ALBISTEAK

ASTEBURU HONETAN DENBORALDIARI EKINGO DIOTE HARROBIKO TALDE GEHIENEK

Josean Saiz Cebrían

Gure lehen taldeak txapelketako lehen bi jardunaldiak jokatu ditu, hutsean berdinduz biak (Loinazen, Donibane – San Juanen aurka, eta Lizarran, Izarraren aurka) eta Nazional Jubenilak, Loinazko estreinaldian Basauriko Indartsu taldearen aurka 2-0 irabazita. Asteburu honetan aldiz, lehiaketari hasiera emango diote gure harrobiko talde gehienak, hala nola, Gorengo erregional edo Preferentea, Ohorezko Jubenilak, Ohorezko kadeteak eta Gorengoen kadeteak.

Ohorezko Mailara igotzeko ametsa lortzetik pauso bakarrera geratu zen Preferentea denboraldi bikaina burutu ondoren. Elgoibarren bizitako zorigaiztoko arratsalde hartako Zumaiakoren aurkako porrota gogoan dago oraindik. Herrialde mailako 2. multzoan kokatua dago eta zalantzarik gabe berriro saiatuko da helburu hori lortzen. Denboraldia luzea izango da, baina Xabi Cortesen mutilek aurreko denboraldiko blokea mantendu dute, jubenilen lehen taldetik etorritako jokalariez gain. Denboraldi honetako lehen bidaiak Mojategiraino eramango ditu Arrasatera.

Jubenilen Ohorezko gazteen bigarren taldeak, Patxi Auzmendiren zuzendaritzapean, kategoria oso lehiatuan jarraituko du. Gure mutilak oso gazteak dira, jubenil mailara iritsi berriak, eta kadete mailatik jauzia nahiko handia da. Baina orain dela zenbait denboraldi igoera lortu zutenetik, taldearen errendimendua bikaina izaten ari da. Jubenilen lehen taldearentzat haztegi gisa balio du eta mailari eusteko beharrezko emaitzak lortzen ditu. Denboraldia Loinazen hasiko dute Tolosaren aurka.

Ohorezko Kadeteak, Monrealen zuzendaritzapean, lehen fase honetan 2. multzoan egongo da, eta egutegiko lehen data honetan Zumaiako bisitatuko du, sailkapen taularen goiko aldean ibiltzeko asmoz.

Gorengo Kadeteak Gerardo Ramirezek zuzenduta, denboraldi honetan estreinatuko den kategoria berri honetan izango du lehen agerraldia. 2. multzoan kokatuak daude, Idiazabalgo taldearekin batera.

Infantilak hurrengo asteburuan

Asteburu bat geroago, irailaren 24-25ean, Iker Remirez eta Ruben Garziaren gidaritzapean eta 3. multzoan kokatuta, Ohorezko Infantilak hasiera emango dio lehiaketari Urnietako futbol-zelaian.

Asteburu horretan bertan, 5. multzoan kokatuta, Arkaitz Izagirre eta Xiker Mujikaren Infantil Txikiak ere hasiko du denboraldia Lazkaoren aurka.

Horren ondoren, hiru talde bakarrik geratuko dira lehian sartzeko: Lehen Mailako Infantila eta bi Alebinak, Errendimendukoa eta Parte Hartzekoa. Zorte on eta denboraldi ona talde guztientzat.

Beasain Kirol Elkartea
Pribatutasun ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak eta/edo antzeko teknologiak erabiltzen ditu, nabigatzen duzunean informazioa biltzen eta berreskuratzen dutenak. Cookie-en informazioa zure arakatzailean gordetzen da eta zure hizkuntza-hobespenak gorde eta antzematea bezalako funtzioak betetzen ditu, orria bot-erasoetatik babesten ere laguntzen digu.