KERMAN SUKIA LEHEN TALDERAKO NEGUKO ERREFORTZUA
Realak utzitako defentsa, 1º RFEF mailako Calahorratik dator
Josean Saizen izenean
Lehen itzulia amaitzeko bi jardunaldi geratzen direnean, Gabonetako parentesia eta jokalari berriak fitxatzeko neguko merkatua behin ireki dela aprobetxatuz, Beasain KEk Kerman Sukia defentsa lazkaotar gaztea fitxatzea erabaki du. Denboraldi honetako lehen zatian Realak utzita 1 º RFEF mailako Calahorran egon ondoren, gure klubera iritsi da orain.
Jakina denez, denboraldiaren lehen zati hau gure taldeak jasan duen lesio andanaren ondorioz erabat baldintzatua izan da, batez ere defentsan, atzeko lerroan izan dira lesionatu gehienak: Cortes, Balerdi, Eguren, Arzamendi, Etxabeguren, Pirri, Barandiaran, denak pasatu dira erizaindegitik, iraupen luzeko edo txikiko lesioekin. Testuinguru horretan kokatzen da gure defentsa indartzeko beharra, eta jokalari berri baten etorrera ere. Gaztea izan arren Realeko beheko kategoriatan kalitate handia erakutsi du eta emandako etekina gorena izan da.
Lazkaotarrak 21 urte beteko ditu otsailean eta ez ditu espero zituen minutuak izan errioxako taldean.
Entrenatzaileak egoki baderitzo, baliteke larunbatean Loinazen jokatzea. Alavesen bigarren taldearen bisita izango dugu arratsaldeko 16:30ean.
Ongi Etorri zure etxera Kerman!