ALBISTEAK

BEASAINEK OURENSEREN AURKA JOKATUKO DU MAILARI EUSTEKO KANPORAKETA

Joaneko partida Loinatzen jokatuko da datorren igandean 17:00etan eta itzulerakoa Ourensen hurrengo asteburuan

Bestalde, bigarren taldeak Ohorezko Dibisiora igotzea lortu du joan den larunbatean Anaitasuna B taldea 1-0 mendean hartuta

Josean Saiz

Mailari eustea lortzeko azken urratsa Ourense CFren aurkako norgehiagoka izango da. Igande honetan izango da lehen hitzordua Loinatzen, 17:00etatik aurrera. Bagoilariek Ourensera abantailarekin joateko emaitza on bat lortu beharko dute.

Zuzeneko jaitsiera saihestu eta mailari eusteko aukera, joan den igandean lortutako garaipenari esker erdietsi da. Euria eta eguraldi desatsegina izan arren, Loinatz bete-betea zegoen. Jarraitzaile asko ere iritsi ziren Tuteratik. Lehen taldea indartsu zelairatu zen eta 6. minutuan Sansiren erdiraketa Mikel Aizpuruak buruz errematatu eta sareetara bidali zuen baloia markagailuan aurrea hartuz.

Lehen zatia bikaina izan zela esan dezakegu, nahiz eta ez asmatu gola sartzen. Baina 35. minutuan, Mikel Garcia Serrano, tuterarren ezker hegalekoaren jaurtiketa urruna belar bustian egindako bote azkarrean pozoitu eta sareetara joan zen zutoinean jo ondoren. Banako berdinketa zen. Lehen zatia aukera on batekin itxi genuen; korner batean egindako errematea oso gutxigatik kanpora joan zen harmailetan gola abesten zen bitartean.

Bigarren zatian, Tudelanok lerroak aurreratu eta futbol zuzenago batekin, gauzak zailago jarri zizkigun. Nahiz eta gol aukerak izan, albiste txarrak Cintruenigotik iristen ziren: Cirbonerok bi gol sartu baitzituen Arenasen aurka. Irabaztea derrigorrezkoa zen jaitsiera zuzena saihesteko.

Amaieratik gertu, pozak gainezka egin zuen Borjaren golarekin, baina marrazainak banderatxoa altxatu eta gola baliogabetu zuen. Harik eta 92an, urduritasunak jota, Borjaren gol ikusgarria iritsi zen arte. Orduan lehertu zen pozez Loinatz. Denbora gehigarrian, eustea besterik ez zen geratzen epaileak amaiera adierazi zuen arte.

Bigarren taldearen garaipena eta igoera

Larunbatean Loinatzen ere giro aparta izan zen. Ia beteta, Azkoitiatik etorritako jarraitzaile asko tartean. Partida zoragarria bizi izan zen. Lehen zatia oso orekatua izan zen bi taldeek izandako aukerekin. Anaitasunak erasoan duen ahalmena erakutsi zuen batipat geldikako jokaldietan. Hala ere, gureak ere arrisku handiarekin iristen ziren eta aukera onak izan zituzten, baina markagailua 0-0 mantendu zen atsedenaldirarte.

Bigarren zatia bide beretik zihoan. Bi taldeek joko erasokorra erakutsi zuten, baina bisitariak pixkanaka nagusitzen ari ziren eta tentsioa handitzen ari zen partidaren garrantzia ikusita.

Partidaren azken txanpan, Xabi Monrealek eskuin hegaletik egindako korrikaldi ikusgarriaren ondotik, erdiratzea lortu eta Iratzen erremateak 1 eta 0eko jarri zuen markagailuan. Harmaila pozez lehertu zen. Jokalarien eta jarraitzaileen arteko batasuna eta alaitasuna egundokoa izan zen. Epaileak azken txistua jo zuen arte geratzen zen denbora amaitezina zirudien. Anaitasuna itsu-itsuan erasora eta gureak nola edo hala defentsan herio batean.

Azken txistuarekin pozak gainezka egin zuen. Ospakizunak festaren azken puntua izan ziren, aurreko denboraldian merezi arren krudelki lortu ez zen igoera aurten iritsi da.