IGARTZAK INSTALAZIOAK HOBETU ETA BELAR BERRIA ESTREINATUKO DU
Ohorezko kadeteak, Ordiziaren aurka jokatuko duen derbian estreinatuko du belar berria larunbatean goizeko 11etan
Josean Saizek
Asteburu hau ez da asteburu bat gehiago familia txuri-urdinarentzat inondik inora, oso egun garrantzitsuak dira Beasain KErentzat. Igartzako gure zelaiaren berrinaugurazioaz ari gara, hain zuzen ere gure Ohorezko Kadete mailako taldeak larunbatean goizeko 11etan Ordiziako taldearen aurka jokatuko duen derbian.
Denboraldi hasiera honetan, bat gehiago gure ehun urteko historian, bada azpimarratu nahi dugun gertakari garrantzitsu bat: karteldegiak esaten digu 10 taldek jantziko dutela gure elastikoa eta gure armarria defendatuko dutela, baina testuingurua jarri aurretik eta horretarako historia pixka bat egin baino lehen, memoria-ariketa bat egingo dugu.
1979an udal igerilekuak eraikitzeko Loinatz udal futbol zelaiaren ondoan zegoen zelai txikia eraitsi zenetik, Beasain KEk, arrakastarik gabe, zelai berri bat eraikitzea eskatu zuen bere harrobi lana egin ahal izateko. Harrobiko taldeak prestatzeko lekua izango zen hura, Klubaren bizitzan, garapenean eta sentimenduan funtsezkoa zena.
Eskari hura, ametsa esango nuke ia, 2002ko apirilaren 27an gauzatu zen azkenean. 23 urte igaro ziren, baina Igartzako zelaiaren inaugurazioarekin zerbait errealitate bihurtu zen. Denok dakigu denbora geldiezina dela, eta Igartza ez da salbuespena; horregatik, urte dexente baziren berrikuntza sakon baten premia zegoela, batez ere belar artifizialaren aldaketa. Zelaiaren zorua oso hondatuta zegoen hainbeste urteren ondoren, milaka eta milaka orduko erabileraren
ondoren.
Ilusioa da nagusi klubaren esparru guztietan. Obrarekin iritsi diren hobekuntzekin, gure harrobiko taldeek baldintza hobeetan lan egingo dute eta errendimendua askoz handiagoa izango da, ziur gaude horretaz. Gainera, hobekuntzen artean, ordezkoen aulki berriak, argiztapen hobea, ureztatzea, drainatzea, ate berriak, harmailetan segurtasuna eta ikuspena hobetzeko baranda eta sarrerako ate berria daude; baita baloiak babesteko sareak indartzea ere. Kosta ala kosta baina
lortu da eta oso pozik gaude.