BEASAIN-TXANTREA: AZKEN URRATSA IGOERA LORTZEKO
Partidua igande honetan goizeko 12:00etan jokatuko da Madrilen Las Rozasen
Klubak autobusa antolatu du zaletuentzat, bidaia eta partidurako sarrera 25 euroan izango da eta Xerbera tabernan izena eman beharko da
2.RFEFera igotzeko azken urratsa Madrilen eman beharko du BeasainKE-ko lehen taldeak. Aurkaria Txantrea talde nafarra izango da. Hitzordua, datorren igandea, maiatzak 22, eguerdiko 12:00etan Dehesa de Navalcarbón -Las Rozas- zelaian jokatuko da. Orain arteko kanporaketetan bezala, bere multzoan sailkapen hobea lortu duen taldeak abantaila izango du; izan ere partidua berdinketan amaituko balitz, luzapen eta guzti, sailkapen onena lortu duenak lortuko du garaipena. Beasainek bigarren postuan amaitu zuenez bere multzoan eta Txantreak hirugarren, berdinketaren kasuan Beasainek lortuko luke igoera.
Gauzak honela eta azken txanpan, kanporaketa honetara ere ahalik eta beasaindar zale gehien eraman nahi ditu Beasain Kirol Elkarteak. Horretarako autobusak antolatu eta partidurako sarrerak banatuko ditu Sustatuz babeslearen laguntzari esker. Oraingo honetan ordea, garraioak eta sarrerak suposatzen duten gastu ekonomikoa arintzeko, 25 euro ordaindu beharko da.
Aurreko kanporaketan bezala antolaketa txukun egin ahal izateko Xerbera tabernan izena eman beharko da. Zuzendaritzarentzat zaleen bultzada eta laguntza ezinbestekoa da partidua irabazteko eta deialdi berezia egin nahi die partidura etortzeko. Autobusen irteera igandean Barrendain plazatik izango da goizeko seietan. Partidua amaitzean itzuliko dira Beasainera.