JIPOI LATZA

3. RFEF IV. multzoa: Beasain 0-4 Basconia
Kolpe latza izan zen gure lehen taldeak larunbat arratsaldean Baskonia liderraren aurka jasandakoa.
Hasieratik, Athleticen bigarren filialak bere ahalmena eta kalitate izugarria erakutsi zituen, eta 14. minuturako huts eta bi irabazten ari ziren. Lehenengoa seigarren minutuan, Jesus Vizcayk ireki zuen markagailua, txuri-urdinen defentsaren huts larriaren ondoren, eta bigarrena, talde jokaldi bikainaren ondoren, Adrian Lekunak huts eta bikoa jarri zuen.
Hogeigarren minututik atsedenaldira arte Beasainek hobera egin zuen eta bere aukerak izan zituen, baina jokoz kanpo ez ziren bi jokaldi eta aurkariaren atearen aurrean asmatu ez genuenez, atsedenaldira huts eta bi joan ginen.
Partidaren gakoa bigarren zatiaren hasieran egon zen. Lehenengo minutua bete baino lehen Eneko Lizasok atezain bisitariarekin izan zuen buruz burukoan aukera garbian garaile atera zen atezaina eta jarraian, Lizaso kanporatua izan zen bigarren txartel horia ikustean.
Bigarren zatia sufrikarioa izan zen gure taldearentzat, jokoan gehiago zen talde baten aurrean eta zelaian jokalari bat gehiagorekin.
Zentzugabeko jokaldia hirurogeita hamargarren minutuan izan zen, Huestamendiak partida itxi zuen huts eta hirukoa, jokoz kanpo zeharo nabarmena, marrazainak balekoa eman zuena. 86. minutuan defentsaren beste huts batean Marcos Goñik huts eta laukoa jarri zuen.
Inola ere ez da aitzakiarik aurkitu behar, Basconia nagusi izan zen eta garaipena merezi izan zuen zalantzarik gabe, baina epailearen lana negargarria izan zen gure taldearentzat. Bai epaileak eta bai bereziki bere lehen laguntzaileak egun txarra izan zuten eta norabide berean okertu ziren beti; bederatzi txartel hori eta gorri bat gureentzat eta zazpi hori kanpotarrentzat; azkena nabarmen gorria izan behar zuen 89.an, baina magiaz epaileak, bere lehen laguntzailearen konplizitatearekin, hori bihurtu zuen. Partida amaiera oso tristea eta gogorregia. Aurrean izan genuen multzoko talderik onena baina baita penagarri aritu zen arbitroa.
Beste emaitzak
Ohorezko Erregional Maila:
Aloña Mendi 2 – 3 Beasain (Gerardo -2-, Seara)
Lehen Erregional Maila:
Lengokoak 5 – 4 Beasain (Miguel, Calvillo, Martin, Josu)
Jubenilen Euskal Liga:
Arratia 1 – 0 Beasain
Ohorezko Jubenil maila:
Beasain 3 – 4 Touring (Ander Berasa, Ibai Aranalde, Ibai Zabaleta)
Kadeteen Ohorezko Maila:
Tolosa 3 – 2 Beasain (Xanet, Ander)
Kadeteen Gorengoen Maila:
Zumaiako 5 – 1 Beasain (Beñat)

Infantil Handi:
Beasain 1 – 0 Lazkao (Markel L.)