KLUBA

logoBeasain

Beasaingo herriaren historian Beasain Kirol Elkartea gure komunitateko elementu garrantzitsua izan da. Klubean argi dugu gure funtzioa, funtsean, soziala dela; eta hori horrela izanik, kluba bera eta hartako giza ondarea gure gazteriaren eskura dagoela uste dugu.

Gaur egun 500 pertsonek osatzen dute kluba, jokalariak, teknikariak eta zuzendaritza aintzat hartuz. Tokiko entitate, erakunde eta enpresek argi dute klubak egiteko sozial garrantzitsua duela gure komunitatean eta, horregatik, laguntza ekonomikoa jasotzeaz gain, bestelako laguntza ugari jasotzen dugu hala enpresen nola instituzio publikoen aldetik. Aurrekontu ezberdinak funtzio sozial hori gauzatzera bideratzen dira oso-osorik.

Gure proiektua gurekin diren gazteen hezkuntza, prestakuntza eta garapenean oinarritzen da, etorkizunean duintasunez lehia daitezen, garaipena eta porrota kirolaren ohiko ondoriotzat uler ditzaten eta emaitza horiek behar bezala barneratzen ikas dezaten.

Klubak egun duen egituran talde nagusia kategoria nazionaleko 3. RFEF Mailan kokatzen da. Oinarri-futbola kategoria eta talde ezberdinetan zehar egituratzen da. Mutilen taldeak barneratzen dira klubean eta lan metodikoa garatzen da Beasain eta inguruko herrietako 250 mutilekin.Klubean barneratzen diren kategoria ofizialez gain, bada Futbol Eskola bat ere. Eskola horretan 9-12 urte bitarteko gaztetxoek lehen urratsak eman ditzakete futbolean.

Klubaren egungo egitura, kategoria eta kirol-sekzioen arabera sailkatuta.

  • Futbol Eskola
  • Alebin hobekuntza
  • Alebin aurretiko fasea
  • Infantilen 1. maila
  • Infantil txikien maila
  • Infantil handien maila
  • Kadeteen gorengoen maila
  • Kadeteen ohorezko maila
  • Jubenilen gorengoen maila
  • Jubenilen Nazional Liga -bigarren taldea-
  • 3. Federazio Maila -talde nagusia-

Klubak erabiltzen dituen instalazioak Udalarenak dira eta, gaur egun, bi futbol-zelai daude: Loinatz eta Igartza. Loinatz udal futbol zelaia 2005ean berreraiki zen. 102m x 63mko dimentsioa du, belar artifiziala eta 400 pertsona har ditzakeen harmaila. Klubeko talde nagusiak Loinatzen jokatzen ditu etxeko partidak.

Igartza futbol zelaia 2002an eraiki zen. 2022an birmoldatu zen, 97,5m x 57m ko neurriak ditu eta belar artifiziala. Harmaila bat du eta bertan burutzen dute bere jarduera klubaren oinarri-futboleko taldeek

Beasaingo Kirol Elkartetik eskerrak eman nahi dizkiogu Beasaingo komunitateari eta gure historia luzean zehar era anonimoan klubak bere funtzio sozial garrantzitsua gauzatu ahal izateko gure alde lan egin duten pertsona guztiei.