IGOR GORDOBILEK EZ DU LEHEN TALDEA ZUZENTZEN JARRAITUKO
Josean Saiz
Beasain KEk eta Igor Gordobilek euren arteko harremana eteko erabakia hartu zuten atzo, asteazkena. Honela bada, Igor Gordobilek eta Unai Etxeberriak -bigarren entrenatzaileak- agur esan diote lehen taldeari.
2021eko urtarrilean Jose Luis Riberak Beasaingo entrenatzaile kargua utzi ondoren, Igor Gordobilek hartu zuen Beasaingo lehen taldea zuzentzeko ardura.
Exijentzia handiko ia bi urte eta erdi izan dira, lan handia eta dedikazio izugarria, une oso onekin, hala nola Madrilen lortutako igoera 2 RFEFra. Duela gutxi, maiatzaren 22an urte bat bete zen arrakasta hartatik. Une mingotsak ere izan dira, hala nola denboraldi honetako lesio kopuru amaigabea, ezbehar ugari eta azken asteburu honetan gauzatu den kategoria jaitsiera.
Beasain KE-tik, esker oneko hitzak besterik ez ditugu Igor Gordobil eta Unai Etxeberriarentzat. Zinez eskertzen diegu Beasainen alde egindako ahalegin eta dedikazio guztia, eta hemendik aurrera onena opa diegu, bai profesionalki, baita arlo pertsonalean.
ESKERRIK ASKO Igor eta Unai. AUPA BEASAIN!