia arte itxaron behar izan dugu Hirugarren Mailako IV. multzoko sailkapena nola geratuko zen jakiteko eta 2. RFEFera igotzeko jokatuko diren kanporaketetan zein talde izango ziren aurrez aurre erabakita uzteko (txapelduna, Alaves B, zuzenean igotzen da). Beasain KE-k Sarrienan 3-3 berdindu ostean Leioaren aurka (Lorea, Eizmendi eta Etxabegurenen golak), bigarren postuan amaitu du denboraldia eta ondorioz, partidu bakarrera jokatuko du Basconiaren aurkako kanporaketa Barakaldoko Lasesarre zelaian. Gainera, datorren urteko Errege Koparen txapelketan parte hartzeko txartela ere lortu du.

Data, ordua eta lekua zehaztuta zeuden, Lasesarre (Barakaldo) maiatzaren 8an, igandea, 17: 30ean. Beraz, aurkaria nor izango zen jakitea besterik ez zen falta. Beste kanporaketa Portugaletek (3. sailkatua) eta Barakaldok (4. sailkatua) jokatuko dute Lezaman maiatzaren 7an, 18: 30ean. Ondoren, bi neurketa hauetako irabazleak elkarren aurka jokatuko dute eta garaile irtetzen denak igoera lortzeko azken partidua zozketa bidez suertatuko zaion beste talde bateko talde baten aurka jokatuko du estatu mailako zelai batean.

Zaleen babesa

Horrelako aukera bat ez da noinahi gertatzen. 5 urteren ondoren, lehen taldea mailaz igotzeko lehian izango da berriz. Horretaz jabetuta, zuzendaritzak hartutako erabakiaren arabera, Lasesarren Basconiaren aurkako partidara joateko garraioa eta sarrera doan jarriko ditu. Klubak pandemian garaian zale guztien eta bereziki bazkideen babesaren ondotik, ahalegin hau egitea erabaki du. Izan ere zeharo garrantzitsua da partidu erabakigarri honetan ahalik eta zaletu bagoilari gehienen presentzia izatea. Duela 5 urte igoera-faseko joan-etorrietan izandako esperientziak erakutsi du zaletuen laguntza eta animoak ezinbestekoak direla.

Xerbera tabernan izen ematea

Beraz, garraioa antolatu eta sarrerak banatzeko, beharrezkoa izango da zenbat pertsona izango diren maiatzaren 8an Barakaldoko neurketara joan nahi dutenak. Hartara, interesa dutenek izenaeman beharko dute Xerbera tabernan.

Preferente mailako taldea ere igotzeko lehian

Bigarren talde beasaindarra ere denboraldi aparta burutzen ari da. Ohorezko Mailara igotzeko
jokatuko diren finalerdietarako sailkatuta dago jada. Atzo, Loinazen, Tolosaren aurka 4-0 irabazita,
bere multzoko lidergoari eusten dio eta, horrela amaituz gero, finalerdietako itzulerako partida
etxean jokatzea bermatuko du.