ALBISTEAK

Ilusioa eta aurpegi berri ugari lehen taldearen aurkezpenean

Hirugarren mailako taldearen aurredenboraldiko prestakuntza garaia gogo eta itxaropen handiz hasi da irailean hasiko den denboraldiari begira. Aurretik adiskidantzazko 5 partida jokatuko dituzte.

Pandemiaren ondorioz ateak itxita, eguraldiaren beroarekin eta beasaindar familia osoa ilusioz gainezka, aurkeztu zen Beasain KEko lehen taldea joan den astelehenean, hilaren 19an.

Bertan zeuden guztien buruan, ilusio itzela eta lanerako gogoa helburu jakin batekin, irabazi eta irabazi. Azken hiru denboraldi gazi-gozoak atzean uzteko desio bizia eta une honetan, epe motzean pentsatuz jakina, edozein helburu lortzeko xedez.

Aurkezpenean argi eta garbi nabarmendu ziren taldea indartzeko egindako zortzi fitxaketa berriak; aurrelariak, Mikel Orbegozo (Tudelano), Ximon Aranguren (Durangoko kulturala) eta Beñat Eizagirre (Real Sociedad). Erdilariak, Cristian Sanz (Gernika) eta Aitor Iturrate (Tolosa), eta atzelariak, Danel Arruabarrena (2. taldea), Aitor Sansinenea (Pasaia) eta Beñat Elkorobarrutia (Realeko bigarren mailako taldea).

Talde teknikoari dagokionez, taldearen gidaritza Igor Gordobil entrenatzaileak izango du, eta alboan Unai Etxeberria 2. entrenatzailea izango du. Gainontzean, Aitor Lazkano prestatzaile fisikoa, Unai Zurutuza berreskuratzailea, eta Asier Murua fisioterapeuta izango dira. Oscar Galindo eta Eric Menendez atezainen entrenatzaileak eta delegatu lanetan, Enrique Prado, Rafa Jarit, Javi de Leon, eta Carlos de Frutos.

Lehen taldeko plantilla beraz izen hauek osatzen dute: atezainak; Martin Artetxe, Iraitz Gelbentzu, Aritz Urteaga (Bigarren taldeko fitxa). Atzelariak; Iban Balerdi, Beñat Elkorobarrutia, Julen Etxabeguren, Jon Arzamendi, Aritz Eguren, Danel Arruabarrena, Asier Sansinenea. Erdilariak; Julen Etxeberria, Aitor Iturarte, Oier Mujika (Bigarren taldeko fitxa), Cristian Sanz, Mikel Aizpurua, Iraitz Lizarraga (Bigarren taldeko fitxa), Jon Iglesias, Beñat Eizagirre, Ivan Claver, Markel pita, Julen Lafuente, Christian Guijarro. Aurrelariak; Mikel Orbegozo, Ximon Aranguren, Gerardo Ramirez (Bigarren taldeko fitxa).

Prestaketa doitzeko, lagunarteko partida hauek hitzartu dira.

  • Uztailak 31, larunbata, 10,30 Loinatzen, Beasain KE– Real C
  • Abuztuak 4, asteazkena, 20,00etan, Loinatzen, Beasain KE– Tolosa
  • Abuztuak 18, asteazkena, 20,00etan, Mojategin, Arrasate – Beasain KE
  • Abuztuak 21, larunbata, 10,00etan, Txerloian, Anaitasuna – Beasain KE
  • Abuztuak 28, larunbata, 19,30ean, Don Boscon, Pasaia – Beasain KE

Helburua, zalantzarik gabe, denboraldi-aurre indartsu bat prestatzea izan da, ligako lehen partidara,
irailaren 5ean, ahalik eta egoerarik onenean iristeko.