OURENSEN ERABAKIKO DA DENA
Itzulerako partida O Couton jokatuko da larunbat honetan 17: 00etan
Josean Saiz
Loinatzeko harmailak gainezka, tentsioz betetako partida jokatu behar zen bere garrantzia ikusita.
Lehen zatia ona izan zen, bi taldeen konbinaziozko jokoarekin, baina errematea falta izan zen. Bi taldeek tentu handiz jokatu zuten, edozein akats erabakigarria izan zitekeelako.
Bigarren zatian galiziarrak kementsu atera ziren eta bagoilarien defentsa kinka larrian jarri zuten, baina Artetxeren geldiketek berdinketa mantendu zuten markagailuan.
Azken txanpan, etxekoen joko zuzenagoarekin aukerak iritsi ziren. Onena, korner baten ondotik Pirrik buruz egindako errematea, langa miazkatuz joan zen kanpora oso gutxigatik.
Polemika amaieran iritsi zen. Aratzen eskuan jo zuen baloiak baina txartel horia Zubillagarentzat izan zen, bigarrena. Epaileak jokalariak nahastu zituen eta honek egindako akatsa lehiaketa batzordeak konpondu beharko du.
huts eta huts azken emaitza. Dena erabakiko da datorren larunbatean O Couto zelaian arratsaldeko 5etatik aurrera.