AGUR 2022
Josean Saiz-ek
2022 hau amaitzeko egun gutxi batzuk geratzen direnean, gure Klubarentzat historikoa izan den urteari begiratua eman eta xehetasun batzuk azpimarratzeko unea da.
Gure lehen taldea 3. RFEF mailan ari zen, bere hogeigarren denboraldian etenik gabe, eta zaleen artean 2002an galdutako maila berreskuratzeko irrika zegoen.
Urteko lehen hilabeteetan, neguan, taldeak kalitatea ba zuela erakusten zuen eta baikorrak izateko motiboak genituen, eta udaberriaren etorrerak amestutako denboraldi amaiera zoriontsua ekarri zuen.
Denboraldi amaiera ikusgarrian, azken jardunaldian taldea bigarren postura igo zen Alaves B txapeldunaren atzetik. Sarrienan Leioaren aurka, Etxabegurenek luzapenean sartutako golak, markagailuan hiruko berdinketa jarri zuen eta Portugaletek Tabiran Durangoko Culturalaren aurka lortutako berdinketak, bigarren postu hori ziurtatu zuen. Zeharo garrantzitsua izan zen zeren igoerako kanporaketetan Beasaineri berdinketak aurrera egiteko balio ziola esan nahi bait zuen. Ahaztu gabe postu horrek ere, Errege Kopa jokatzeko txartela ere eman ziola.
Lehen kanporaketak Lasesarrera eraman gintuen, Barakaldora, Basconiaren aurka jokatzeko, Athleticen bigarren filiala. Zale txuri-urdin ugariren babesarekin, lehen denbora zail baten ondoren, irmo nagusitu ginen bigarren zatian. Loreak faltaz ireki zuen markagailua, Beñatek 2-0ekoa jarri zuen eta Aitor Loreak berak itxi zuen markagailua 3-0ekoa jarriz.
Hurrengo kanporaketa Portugaleteren aurka izan zen Zubietan. Izugarrizko giroarekin, goiz sargoritsu hartan, ilusioz gainezka zeuden bi taldeetako zaletuez beteta zeuden harmailak. Portugaletekoek eta beasaindarrek astebete geroago Las Rozaseko final handian egotearekin egiten zuten amets.
Cristianek 1-0ekoa jarri zuen Pitaren paseari esker, baina atsedenaldira iritsi aurretik portugaletekoen berdinketaren ondoren eta tentsio handiko bigarren zati luze eta gogor batean, luzapenera iritsiko ginela zirudien. Baina 90. minutuan Lorearen asistentzia bikainari esker Beñat Eizagirreren golak, Txantrearen aurkako Las Rozaseko final handirako txartela ziurtatu zigun.
Final historikoa Las Rozasen
Maiatzaren 22ko eguerdi bero hura klubaren historian grabatuta geratuko da betirako. Final batek duen berezko tentsioarekin eta ehunka jarraitzaile beasaindarren presentziarekin, lehen zatiaren erdian Markel Pitari egindako penaltia Ximon Arangurenek 1-0ekoan biurtu zuen. Bigarren zatian, partidaren amaieran, Mikel Orbegozok, berari egindako penaltia gauzatu eta Orbek berak Lafuren pasea jasoz egindako hirugarren golari esker, 2. RFEFko taldea izateko txartela eman zigun.
Opor garaiaren ondoren eta aurredenboraldi gogor baten ostean, taldeak irailaren 4an -igandea-, estreinatu zuen maila berria Loinazen, Donibane-San Juanen aurka, hutsean berdinduz. Lesio izurritea izan arren, taldea maila altua ematen ari da uste baino kategoria gogorragoa den honetan. Urriaren 1ean -larunbata-, bosgarren jardunaldian Cirboneroren aurka, Aitor Loreak denboraldiko lehen garaipena eman zigun 1-0, merezitakoa.
Errege Kopa Sportingen aurka
Azaroaren 12an, arratsaldeko 6etan, Errege Kopako hitzordua izan genuen. Egun Bigarren Mailan dagoen Xixongo Sporting historikoaren aurka. Loinatz beteta egun historikoa. Bisitariak laster aurreratu ziren markagailuan Djuka Montenegroko nazioarteko jokalariaren golarekin, baina beasaindarrek berdinketa jarri zuten markagailuan Cristian Sanzen gol bikainari esker.
Bigarren zatian, Markel Pitak etxekoak aurreratu zituen, baina hurrengo kanporaketarako sailkatzeko ametsak bere horretan geratu ziren Cristian Rivera, Eibarreko jokalari ohiak, korner baten irteeran Sprotingentzat berdinketa sartu zuenean. Partidaren luzapena ekarri zuen honek.
Baina partidaren amaiera krudela izan zen guretzat. 121. minutuan penaltietara joango ginela zirudienean, Udinesek utzitako Cristo Gonzalez kanariarraren golak, beasaindarren ilusioekin amaitu zuen.
Lesioek baldintzatuta, emaitzak ez dira onak izaten ari, eta taldea jaitsierako postuetan dago. Baina gabonetako etenaldiaren aurretik jokatutako azken partidak ilusioa piztu digu. Hasierako hamaikakoan lehen taldeko 8 jokalariekin, Sestao River multzoko dominatzailearen aurka berdindu zen. Baikorrak gara, taldea indarberritzen joan ahala sailkapenean gora egingo dugu.
Bigarren taldea
Bigarren taldeari dagokionez, Preferente mailan denboraldi bikaina egin ondoren, merituak soberan egin arren, Ohorezko Mailara igotzeko zorian izan ginen. Denboraldiari ilusioz gainezka ekin zioten gure mutilek eta ziur gaude berriro ere helburua lortzeko borrokan egongo direla. Lehen taldeko lesioen izurriteak ere eragiten die, ohikoa baita lehen taldeko deialdietan bigarren taldeko 4-5 jokalari ikustea. Hala eta guztiz ere, eta azken jardunaldiko porrot mingarria gorabehera, taldea hirugarren da sailkapenean.
Jubenilak
Jubenil Nazionala joan den ikasturteko denboraldi bikaina hobetzen ari da pribilegiozko postuetan kokatuz. Sarrienan mendean hartutako Leioarekin batera liderrak dira, beraz, maila gorenera igotzeko kokatuta daude, eta hori ez zegoen aurre ikuspenetan.
Jubenilen bigarren taldea, denboraldi hasiera txar baten ondoren, iraultza betean aurkitzen da, beste urte batez mailari eusteko helburuari lotuta. Hainbat emaitza positibo lortu ondoren, eta denboraldiaren erdian, beren helburua lortuko dutela ziur gaude.
Kadeteak
Kadete mailako bi taldeei buruz albiste onak baino ezin ditugu emateko. Ohorezkoa, aurten ere, lehen postuetan dago, urte amaiera honetan. Pasa den denboraldian mailaz igo zen bigarren kadetea, maila berrian lehiatzen ari da. Sailkapeneko taularen erdian kokatuta itxura ona ematen ari da, beraz mailari eusteko helburua oso ondo bideratuta dago.
Infantilak
Zer esan dezakegu Infantiletako hiru taldeei buruz? Bada, bikain ari direla hirurak. Ohorezko mailakoa goiko postuetan beti, bigarren une honetan; Infantil Txikia denboraldi bikaina burututa, aurrekoa berdindu nahian. Txapelketako bigarren fasean bere multzoko liderra da bost jardunalditan lau garaipen eta berdinketa batekin eta Lehen Mailakoak lan bikaina egiten, bigarren euren taldean emaitza sinestezinekin; etxetik kanpoko azken partidan 0-18 irabazi zuten.
Ezin ahaztu Alebin taldeekin eta Futbol Eskolakoekin egiten ari diren lan ikusgarria.
Eta amaitzeko, merezitako aipamena eta omenaldia entrenatzaile, delegatu eta boluntario guztien lan handia azpimarratu eta eskertzeko. Klubari eskaintzen dioten denbora eta orduak txalogarria da. Beasain KEren harrobia osasuntsu eta sendo dirau.
2023 urte berri on guztioi!