ALBISTEAK

URRE OLINPIKODUN BERDINKETA

Beasain 0-0 Deustu

Golik gabeko partida, intentsitateak nagusi izan zen lehia batean. Partida hasi aurretik, omenaldi hunkigarria eskaini zitzaien Beasaingo harrobian trebatutako bi jokalari ospetsuri: Mikel Lasari eta Beñat Turrientesi. Biek ala biek, Realak gaztetan fitxatuak, joko olinpikoetan urrea lortzeagatik aintzatetsiak izan ziren eta ohorezko sakea egin zuten zaleen txalo bero eta merezia jasoz. Mikel Lasa, urrezko domina Bartzelonan 1992an, eta Beñat Turrientes, Parisen 2024an urrea irabazi berri duena.

Beñat Turrientes eta Mikel Lasa Urrezko dominekin

Une berezi honen ondoren, partida intentsitate handiarekin jokatu zen zelaian. Deustu, aurreko denboraldian igoerako playoffetako lehen kanporaketan aurkari izan genuena, beti berritzen den taldea da, uda bakoitzean bere jokalari onenak taldez eta askotan mailaz aldatzen direlako. Gure lehen taldea minduta iritsi zen Tabirako porrotaren ondoren.

Lehen minututik atzeman zen intentsitate fisikoagatik jokoagatik baino gehiago nabarmenduko zen neurketa izango zela. Deustuk, fisikoki oso talde indartsua, bere estiloa inposatu zuen kontaktu eta lehia bakoitzean, neurketa zelai erdiko benetako borroka bihurtuz. Bi taldeek lehen zatian abaguneak sortu bazituzten ere, azken metroetan asmatu ez izanak markagailua mugitzea eragotzi zuen. Beasain bere futbola inposatzen saiatzen zen, baina aurkariaren erritmo fisikoak partida kontrolatzeko edozein saiakera zailtzen zuen. Ziurrenik hori izan zen gehien falta bota genuena, bagoilariek jokoa kontrolatzea.

Bigarren zatian, neke fisikoa nabaritzen hasi zen. Hankak astun, aukerak are urriago bihurtu ziren eta jokoaren argitasuna nabarmen murriztu zen. Hala ere, intentsitateak ez zuen behera egin amaiera arte. Aukerak bata bestearen atzetik etorri ziren, baina zehaztasun falta eta atezainen geldiketak markagailua mugitzea eragotzi zuten.

Berdinketak sentsazio kontrajarriak uzten ditu. Beasainek puntu bat lortu zuen etxean, baina ezin izan zuen Deustu bezalako kalitatezko aurkari gogorra gainditu. Zelaian izandako futbol ikuskizunagatik baino gehiago, bertako bi pertsona handiren omenaldiagatik gogoratuko da partida hau.

Beste emaitza batzuk

Erregio Ohorezko Erregional Maila:

Hernani 2 – 1 Beasain (Iratz)

Jubenilen Euskal Liga:

Deustu 4 – 0 Beasain