ALBISTEAK

OURENSEREN ANALISIA, MAILARI EUSTEKO MENDEAN HARTU BEHARREKO AURKARIA

Liga erregularra ixten zuen aurreko partidan bezala eta Loinatz bete asmoz, klubak partidarako bi gonbidapen oparituko dizkio bazkide bakoitzari

Josean Saiz

Igande honetan, 17:00etan, Loinatzen, Ourenseren bisita jasoko dugu mailari eusteko kanporaketaren joaneko partidan. Ruben Dominguezek taldeko entrenatzaileak txartel gorria ikusi zuen igandean O Couton, Laredoren aurkako berdinketan. Partida 1-0 irabazten ari zirenean penalti bat hutsegin zuten eta jokalari bat gehiagorekin, 93.enean penaltiz sartu zieten Play Outera kondenatzen zituen gola.

Aurkeztu dezagun gure aurkaria. 1977an sortutako A Ponte auzoko kluba Hirugarren Mailan Kirol Elkarte Anonimo bihurtu zen Espainiako lehen kluba izan zen. 2021-22 denboraldian 2. RFEFera igo ziren.

2014an Ourense Kirol Kluba desegin zenean, Ponte auzoko Ponte Ourense Clubak izena aldatu zuen, eta Ourense Club de Fútbol S.A.D. bihurtu zen. O Couto zelaira joan eta desagertutako taldearen lekua hartu zuen. Hori ez zitzaien gustatu Ourense Kirol Elkartea desagertutako klubaren oinordeko gisa sortu zuten CD Ourenseko zaleei. Gaur egun, bi klubek O Couton jokatzen dituzte etxeko partidak, eta lehia bizia dute. Union Deportiva Ourense sortu eta lau urtera iritsi zen Hirugarren Mailako 1. multzora. O Couto estadioa 1948ko abuztuaren 29an inauguratu zen eta 5.659 ikuslentzako tokia du.

Bere zenbakiak denboraldi amaieran: 13. postua 43 punturekin; 11 garaipen, 10 berdinketa, 13 porrot, 34 gol alde eta 34 kontra.

Gabri Palmas (19 dortsala) Moañako aurrelaria, Iago Aspas bezala, da taldeko pitxitxia 9 golekin eta Ourenseren golaren egilea joan den igandean, eta Amin hispaniar-marokoarra (7 dortsala) 6 golekin dira gure aurkariaren jokalaririk arriskutsuenak.

Azkenik, gogoratu klubak bi sarrera oparituko dizkiola bazkide bakoitzari larunbat arratsaldean Loinatzen, non ohorezko jubenilak mailari eusteko partida erabakiorra jokatuko duen.