EMAITZA GAINDITU ETA HURRENGO KANPORAKETARA
3. RFEF IV. multzoa: play off-eko 1go kanporaketa, itzulikoa: Beasain 2-0 Deusto (Eizagirre, Gaubeka pp)
Arratsalde beroa eta harmailak bete beteak, gogortasun eta zailtasun handiko partida. Denboraldi honetan Deusturen aurka jokatutako hiru partidak porrotean amaitu ziren eta Etxezuriko joaneko 1 eta 0ekoa irauli beharra zegoen.
Lehen zatian bagoilariak nagusi izan arren ez zuten aurkariaren ate aurrean asmatu. Atsedenaldian huts eta huts.
Bigarren zatiaren hasieran, Ivan Claverren jokaldi bikaina eta Beñaten burukada itzela markagailuan bat eta hutsekoa jartzeko; kanporaketa parekatua.
Minutuek aurrera egin ahala, nekea agertu zen eta tentsioak gora egin zuen, luzapenera joango ginela zirudienean, Beñaten jokaldi pertsonal bikain batean, ondoko marraraino iritsi, atzeko pasea eman eta Beñat Gaubeka atzelariak baloia urruntzeko ahaleginean bere atean sartu zuen.
Denbora gehigarria amaigabea zirudien eta tomatezaleek zinez estutu zuten gure taldea arean sartuz, baina bagoilariek eutsi egin zioten eta amaierarekin poza piztu zen, bai zelaian, bai harmailetan. Aldi berean, tristura nagusitu zen zale bisitari guztien artean.
Lehen kanporaketa gaindituta bigarrena Portugaleterekin izango da. Itzuliko partidan La Floridan 2-1 irabazi ondoren, igande eguerdian 0-3 argi batekin garaipena lortu zuten Artunduagan.
Ohorezko Erregional Maila: Ordizia 1–2 Beasain (Eneko Arrese, Gerardo Ramirez)
Garaipen honekin gure bigarren taldeak mailari eusten dio.
Arrakasta historikoa, Arreseren golarekin ondo hasi zen partida batean, baina bigarren zatian 5 minutuan Ordiziak berdinketa lortu zuen.
Beasainek mailari eusteko behar zuen golaren bila zebilen. Erlojuak oso azkar egiten zuen aurrera eta gola ez zen iristen, harik eta Gerardok gola sartzea lortu zuen arte.
Garaipen estua, denboraldi amaiera bikaina sinatzeko 20 punturekin azken zortzi partidetan.
Infantil Handi: Vasconia 2 – 0 Beasain
Argixaon, Zumarragan, Gipuzkoako Txapelketako hirugarren posturako partida, Euskadiko Txapelketarako txartela eskuratzeko. Sariak ihes egin zigun, baina laugarren postua erdietsita denboraldi bikaina gure taldearentzat.
Infantil Txiki: Beasain 1 – 3 Antiguoko (Markel Lizarralde)
Gipuzkoako Txapelketako partida Urbitarten, Andoainen.
Antiguoko txapelduna zoriondu, talde bikaina baita eta aipatu gure Infantil Txiki taldeak Gipuzkoako txapeldunordeak Euskadiko Txapelketarako txartela lortu duela. Egin duen denboraldi bikaina goraipatu behar da. Zorionak gure jokalariei eta talde teknikoari, ZORIONAK!