IGOR GORDOBIL ETA AITOR LOREA GOLSMEDIA SARIETAKO ENTRENATZAILE ETA JOKALARI ONENA IZATEKO HAUTAGAIAK
Azaroaren 7an Las Rozasen egingo den galan emango dira ezagutzera sarituak
Josean Saiz Cebrian
Gure kluba zorionekoa da. Joan den ikasturtean 2 RFEFera igotzea lortu zen denboraldi bikaina burutu ondoren. Arrakasta horren isla da Igor Gordobil entrenatzailea eta Aitor Lorea aurrelaria, hurrenez hurren, Golsmedia sarietan entrenatzaile onena eta jokalari onena izateko aukeratuak izatea. Azaroaren 7an Las Rozasen (Madrid) Espainiako Futbol Federazioaren egoitzan burutuko den galan jakinaraziko da irabazle izan diren edo ez.
Igoeraren arrakastarekin amaitu den denboraldi bikainak izen propioa du, Igor Gordobil. 3 RFEFeko denboraldiko entrenatzailerik onena izateko hautagaia da. 38 partida jokatu ondoren, lortutako 70 puntuei esker sailkapeneko bigarren postua lortu zen, igoerako kanporaketako partiduei aurre egiteko pribilegiozko postua; 19 garaipen, 13 berdinketa eta 6 porrot bakarrik izan ziren. Aipagarria da porrot horietatik bakarra gertatu zela etxetik kanpo. Zalantzaz betetako denboraldi hasieraren ondoren, taldeak martxa hartu zuen eta entrenatzailearen eskutik erabat geldiezina izan zen.
Aitor Loreari dagokionez, neguko merkatuan iritsi zen, Calahorratik. Bere golak funtsezkoak izan ziren lortutako garaipenetan. Oroimenean, Lasesarren Baskoniaren aurkako lehen kanporaketan lortutakoak; lehenengoa, markagailua ireki zuen falta zuzenekoa eta bigarrena, taldeak lortu zuen hirugarrena. Zubietan ere, Portugaleteren aurka, Beñaten golean emandako pasea, Las Rozaseko finalerako Txantrearen aurka jokatzeko txartela eman zuena.
Egindako denboraldi nabarmen eta arrakastatsuak izan du ordaina eta errekonozimendu zuzena; honelako sari ospetsuen hautagaitzarako izendapena.