GARAIPEN SENDOA ETA PRESTIGIOTSUA

3. RFEF IV. multzoa: Beasain 2-0 Portugalete (Gaztañaga, Ander Bengoetxea)
Partida handiaren kutsua zabaldua zegoen joan den larunbat arratsaldean Loinazen. Izan ere, zale ugariz lagunduta Portugalete beti boteretsuaren bisita jaso genuen.
Lehen zatia oso taktikoa izan zen, espazio gutxirekin, lehia oso fisikoa, oso bizia, jokoaren kontrol eskasarekin eta erritmo altuarekin. Bazirudien kanpotarrena zela kontrola, baina aukerarik sortu gabe. Beasaini baloia eta jarraikortasuna falta izan zitzaizkion.
Bigarren zatiaren hasieran aldaketa nabaria antzeman zen zelaian. Beasainek egokitzapenak egin zituen atsedenaldian. Baloiarekin eta baloirik gabe hobekuntza nabaria izan zen eta berehala iritsi zen saria. 49. minutua zen, Beñatek ezker hegaletik egindako jokaldi bikaina, Bengok langara egindako errematea eta Gaztak aldaratzea aprobetxatu zuen markagailuan bat eta hutsekoa jartzeko.
Markagailua aurka zutela, kanpotarrek asko estutu zuten, baloia gehiago izan zuten, baina Beasainek oso txukun jokatu zuen defentsan oso aukera gutxi utziz. Egia da ere, areaz kanpoko bi errematetan Martinek bi geldiketa bikain egin zituela.
Beasain sufritzen ari zen, eta horregatik oldartuta zegoen aurkari baten aurrean garrantzitsua zen izan zituen kontraerasoak aprobetxatzea. Baina partida ixteko asmatu ezinda egon zen, eta luzapenean Borjak eskuin hegaletik egindako jokaldi batean Bengoren golak behin betiko bi eta hutsekoa jarri zuen.
Playoff postuetan kokatuta, hurrengo jardunaldian sailkapeneko azken sailkatuari, Gasteizko San Viatorri, egingo diogu bisita.
Beste emaitzak
Ohorezko Erregional Maila:
Bergara 2 – 1 Beasain B (Iratz)
Lehen Erregional Maila:
Gure Txokoa 0 – 0 Beasain C
Jubenilen Euskal Liga:
Laudio 0 – 1 Beasain (Beñat Irastorza)
Ohorezko Jubenil maila:
Beti Gazte 2 – 1Beasain B (Sarri)
Kadeteen Ohorezko Maila:
Beasain 0 – 1 Ostadar
Kadeteen Gorengoen Maila:
Beasain B 2 – 2 Urola (Unax G. -2-)
Infantil Handi:
Danena 4 – 4 Beasain (Ekain, Markel L., Igor, Egoi)

Infantil Txiki:
Beasain 1 – 1 Añorga (Iker)1º mailako infantila: Mondragón B 0 – +5 Beasain